Urriaren bigarren asteburuak hitzordu berezia dakar: Katxarro Eguna. Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteak makina bat laguntzailerekin batera antolatutako klasikoen topaketak aurten IX. edizioa zuen, eta urtetik urtera sendotzen doa. Topaketa antolatzen hasi zenetik parte hartzen duten auto, motor, traktore, kamioi, bizikleta... eta bestelakoez gain, aurten perla berriak ikusteko parada izan zen, eta nolako trasteak, gainera! Antolakuntzatik aipatu dutenez, 300 katxarro inguru bildu ziren Bakaikun.
Goizean goiz Bakaikuko plazan eta inguruko karriketan aparkatu zituzten klasikoak: motorrak parkean, bizikletak Bakarrekoetxea elkartearen parean, kamioiak Elizazpi kalean, eta gainontzeko auto eta traktoreak inguruko kaleetan barna. Ikusle asko bertaratu ziren, eta ez zuten klasikoak kanpotik eta barrutik xehetasunez ikusteko aukera galdu. Jabeek gustura eman zituzten azalpenak, eta kontu-kontari, klasikoen mundu honetan ibiltzen direnen artean harreman handiak sortu ziren.
Seat, Citroen eta Renault klasikoak, auto deportiboak, lasterketetako autoak, BMWak, Vespa mitikoak, motor klasikoak, Ebro traktore zaharrak... denetatik bildu zen Bakaikun, bakoitza bere historia bereziarekin. Arreta gehien piztu zuenen artean zegoen Goyo Azkargorta iturmendiarrak berriki eskuratu zuen 1977ko Lincoln Continentala. Mexikora joandako Ejea de los Caballeroseko gizon batena omen zen, jubilatutakoan handik ekarri zuena. Hiltzean ezagun batek erosi, eta Azkargortak pala hondeatzaile baten truke eskuratu zuen. Autoak ia 6 m luze ditu luzeran, eta oraindik ere luxuaren adierazlea da.
Festa polita izan zen, urtez urte egutegian indartzen doana. Antolakuntzakoak, "oso pozik"
Saridunen poza
Katxarro zaharrenaren saria, atzera ere, Gorka Arbizu iturmendiarraren 1923ko Ford T-ak lortu zuen; katxarro bitxienaren saria, Ignacio Urbitarte etxarriarraren armadako Pegaso kamioiak; eta urrutienetik iritsitako katarroarena, Espinosa de los Monterosetik etorritako Iñigo Vicancorendako izan zen. Horretaz gain, antolakuntzak hiru motor zozketatu zituen. Mobylette Cadya, kanpotar bati tokatu zitzaion, Honda, gasteiztar bati eta Mecatecnoa, bakaikuar batek eskuratu eta etxean geratu zen. Sari ematea bukatuta klasikoek ibilbide polita egin zuten Sakanan barna eta bazkariarekin eta Vita Discodelia DJ-rekin despeditu zen festa.