1. Noiz sortu zen Motxila 21 taldea?
Ainhoa Lizarraga: Orain dela hamaika urte sortu zen banda, 2005. urtean, hain zuzen ere. Down elkartean Mari Jose, Borjaren (musika taldeko kidea) ama eta ni askotan elkartzen ginen. Neska-mutil hauek musikako klaseak izaten zituzten, baina talde moduan ez zuten lantzen eta guk alde horretatik hutsunea ikusten genuen. Talde moduan ikusten genuen gehiago goza zezaketela musikaz eta ideia horretatik abiatu ginen. Lehenengo urtea nahiko nahasia izan zen, ez genekielako nondik jo, eta urte baten buruan Mikel Barrenetxearekin harremanetan jarri ginen hark perkusio ezagutzak zituelako. Pixkanaka pixkana, geroz eta instrumentu gehiago sartu genituen eta jende gehiago, taldea forma hartuz joan zen alegia. Hamaika urte hauetan abesti asko sortuz joan gara.
2. Nola osatu duzue banda urte hauetan?
Andoni Zilbeti: Hasiera batean erritmo oinarri bat sortzea zen gure helburu nagusia. Horretarako bateria bat zatika sortu genuen, bonboa alde batetik, tinbalak beste batetik, eta gero kaxak. Instrumentu hauek landu egin genituen erritmo oinarria lortu genuen arte. Horren gainean melodiak sartu genituen eta, hori dena uztartuz Zaratrusta abestia egin genuen. Baxua, gitarra eta akordeoia sartu genituen, eta Queen-en We will rock you abestia egin genuen. Pixkanaka talde baten forma hartzen joan ginen.
AaL: Lehenengo urte hartan, abesti batekin egin genuen lehen kontzertua, Zaratrustarekin, Down elkarteko eguberriko festan. Izugarria izan zen guretako gure lehen kontzertu hura. Aintzanek adibidez, saxofoia jotzen du.
Aintzane Lizarraga: Bai, taldean hiru saxofoi-jole gara. Guk notak koloreekin irakurtzen ditugu, nota bakoitza guretako kolore bat da. Abestiaren erritmoa segitzeko bi pertsonek laguntzen digute.
3. Asko aldatu al da taldea hamaika urte hauetan?
AZ: Taldeko kide guztiak Nafarroakoak gara. Hasiera batean, Ainhoa Irusta, gero Miriam Razkin Dorraokoa, El Drogas, Piñitas, horren ondoren Gabri etorri zen, gaur egun baxua den Xabi, Pollito, Bidarte saxofoia jotzen, Joxe Landa sartu zen baita ere, Marea taldeko Kutxi ere kolaboratzen ibili da. Aipatutako musikariek abesti batzuk egin dizkigute. Osotara, bandaren izenak dioen bezala hogeita bat gara.
4. Zenbat aldiz elkartzen zarete entseatzeko?
AaL: Astearte guztietan denok elkartzen gara. Normalean 19:00etan biltzen gara eta 21:00 inguru arte egoten gara entseguetan. Aurretik bolontarioak abesti berriak ateratzen egoten gara, 17:00ak aldera. Jende asko dagoenean, badakizu, dena pixka bat kaotikoa bihurtzen da, baina 11 urte hauetan guk aurrera jarraitzen dugu, gustura eta ilusio handia dugulako.
AZ: 19:00etan denak elkartu aurretik abesti berriak egiten saiatzen gara, bestela gero denok biltzen garenean zailagoa da. Behin denak elkartzen garenean errepertorio guztia entseatzen saiatzen gara.
5. Momenturik berezienak kontzertuak al dira?
AZ: Noski, talde guztientzat bezala. Azkenean entseguak politak dira, baina, motibazio gehien ematen duena kontzertua da.
AaL: Orain dela bi urte Gabrirekin kontua egin genuen, eta berrogeita hamar kontzertu zenbatu genituen. Azken bi urte hauek gehituz, hirurogeita hamabost bat kontzertu emanen genituen osotara. Sakanan, Dorraon, Altsasun egon gara, eta aurten garagarrilean Etxarri Aranatzen izanen gara.
6. Modu berezian gogoratzen duzue kontzerturik?
AaL: Niri sentsazio berezia sentiarazi zidan kontzertua Gaiarren emandakoa izan zen. 2009. urtean eman genuen kontzertu hura. Gure lehendabiziko kontzertu handia izan zen, hango soinua, lekua, oso-oso berezia izan zen. Akustika oso ona izan zen, eta oso ongi pasa genuen denok.
7. Asteburu honetan Altsasuko Iortia kultur gunean Motxila 21, live, zuzenean, en vivo! eskainiko da, noiz sortu zen egitasmo hau?
AaL: Dokumentala Iñaki Alforjak egin du eta egilearena izan zen ideia. Taldearen inguruan dokumental bat egitearen ideia buruan zeukan, baina ez zekien oso ongi zein norabide eman. 2013ko agorrilean Londonera bidaiatzeko aukera izan genuen, eta momentu horretan bonbila piztu egin zitzaion Iñakiri. Bidaia ardatz hartuz ideia polita iruditu zitzaion dokumentala egiteko.
8. Nola sortu zen Londonera bidaiatzeko aukera?
AZ: Ingalaterran, Autistix izeneko talde bat dago. Autistix taldeko kide bat eta bere gurasoak Getariara oporretara etortzen ziren, eta Motxila 21en berri izan zuten, eta horren ondorioz gurekin harremanetan jarri ziren. Momentu horretan, guk beste talde batekin elkar-truke bat egin nahi genuen, eta beraiekin egitea bururatu zitzaigun. Hizketan hasi ginen, diru-laguntza bat eskatu genuen, eta 2013ko maiatzean Autistix taldea hona etorri zen eta hainbat kontzertu elkarrekin egin genituen.
9. Nolakoa izan zen Londoneko bidaia?
AZ: Oso polita izan zen baina aldi berean oso neketsua. Oso esperientzia polita izan zen guretzat, London ezagutu genuen, haiekin harremanetan egon ginen. Ia egunero kontzertuak genituen, egunero autobusean gora eta behera, alde horretatik oso nekagarria izan zen. Oso esperientzia aberasgarria izan zen eta batez ere gure taldeko neska-mutilendako. Bi taldeen arteko harremana, oso berezia izan zen, ez dute hizkuntza berdina erabiltzen, eta hala ere oso hartu eman berezia izan zuten.
AeL: Asko gustatu zitzaigun beste talde batekin harremanetan egotea. Eta nahiz eta hizkuntza berdina ez hitz egin, begirada eta keinuen bidez oso ongi ulertu ginen.
10. Noiz izan zenuten dokumentalaren estreinaldia?
AaL: 2015eko abenduan izan zen. Golem zinemetan izan zen estreinaldia. Taldeko hamabi neska-mutilak limusina batean iritsi ziren, eta han bildu ginen jende guztiaren artean pasabide moduko bat egin genien. Dokumentala eman ondoren hitzaldi moduko bat egon zen, eta oso interesgarria izan zen. Estreinaldia abenduan izan zen, eta ondoren Antsoainen egon da, asteburu honetan Altsasun egonen da, eta gero Erribera aldean ere izanen da. Uharten ere izanen da aurrerago, eta Madrilen ere izanen da aukera dokumentala ikusteko.
11. Ze nolako harrera izan du dokumentalak?
AaL: Jendeari asko gustatu zaio orokorrean, Motxila 21 Down sindromea duten hamabi neska-mutilek osatzen dute eta bederatzi boluntariok. Hamabi neska-mutil hauek dira dokumentalaren protagonistak, beraien ilusioa, zer sentitzen duten, guzti hori dokumentalean agertzen da eta oso interesgarria da. Normalean ikusten ez ditugun gauzak dokumentalean ageri dira. Barruko gauza horiek ateratzen artista da Iñaki Alforja dokumentalaren egilea. Gaur Iñaki Alforja eta taldea Altsasun izanen dira.