Katxarro Eguneko antolatzaileak

"Katxarro egunean zozketatuko dugun Cadya modan dago orain"

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 11a, 13:30

Jesus Aiestaran, Iñigo Zelaia, Haizea Galarza eta Saioa Zelaia.

Urriaren 14an VI. Katxarro Eguna ospatuko da Bakaikun. Jesus Aiestaran, Iñigo Zelaia, Haizea Galarza eta Saioa Zelaia antolatzaileek katxarro bitxiak eta sorpresa politak iragarri dituzte.

Nobedade gisa, arratsaldez DJ emanaldia izango da.

1. Zer da katxarro bat?
Erabilgarria den edozein traste. 

2. Zergatik hasi zineten Katxarro Eguna antolatzen?
Mota guztietako katxarro, trasteen eta klasikoen zaleak garelako, saltsero hutsak garelako eta Bakaikun “katxarrero” hutsak garelako: katxarro asko ditugu. 

3. Aurten seigarren edizioa izango da eta urriaren 14an 10:00etan hasiko da, klasikoen topaketarekin. Zer egongo da ikusgai?
Autoak, bizikletak, kamioiak, motorrak, lan tresnak, nekazal tresnak... Aurten trikitixa zahar batzuk ekarri behar dituzte, lan egiteko urrezko mailuak... denetarik. Katxarro batzuk aurreko edizioetan ikusitakoak dira, baina beti egoten da sorpresaren bat. 

4. Momentuz zenbat partaidek eman dute izena?
180 baino gehiagok. Azken egun hauetan izaten da mugimendu handiena, izena ematearen azken egunetan. Nafarroatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Arabatik datoz gehienak, baina Zaragozatik eta Soriatik ere bateon bat hurbilduko da. Sakandarrak, hogeiren bat inguru. Adinari dagokionez, klasikoen zaleak gazteak eta helduak dira, denetatik. Haurrak ere etorri izan dira, motorrekin. 

5. Zein da orain arte izan duzuen katxarrorik bitxiena?
Autoetan, agian 1935eko Austin Sever Ruby zahar bat. Baina oro har, katxarro guztiak dira bitxiak. Iturmendikoek behin ekarri zuten trilladora ere ederra izan zen. Aurten ere zerbait ekarriko dutela esan dute. 

6. Antolatzaileek, katxarroren bat eramango al duzue?
Hemen ditugun katxarro hauek –Bultacoa, Ossa, BMW autoa...– gureak dira eta ikusgai jarriko ditugu, jakina. Iruñetik Seat 600ak ekarriko dituzte, Sopelatik Volkswagen Karmann bat, Muruelo de la Sierratik (Soria) Seat 124 familiarra... Nobedade gisa eta zerbait aurreratzearren, oso zaharra den Ford T autoa ekarriko dute, ikusteko zaila dena. Zaragozatik sei gurpileko C15 autoa etorriko da, eta Formula bat eta Avia eta Mercedes kamioiak ere ekarriko dituzte. 

7. Auto elektrikoaz hitz egiten ari den honetan, halako klasikoak izatea geroz eta zailagoa da?
Izatea, ez. Lortzea, bai ordea. Oso kotizatuta daude. Eta piezak lortzea, autoaren arabera, zaila da. Zozketatuko dugun Mobylette Cady motorrak, esaterako, modan daude eta prezioa sekulakoa da. Vintage edo klasikoa den guztia geroz eta garestiagoa da. 

8. Nondik ekarri duzue zozketatuko duzuen Mobyllete Cadya?
Leitzatik, aiton batena zen. Bitxia da, palanka letra idatziz markatuta du: “abierto, cerrado, reserva”. Paperak indarrean ditu eta ITV-a pasatu du. Beraz, txartelak erosi eta tokatzen zaiona motorrean ibili ahalko da lasai asko. Orain arte Velosolex motorrak zozketatu izan ditugu. Motor hauek Eibarren egiten ziren, eta motorra aurreko gurpilean zuten. Hasieratik hasi ginen katxarroren bat zozketatzen, eguna girotzeko, jendea tentatzeko eta, azkenik, hurrengo edizioak aurrera atera ahal izateko. 

9. La Casa de Papeleko Ahikar Azcona aktoreak ere Katxarro Eguneko zozketa iragarri du bere Sare Sozialetan.
Ahikar motorzalea da, eta Iñaki Viñarasekin etorriko da, bazkal ondoren Bakarrekoetxea elkartean musika jartzera. Discodelia DJ taldea osatzen dute, eta hileta auto klasiko batean hurbiltzen dira euren musika sesioak eskaintzera. Orain arte, goizeko topaketaren eta autoen ibilbidearen ondotik, herri bazkariarekin despeditzen zen Katxarro eguna (bazkarirako sarrerak salgai daude 680 825 557 telefonoan edo Instagramen). Baina, aurten, eguna luzatzeko gogoz, 18:00etatik 2:00ak arte Discodelia DJ taldearekin musika egongo da elkartean.

10. Zein izango da auto klasikoek eguerdian Sakanan egingo duten ibilbidea?
Normalean Lizarrusti aldera edo Lizarraga aldera jotzen dugu, Arruazuraino heldu izan gara... ikusiko dugu. Argazkilariarekin adosten dugu, argazkilari batek ibilbidean ibilgailu guztiei argazkia ateratzen dielako. Argazki hori hurrengo urtean bidaltzen diegu, gonbidapenarekin. Detaile polita da, eta eskertzen dute. 

11. Jende asko hurbiltzen da Katxarro Egunera bueltatxoa egitera.
Bai, normalean herria betetzen da. Espero dezagun aurten ere eguraldiak laguntzea eta hala izatea. Jendea anima dadila, katxarro kuriosoak ikusiko dituztelako. Ziur ere bazkarian eta DJ emanaldian giroa primerakoa izango dela. 

Erlazionatuak

Katxarroak Bakaikun

Guaixe 2023 urr 11 Bakaiku