Astekaria

"Garabia baten bizia oso luzea da, 50 urtera irits daiteke"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko uztailaren 16a

Enpresako eta erakundeetako ordezkariak lantegiaren aurrean. UTZITAKOA

GH Cranes & Components enpresak Gipuzkoatik kanpo egin zuen aurreneko lantegia Bakaikukoa izan zen. Hark 50 urte bete ditu. Jose Antonio Guerra Altuna eta Alexander Guerra Aranburu GHko zuzendaria orokorra eta komertziala dira. 

Bakaikuko lantegia bere 50. urteurrenean ikusarazteko ekitaldia egin zuten joan zen ostiralean. Bakaikukoa penintsulako merkaturako egoitza zentrala da. Gainera, "Bakaikun lan egiteko modua da kanpoko lantegietara esportatzen duguna". Enpresak Bakaikuko lantegirako hainbat proiektu ditu. 


Alexander Guerra Aranburu eta Jose Antonio Guerra Altuna. 

GHren lantegi bat Bakaikun. Zergatik?
Alexander. Beasainen hasi ginen 1958an. Hangoa handitu beharra genuen. Inguruan ez zegoen lursailik. Bila hasi eta hemen bukatu genuen. 

Joan zen urtean lantegia berritzeko lanak egin zenituzten. 
Jose Antonio. Urte asko daramagu hemen. Azken urteetan inbertsio gehiago egin ditugu kanpoan hemen baino. Egin diren gauza guztiak hemendik kanpo egin dira. Duela bizpahiru urte esan genuen barrukoak ere berritu behar zirela. Bakaikukoa zen beharbada okerren edo gauza gutxien egindako zentroa zen. Modernizatzeko, garbitzeko eta ongi jartzeko erabakia hartu zen. Lehendabiziko gauza izan zen teilatua aldatzea (amiantoa kentzea). Joan zen urtean erdia aldatu zen, eta aurten beste erdia aldatuko da. Kanpoko itxura garbitu eta makina zaharrak aldatu genituen. Horretan gabiltza. 

A. Teilatuan eguzki plakak jartzeko aukera mahai gainean dago. Altsasuko lantegian probarako jarri genituen batzuk. Ea zer ematen duten. 

Bakaikuren aldeko apustua da?
A. Bai. Azken finean, hemen lana ateratzen da. Eta hemengo jendeari erakutsi behar zaio hemen ere inbertitzen dugula. 

Zenbat langile daude Bakaikun?
J.A. 80-85 langile inguru.  

Langileak bilatzeko, zer moduz?
A. Gaur egun zailtasun handia dago teknikariak-eta aurkitzeko. Lan pixka batekin opatzen da, kostata bada ere, momentuz jendea aurkitzen ari gara. Gutxienez Lanbide Heziketako goi mailako zikloa behar dute. Soldatzaileak, galdaragileak eta elektrikariak daude tailerrean. 

Zer egiten da Bakaikun? 
J.A. Beasain, Bakaikun eta Altsasuko lantegien artean zubi-garabiak bukatzen dira. Nagusia Beasainen dago. Bakaikuko lantegia galdarategi handi bat da. Habeak-eta egiten dira. Gainera, zubi garabi batzuk hemen bukatzen dira. Altsasukoa mekanizatzeko lantegia da. Han zubi garabien beste parte batzuk egiten dira. 

Errailen gainean mugitzen zen garabia kendu zenuten. Halakorik egiten segitzen duzue?
A. Bai. Munduan barna asko saltzen ditugu, eraikuntzarako, obretarako, tunelak zulatzeko makinak eta halako kargak mugitzeko... Hemengo zaharkituta zegoen eta kendu genuen. Etorkizunean erabakiko da beste bat jarri edo ez. Sinbolo bat zen.   

Mantentzea eskaintzen duzue?
J.A. Hala da. Oso negozio garrantzitsua da hori guretako. Garabia baten bizia oso luzea da, lasai-lasai 50 urtera irits daiteke. 

Teknologiaren aurrerapenak?
A. Bai, berrikuntzak iritsi dira. Azken berrikuntzekin garabia guztiaren funtzionamendu dena mugikorrean, aplikazio edo Interneteko plataforma batean monitorizatu dezakezu. Horrekin ikusi dezakezu garabiak zenbat ziklo, altxatze egin dituen. Dagoeneko 4.0 eta 5.0 industria sartzen goaz pitteka. Horrek laguntzen du higadurak non dauden zehazten, zenbatean gerta daitekeen higadura edo matxura hori. Joan aurretik zer egon daitekeen hautsita badakizu, eta prestatuta joan zaitezke.  

Ikerketa eta garapena baduzue?
A. Bai, gure Beasaingo plantan dugu. Beraiek monitorizatzen eta ikerketa horiek egiten dituzte. Garrantzitsua da ikerketan inbertitzea. Gure apustuetako bat da. Inbertsio horiek egin behar dira, etorkizuna hortik heldu da. 

Lehengaiak eskuratzeko, zer moduz?
J.A. Alde horretatik ez dugu arazorik. Orain dela hiru urte hornigai elektrikoen krisia izan zen. Baina ditugun hornitzaileek lehentasuna eman ziguten eta nahiko ondo erantzun genuen. Lehiakide batzuek beraien produktuak emateko epeak, beharbada, sei astetik hogei astera pasa ziren. Baina gu, gutxi gorabehera, lehengoan mantentzea lortu genuen. 

Muga zergak, gerrak... Eragiten dizue?
A. Ziur baietz. Halakoek asko kaltetzen dute. Jendea ez dago lasai, zer gertatuko den ez dakite. Ondorioz, ez dute behar bezain azkar erabakirik hartzen. Badaude proiektuak, baina erdi geldituta, erabaki zain daude. Badirudi merkatua motelaldi batean dagoela. Donald Trumpek muga zergen iragarpena Aste Santuan egin zuenetik pixka bat nabaritu da erabakiak ez hartzea. Ea zenbat irauten duen. Espero dut motza izatea. 

Nora saltzen duzue? 
J.A. 70 herrialde baino gehiagotara. Herri batzuetara esportazioa egiten dugu. Beste herrialde batzuetan merkataritza bulegoa edo ekoizpen planta daukagu (AEB, Mexiko, Brasil, Polonia eta Saudi Arabian). 

Zer aurreikuspen dituzue?
A. Beste horrenbeste urte, edo gehiago jarraitzea. Merkatua hobetzen edo egonkortzen joanen dela uste dut.   

J.A. Lanean segitu behar da. Hobe hain epe luzeko helbururik ez jartzea. Egunetik egunera, futbolean bezala.