Astekaria

Meistruban etxea erabat berritzeko proiektua eskuartean

Guaixe 2021ko abe. 9a, 12:57

Meistruban etxea herri erdian dago. ARTXIBOA

Dorraoko Kontzejuak beheko solairuan gizarte gela egin nahi luke eta lehen eta bigarren solairuetan, berriz, herritarrei alokatzeko etxebizitzak. 

Herriari bizia emanen dioten proiektuak hartzeko meistruban etxea begiz jota du Dorraoko Kontzejuak. Batzarreta kalean dagoen eraikinak hiru solairu ditu. Idoia Resano Igoa kontzejuko presidenteak azaldu duenez, “beheko solairuan gizarte zentroa egin nahi dugu. Barra, denda, denetarik izanen du. Han edozer gauza egiteko aukera egonen litzateke: ikus-entzunezkoen emanaldiak, sukaldaritza ikastaroak… Taberna gisa funtziona lezakeen aztertzen ari gara”. 

Etxeak oinezkoendako pasabidea du eta, pasarako eskubidea errespetatuz, “babestuta egoteko” estalpea kristalez babesteko aukera aztertzen ari direla azaldu du Resanok. Hura eta 55 metro karratu dituen gizarte zentroa lotuta leudeke. Lanak egiteko laguntza beharko du kontzejuak eta, horregatik, Cederna Garalurren bidez dagoeneko dirulaguntza eskatu du. Eta laguntza jasoko ote duten zain daude kontzejuko kideak. Bitartean Ergoienako Udalean jarduera lizentzia eskatu dute. 

Etxebizitzak 
Meistruban etxeko lehen eta bigarren solairuak etxebizitzetara bideratu nahi ditu Dorraoko Kontzejuak. “Proiektu egina dugu. Lau apartamentu egin nahi genituzke, bi gelako bi eta gela bakarreko beste bi” azaldu du Resanok. “Etxebizitza horiek alokatzen lehentasuna dorroubarrek izatea nahi dugu. Kontzejuak aukeratuko luke nor sartzen den haietan bizitzera, eta alokairuko dirua ere berarendako litzateke. Iruditzen zaigu pasarako etxebizitzak izanen direla, gazteak herrian bizitzeko beste etxe bat opatzen duten arte”, esan du kontzeju buruak. 

Etxebizitzak egiteko egitasmo horretan Dorraoko Kontzejuak Nasuvinsa enpresa publikoaren laguntza eta aholkularitza izanen du. Esaterako, dirulaguntza deialdietan. Nasuvinsarekin hasitako elkarlan horregatik galdetu zien kontzejuak dorroubarrei lastailean duten etxebizitza premiaren inguruan. Galdetegia hamabost herritarrek erantzun zuten, gehienak 35 urtez azpiko gazteak. Jasotako emaitzekin kontzejuak txostena osatu eta Nasuvinsako kideei aurkeztu zien egin zuten azken bileran. 

Erlazionatuak