Garai batean eskolak hartu zituen eraikineko lehen solairuan hiru etxebizitza egin eta haiek gazteen alokairura bideratzea. Helburu hori du Bakaikuko alkate Egoitz Urritza Lazkozek eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilari Manu Aierdi Fernandez de Barrenak hilaren 3an sinatu zuten hitzarmenak. Adostutakoaren arabera Nafarroako Gobernuak Biziberri planaren bidez inbertsioaren erdia ordainduko du, bere enpresa publikoak, Nasuvinsak %35 eta udalak %15. Hitzarmenean jaso denez Nasuvinsa enpresa publikoak 12 urte eta 8 hilabetez kudeatuko ditu etxebizitzak, eta epea despeditzean udalaren eskura pasako da. Etxebizitzetan sartzeko lehentasuna gazte bakaikuarrek izanen dute.
Hori guztia gauzatzeko, hainbat lan egin behar dira eraikinean eta Nasuvinsak haiek emateko deialdia egin du. Lanak 286.159,82 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute, eta aurten hasi beharko ditu enpresa hartzaileak. Egitekoak despeditzeko, 243 egun, zortzi hilabete, izanen ditu enpresak. Nasuvinsak lanak emateko egin duen bigarren deialdia da, irailaren 14koaren ondoren lanak eman gabe utzi baitzituen.