Udalak argiteria publikoa berritzeko lanak eman ditu

Guaixe 2024ko ots. 6a, 11:18

Bakaikuarrak jolas parkean. Erdian farola bat. ARTXIBOA

Lanak Electricidad Fija SMU enpresa hartu ditu 98.687,6 euroren (BEZ barne) truke. Lanak egiteko hilabete izanen du.

Bakaikuko argiteria publikoa garai batekoa da eta gabezia batzuk ditu. Esaterako, gaur egun dauden bonbillek errendimendu eskasa eta argi kutsadura handia sortzen dute. Udalak berritzea beharrezkotzat jo du arazo elektroteknikoak eta luminoteknikoak ezabatzeko eta argiteria publikoko instalazioetan energia eraginkortasuna hobetzeko eta kontsumoa murrizteko. Berrituta, argiteria publikoak egungo eta etorkizuneko beharrei erantzunen die.

Herrian dauden 214 argietatik 203 aldatuko dira eta LED argiak jarri. Argi-puntu berriei energia aurrezteko sistema bat emango zaie, aurrez programatutako puntuz puntuko erregulazio baten bidez. Horrekin batera, herriaren beheko eta goiko aldeko bi aginte zentroak egokitu eginen dituzte, indarrean dagoen araudiaren araberako elementuak ordezkatuz edo sartuz. Eta gaintentsio iragankorrak babesteko elementuak instalatuko dira. Aldi berean, software bidezko monitorizazio sistema bat ezarriko da, etengabeko eta urruneko jarraipena bermatuko duena, energia kontsumoaren kontrola, eragiketa eta instalazioaren mantentze lanak errazteko. Azkenik, argiteria publikoarendako mantentze plana ere diseinatuko da. 

Bakaikuko Udalak lan horiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Berreskuratze eta Erresilentzia Mekanismoaren bidez finantzatuko ditu, zehazki, Dus 5000 programaren bidez. Udalak 137.000 euroko dirulaguntza jaso du. 

Erlazionatuak