Auzolanerako izena emateko epea zabaldu du udalak

Guaixe 2023ko api. 19a, 09:33

Bakaikuarrak auzolanean iturria garbitzen. UDALA

Apirilaren 29an eta maiatzaren 13an, larunbatarekin, eginen dira, 08:00etatik 13:00etara.

Auzolanen ordenantzari jarraituz, Bakaikuko Udalak bi auzolan deialdi egin eta bakoitzean egin beharrekoen zerrenda jakinarazi du. Apirilaren 29rako honako lanak aurreikusi ditu udalak: frontoia margotzeko lanen segida, Iturrarte errekaren garbiketa, haurren parkeko hesiaren konponketa, ibaiko zubiaren baranda margotzea eta markesinaren margotu eta bernizatzea. Maiatzaren 13rako egitekoak, berriz, honakoak izanen dira: Altziturrietako bideko lanekin jarraitu, hilerriaren ingurua garbitzea, hilerriko teilatua konpontzea, basoko gaztainondoen garbiketa eta Goikolangako kanadar pasan obra egin. 

Bakaikuko Udalak jakinarazi duenez, auzolan baterako izena emateko sei modu daude. Batetik, udala@bakaiku.eus helbide elektronikora idatziz. Bestetik, 948 56 25 09 telefono zenbakira hots eginez. Beste aukera bat da Javier Zeberio edo Josetxo Kintanari esatea zein auzolanetan parte hartu nahi den. Nahi duenak udaletxeko idazkaritzara joan daiteke izena ematera. Izena emateko beste aukera bat da udaleko Whatsapp (622268161) zenbakira mezua bidaltzea. Eta azken aukera www.bakaiku.eus web orrian dagoen galdetegia betetzea da. 

Erlazionatuak