Udalak eskoletako lanetara aurkezteko epea luzatu du

Guaixe 2022ko eka. 22a, 13:32
Bakaikuarrak solairua husteko auzolanean. @BAKAIKU_INFO

Interesa duten enpresek igandeko 23:59ra arte aurkez ditzakete eskaintzak .

Bakaikuko Udalak eskolak hartu zituen eraikinaren beheko solairua egokitu nahi du. Ezkerreko aldean haur eta gazte txokoa eginen ditu eta eskuinekoan, berriz, erabilera anitzeko gela. Bi eremu horien parean sarrera eta komunak egonen dira. Bakaikuko Udalak lanak emateko deialdia hilaren 12an despeditu zen eta hura luzatzea erabaki zuen, igande gauerdira arte aurkeztu daitezke lanak hartzeko eskaintzak. 

Udalaren asmoa da ere eraikin bereko lehen solairuan bi etxebizitza egitea. Horregatik, han auzolana egin dute, zeuden geletako paretak bota eta solairua hutsik uzteko. Bakaikuko Udalak jakinarazi duenez, bi hilabetetan, dagoeneko, bakaikuarren herenak egin du dagokion urteko auzolana. Besteak beste honako lanak egin dituzte: Dantzalarre dermioko garbiketa, hainbat belar mozketa, ludotekako gela txukundu eta materialez osatu. Udalak gogorarazi du bakaikuarrek auzolanak proposatzeko aukera dutela.