1. Zerk erakartzen zaitu meteorologiaz?
Beti gustatu izan zaigu elurra, euria, eguraldi txarra eta ona... Beti egon da afizioa. Mendian ibiltzeko eta gauza asko egiteko eguraldia kontuan izan behar da. Eskiatzera joateko ere jakin behar da elurra non egin duen, nondik egiten duen, non egin duen gehiago eta abar. Beti izan dugu txirrinta. Dorraon kristoren afizioa dago. Eguraldia, meteorologia eta klimatologia. Azkenean leku batera joaten garenean, Pirinioetara edo Alpetara, jakin nahi dugu bertako klimatologia zein den, zenbat euria egiten duen. Horretan fijatzen naiz beti.
2. Estaziorik baduzu?
Bai. Aspaldi izan nuen. 2003an hasi nintzen Dorraoko datuak hartzen eta hautsi egin zen. Lanera kanpora joan nintzen, Gipuzkoa aldera, eta duela bi edo hiru urte jarri nuen berriz; bat Gipuzkoan eta bestea Dorraon.
3. Estazioen arteko datuak alderatzen dituzu?
Inguruan beste estazio batzuk ere badaude: Goñin, Lezaunen, Leitza inguruko herritan... Unanuko lehengusu batek badu bere estazioa eta beti konparatzen dugu. Altsasukoarekin ere alderatzen dut. Borroka dago Altsasurekin, euri gehiago egiten duen edo gutxiago egiten duen. Haizearen araberakoa da, azkenean. Langar egun gehiago egoten da Altsasun, baina zaparrada fuerteagoak Etxarri, Lakuntza eta Dorrao alde horretan. Mendi gehiago dagoelako.
4. Eguraldiari erreparatuta, zuretako nola doa urtea?
Oso hezea. 2013 baino zertxobait lehorragoa, baina hezea. Nik dauzkadan erregistroetan bigarren hezeena. Aurreko urtea nahiko lehorra izan zen, baina normalean prezipitazio asko egoten dira. Hemengo klima transiziozkoa da, atlantikoa. Beraz, toki hezea da.
5. Meteorologiari buruzko web orriren bat segitzen duzu?
Bai, dexente. Denbora gutxi egoten naiz orain, baina bai. Mendietako eta meteorologiako web orriak. Frantsesak oso onak dira modeloak ikusteko. Metociel frantsesa, esaterako, oso ona da modelo guztiak ateratzen direlako eta estazioen momentuko datuak ikusi daitezkeelako. Meteoclimatik-en estazioa jarrita neukan, baina azkenaldian nahiko gaizki doa Interneten gora beherak direla-eta. Oso orrialde ona da azken orduko datuak ikusteko, eta asko ikasten da. Azkenaldi honetan Twitter.
6. @Inakili zara Twitter sare sozialean.
Ez nuen Twitter ezagutzen, eta ezagutu nuen eta ni bezalako afizioa duen jendea zegoela ikusi nuen. Datuak ikusteko eta kuriosidadeak egoten dira. Momentuan gertatzen ari dena ikusten dut. Batek jartzen du Pirinioetan halako tokitan metro bete elurra dagoela, eta aukera izanez gero eskiatzera joan daiteke. Uneoro leku bakoitzean dagoen giroa jakiteko a aukera ematen du. Neuk ere elur maila elkarbanatzen dut, zenbat egin duen San Donaton, zenbat Aralarren... Horrela, norbaitek mendira joan nahi izatekotan, jakin dezake nola dagoen.
7. Telefono mugikorrean eguraldiari buruzko aplikazioak dituzu?
Ez. Orokorrean dena ikusten dut lau edo bost web orritan. Mugikorra azkenean lanerako erabiltzen dut eta ez dut asko begiratzen. Aplikazio gehienak ez dira onak. Ez dituzte kontuan hartzen faktore guztiak: mendia den, bailara, haizeak jotzen duen... ez da hain erraza. Aemeteko orrialdean jartzen duzu Ergoienako eguraldia eta ez du ezertarako balio. Beste faktore batzuk kontuan hartu behar direlako ere. Gaur egun jende guztia da meteorologoa. Telefonoan ikusi zer eguraldi eginen duen eta denek dakite. Gauza asko kontuan hartu behar dira.
8. Entzian, Legaireko zelaietan pasatakoaren berri izanen duzu. Halakoak nola sortzen dira?
Horrek desengonkortasun handia behar du. Goian hotz handia eta gero hori berezia izan zen kristoren kumulua sortu zelako. Konplexua da. Nik ez dut ideia handirik. Ipar haizearekin oso erraza da gure herrian zer eguraldi eginen duen aurreikustea. Baina behin hego mendebaldea edo gaztela sartzen dela, gauza asko konplikatzen da. Han hori gertatu zen, ekaitza hego mendebalde gaztelatik sartu zela eta Gasteizko mendietan erreaktibatu zen. Kumulua normala ez zen izan. Urbasa eta Handian izan zen prezipitazio guztia. Hasi hortik eta Entziaraino. Prezipitazio pila egon zen, ekaitza eta tximistak. Kumulu horietan mugimendu handiak izaten dira; haize mugimendu handiak. Eta oso bertikalak dira, goian kristoren hotza egoten da eta hor sortzen dira harriak, haize bortitzak...
9. Klima aldaketaren seinale dira halakoak?
Hori zientifikoek esango dute. Beti egon dira halakoak. Orain gehiago sortzen diren, ez dakit. Azkenean, klima ez da izan egonkorra beti egon direlako hotzaldiak eta beroaldiak, eta egongo dira. Ni ez naiz klima aldaketaren oso aldekoa. Gu gazte ginenean, 1990eko hamarkadan, oso elur gutxi egin zuen. 2000. urtean elur asko egin zuen. Eguraldiarekin jendearen memoria oso motza izan ohi da. Ez bada apuntatzen gero jendea ez da ohartzen. Esaten dute lehen elur asko egiten zuela. Bai eta ez.
10. Twitterren aipatu zenuen duela 25 urte Leziza aldean halako zerbait gertatu zela, ezta?
Bai. Atazabalen izan zen. Ni gaztea nintzen, 12 edo 13 urte nituen. Atazabal Leziza goialdean dago, zirko moduko bat da, eta han kristoren ur pila bota zuen. Ni gogoratzen naiz gora igo ginela eta desastre handia zegoela. Arbola guztiak lurrean, zulo handiak...
11. Halakoak aurreikus daitezke?
Ezin dira aurreikusi. Toki bereziak dira, haize tokiak. Orain dela hiru edo lau urte landetan halako bat gertatu zen ere arbola asko bota zituena. Ziklogenesi explosibako kumulu bat izan zen. Haize toki hauetan langarra sortzen da. Hala ere, Legairekoan ez zen hori gertatu, Legaire nahiko laua delako.