MOTORRA

Katxarro Eguna, festa klasiko erraldoia

Guaixe 2023ko urr. 23a, 10:00

Altxor ederrak bildu ziren Bakaikun.

Aurreikuspen guztiak beteta, 260 katxarro baino gehiagok parte hartu zuten urriaren 14an Bakaikun antolatutako VI. Katxarro Egunean. Bakaiku txiki geratu zen ibilgailu klasikoak ikustera hurbildu ziren zaleendako

Bakarrekoetxea elkarteak Katxarros de Madera laguntzarekin urriaren 14an antolatutako VI. Katxarro Eguna Klasikoen Topaketa baino askoz ere gehiago izan zen: festa egun potoloa. Izena emateko epea itxi baino astebete lehenago 180 partaide zeuden izena emanda eta, hortaz, parte hartze handia espero zen. Baina ez horrenbestekoa. 2019an egin zen azkeneko Katxarro Eguna, pandemia aurretik, eta orduan 197 parte hartzaile izan ziren. Larunbatean, Katxarro Egunaren bueltan 200 inguru espero ziren eta, azkenean, 260 parte hartzaile baino gehiago izan ziren. “Dagoeneko kontua galdu dugu” azaldu zuten antolatzaileek, pozik. 

Denetariko auto, moto, kamioi, bizikleta, lan tresna eta jostailu zahar ikusi ahal izan ziren Bakaikuko kaleetan. Baita trikitixa zahar eta klasikoak ere. Horretaz gain, Bakaikuko kamioilarien argazki zaharrak jarri zituzten ikusgai, herriko txoferrak gogoan. 260 katxarro baino gehiago zeudenez, Bakaikuko plaza eta eliza pareko kaleez gain, Galtzada kalean eta ondoko lursail batean aparkatu behar izan zituzten katxarroak. 

Altxorrak
Denetariko altxorrak zeuden. Zazpi kamioi klasiko, tartean bere garaian Alemaniako poliziak mugetan erabiltzen zuen Mercedes kamioi berde ikusgarria, Jesus Miguel Amoztegui altsasuarrarena, edo 1946ko GMC kamioia, Normandiako lehorreratzean parte hartu zuena eta Ignacio Urbitarte etxarriarrarena dena. “Gasolinazkoa zen, baina gero diesel bilakatu zuten Barreiros motorra jarri ziotenean”. Ikusgarriak ziren, halaber, hasierako Volkswagen California furgoneta mitikoak, eta baita sidecar grisa ere. Autoetan, 1922ko Ford T autoa eta 1935ean Iruñean matrikulatutako Seven Rubi auto ingelesa izan ziren berezienak, Jaguar eta Renault Alpineekin bestelako autoekin batera: Seat 600, 850 eta 124, Simcak, Citróen 2 CV, sei gurpileko C15a.... Denetatik, Bakaikun bildu ziren ehunka zaleendako gozagarri. Ibilgailuen nagusiak euren autoek sortu zuten ikusmin eta arretarekin kontentu, eta baita ikusleak ere. “Bizkaitik etorri zarete? Bai, auto hauekin edonora joan gaitezke” korro batean. “Seat 600 honek 90 kilometroko gehieneko abiadura du” bestean. Eta halakoak. 

Bizikleten eremuan, plazan, hasierako bizikletak eta 60ko eta 70eko hamarkadetan etxe gehienetan zeuden BH, G.A.C eta Torrotak jarri ziren ikusgai. Parkea, aldiz, motorren gunea bilakatu zen. Bultaco, Moto Guzzi, Ossa, Ducati, Vespa... eta bestelakoak. Baita Mobyllete Cadya ere, antolakuntzak zozketatu zuena. Zozketarako txartelak agortuta, Katxarro Egunean parte hartu zuen kide bat izan zen onuraduna. Pozez zoratzen igo zen motorrera. Gorka Arbizuk katxarro zaharrenaren saria jaso zuen, 1923ko Ford T autoari esker. Zaragozako Casetaseko Paco Romanek urrutienetik hurbildutako katxarroaren saria jaso zuen, eta katxarro berezienaren saria Arana Sport taldeak jaso zuen, Terentxo eta Iñaki anaien 1935eko Austin Seven Rubi autoari esker. 

Paseoa
Ondoren ibilgailu guztiek ibilbidea egin zuten elkarrekin, bildutakoen txalo zaparrada artean: Etxarritik Lizarrustiko bidea hartu zuten, Lizarragabengoa pasa eta Arbizutik Iturmendiraino joan ziren, buelta hartu eta Bakaikura heltzeko. 

Bakaikuko Katxarro Egunera jende asko gerturatu izan da beti, baina aurtengo edizioak errekorrak apurtu zituen. Sakandarrak ziren asko, baina Euskal Herri osoko zaleak hurbildu ziren Bakaikura, katxarro eta traste zaharren artean kuxkuxeatzera, eta baita Zaragoza eta Soriako jendea ere. ETB eta Navarra Televisionek ere ekimena jaso zuten. 

Bazkaria eta Discodelia DJ
Bakarrekoetxea elkartean 136 pertsona bildu ziren herri bazkarian. Arratsaldean Discodelia DJ taldeko Ahikar Azcona eta Iñaki Viñaras euren funeraria klasikoan hurbildu ziren elkartera, euren musika sesioa eskaintzera. Ordu txikiak arte iraun zuen katxarro klasikoen festak. 

Dagoeneko hurrengo urtera begira daude antolatzaileak, aurtengoaren balorazio ezin hobea eginda. “Oso kontentu gaude, oso eskertuta, Bakaikura hurbildutako parte hartzaile eta ikusleen kopuruagatik. Aurreikusitakoa gainditu dute, alde handiz” azaldu zuten Jesus Aiestaranek, Haizea Galarzak, Iñigo Zelaiak eta Saioa Zelaiak. Horrek datorren urtekoa prestatzeko “ilusio handiagoa sortzen du” gaineratu zuten.