Astekaria

Eskolak hartu zituen eraikinean alokairurako hiru etxe eginen dira

Guaixe 2022ko ira. 5a, 09:01

Eraikinean lanak hasi direla nabari da.

Udalak Nasuvinsarekin hitzarmena sinatu du. Horren arabera, bakaikuarrek lehentasuna izanen dute.

Eskola zen eraikineko lehen solairua hutsik dago gaur egun. Bakaikuarrek auzolanean hustu zuten. Udalak jakinarazi duenez, kisusgilak hara urtea despeditu aurretik sartuko dira. Haien egitekoa izanen da hiru etxebizitza eraikitzea. Alojamendu horiek 63 eta 67 metro karratu arteko azalera izanen dute. Hiru etxebizitzak babes ofizialekoak izanen dira, eta alokatu eginen dira. Hala jaso du Bakaikuko Udalak eta Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoak sinatu duten hitzarmenak. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak jakinarazi duenez, "Nasuvinsaren eta Nafarroako Gobernuaren kontura izanen da lanen aurrekontuaren zatirik handiena. Horregatik, Nasuvinsak hiru etxebizitzak 12 bat urtez kudeatuko ditu. Hala ere, hitzarmenean baldintza bat jarri dugu: etxebizitza horiek hartzeko lehentasuna bakaikuarrek izanen dute". 

Bitartean, eskola hartu zuen eraikineko beheko solairuan kisusgilak agorrilaren 18az geroztik daude lanean. Eta hala segituko dute Asfi enpresako langileek azarora arte. Ordurako despedituta izan behar dituztelako haur eta gazte txoko, erabilera anitzeko gela eta komuna egiteko lanak. Lanek 220.220 euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetatik Bakaikuko Udalak 125.000 euro zuzenean jasoko ditu, EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat onartu eta gero. Gainontzeko 95.220 euroak udalak ordainduko ditu. 

Alkateak azaldu duenez, "transferentzia bidez jasoko dugun diruarekin oinarrizkoak diren lanak eginen ditugu, azarorako justifikatuta egoteko. Eta udalaren diruarekin gainontzeko lanak", azaldu du alkateak. "Horrela, ia dena despedituko genuke", esan du Urritzak. Izan ere, uda aurretik despeditu ziren eraikineko teilatua berritzeko lanak. Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planean proiektua erreserban zegoen, eta beste udalen batek bere aukerari uko egin zionez, Bakaikuko Udalak 54.933,11 euroko dirulaguntza jaso zuen. Lanek 72.000 euro inguruko aurrekontua (BEZ kanpo) izan zuten. Bi lan horiekin aurten dagoeneko 292.200 euroko inbertsioa egin da eraikinean. Etxebizitzak egitea 230.000 euro inguru balioko du eta isolamenduak, berriz, proiektua egitean jakinen da, aurkeztutakoa estimazioa baita.  

Horiek guztiak eginda, Urritzak aurreratu duenez, "beheko solairuko pareten isolamendua eta leiho berriak jartzea faltako litzateke" gaineratu du. Isolamendu lan horiek egiteko Next Generation deialdi batera aurkeztu du proiektua udalak, eta erantzunaren zain daude. 

Bakaikuko estrategia plana 2019an onartu zuten bakaikuarrek eta hiru lehentasun markatu zituzten: etxebizitza, eskolen eraikina eta auzolana. Azken horren ordenantza onartuta eta indarrean dago. Eskolen eraikinari buelta handia ematen ari zaizkio, eta, neurri batean, eraikin horrekin etxebizitzaren gaiari ere heldu diote.