Zenbat Gara elkarteak Pilar Goñi Ondarra omendu zuen maiatzaren 13an. Euritan ari zuenez, Doneztebeneko, "pinuaren etxeko", jangela zabalean elkartu ziren denak. Lankide eta lagunek esker oneko testua irakurri zuten, dantzariek Goñiri aurreskua dantzatu zioten eta egunerako propio prestatutako bertsoa kantatu zioten. Argazkiak ez ziren falta izan. Goñik oroigarria eta lore sorta jaso zituen. Bakaikuko abesbatzak omenaldiari doinua jarri zion. Eta, halakoetan ohi denez, besarkadak, muxuak eta barreak izan ziren, hizketaldiak eta emozioak sorturiko negar malkoak ere. Elkarteko kideek azaldu dutenez, "luze jo zuen egunak, eta ingurukoen berotasunak hauspotuta, ekitaldi-egun gogoangarria izan zen, bertaratutakoen gozagarri".
Goñik "hamarkada luzea egin du Doneztebenea etxean lanean, baina langile nekaezinari heldu zaio ondo merezitako erretreta hartzeko unea". Goñik irakasle eta ikasleekin harreman estua izan du, eta denetariko izendapenak jaso dituela jakinarazi dute elkartetik: ama, amama, psikologo, irakasle, sukaldari, garbitzaile, laguntzaile, erizain, sekretuen eta konfidentzien gordailu… Elkartekideek adierazi dutenez, "lan, lan eta lan, besterik ez du ezagutu Pilarrek bizitzan. Gorputzean ezin kabituzko bihotz handiko emakume sutsua, indar betea eta irribarre konplizea darion Angoia auzoko bizilagun ilustrea, bizitzaren joan-jinean Juan Mari bikotearekin batera ‘tandem’ goxoa osatu duena". Barnetegikoek azaldu dutenez, "langintza eta ofizio guztiak bere gain hartu izan ditu azken hamarkada luzean. Bisitari eta turisten zaintzaz arduratu da eta beti izan du 'laguntza' hitza akzioan, ekintzan. Umore betean, irribarre etengabekoan".
Elkartekideek ez dute uste barnetegitik urruti ibiliko denik Goñi. Loreak ureztatzen, bazterrak txukuntzen… irudikatzen dute, "barnetegia bere etxea ere badelako; Pilar gure familiako kidea ere badelako". Bestela ere, Juan Mariren akordeoia entzutera eta Angoia auzoko beren etxe atarian berbaldi luzeak izatera joateko asmoa dute haiek, "egindakoak akordura ekartzera, memoriaren arkeologia goxoa egitera, baina ez eskatu ezkutatutako zerbait kontatzeko, izan ere, Bakaikun gertatzen dena Bakaikun geratzen da".