Aurten bost gazte bakaikuar dira kintoak: Unai Zelaia Gorrotxategi, Sugaitz Nehuen Bumiller Ormazabal, Iraitz Ariz Gerriko, Luna Lopez Lizarraga eta Elene Andueza Zelaia. Haiekin batera kinto ospakizuneko protagonistak bosna kinto gazte eta kinto zahar izan ziren.
Egun handia larunbata izan zen. Kintoak, baserritarrez jantzita atera ziren kalera, eta etxez etxeko eskeari ekinen diote goizean. Herriaren beheko aldetik gora egin zuten eskean. Errepidea akaberarako utzi zuten. Autoren bat pasatzen bazen, geldiarazi eta dirua eskatu zioten. Jarduna alaitzeko trikitilari eta pandero joleen laguntza izan zuten. Haiekin eskuzabal zirenei gazta, txorizoa eta ardoa eskaini zieten.
Hainbat kintadatako bakaikuarrek bat egin zuten kinto ospakizunarekin. Gainera, adin guztietako kintoek elkarrekin bazkaldu zuten Bakarrekoetxea elkartean. Sagardotegi menua izan zuten eta mahaiaren bueltan adin guztietako 52 bakaikuar elkartu ziren.
Kinto bakaikuarrak jendaurrean dantzatzera garileko festetan aterako dira. Festei hasiera ematen dien etxajuak eztanda egin ondoren Bakaikuko zortzikoa dantzatuko dute. Behar bezala dantzatzeko garagarrilean hasiko dira dantza entseatzen.