Motxila 21 taldea parte hartzen duen bilduma eskuragarri dago

Guaixe 2022ko ots. 15a, 14:57
Motxila 21eko kideak eta Iñaki Egaña abestia garrabtu zutenean. IBAI ARRIETA

Bizipoza elkartearen ‘Mundu berri bat guztiontzat (2)’ kantu eta bideoklipen bilduma dagoeneko argitaratu dute. 12 elkarteri buruzko kantuak eta bideoklipak biltzen ditu lanak. Gizarte arloko elkarte horien errealitatea ezagutzeko bitartekoa dira musika eta irudi bilduma.

 Bizipoza elkarteak Mundu berri bat guztiontzat (2) kantu eta bideoklipen bilduma ilbeltzaren 29an aurkeztu zuen. Egitasmoaren bigarren edizioan 12 elkarteren kantu eta bideoklipak jaso dituzte. Horiek elkartek egunerokoan lantzen dituzten gaiak eta haien errealitatea jaso dute, elkarte bakoitzaren egitekoa musika, hitza eta irudiaren bidez gizarteratzeko. “Izugarrizko oparia elkarteondako” esan zuten elkarteetako ordezkariek aurkezpenean. 

Kantu guztiak euskal dozena bat idazlek eta bertsolarik eta elkarteek elkarlanean sortutakoak dira. Kantuen konpositorea Xabier Zabala izan da. Eta Euskal Herriko hamar abeslarik eta lau musika taldek jo dituzte. Bilduman 11 abestiz eta 11 bideoklipez osatutako CDa eta DVDa daude. Horrekin batera, liburuxka bat ere badu bildumak. Han elkarte bakoitzaren ilustrazio, deskribapena, ipuintxoa, abestiaren letra eta sortzaileen eta elkarteetako kideen talde argazkiak daude. 


Proiektuan Motxila 21 musika taldeak parte hartu du. Hau da, Aintzane Lizarraga Etxeberriak saxofoi jolea, taldeko boluntario eta akordeoilari Ainhoa Lizarraga Etxeberriak eta Andoni Zilbeti Elia saxofoi, gitarra jole eta abeslari dorrobarrak ere. Andoni Egaña bertsolariak sortutako Hogeitabira letra abestu du Motxila 21ek, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioaren alde. Motxila 21ekoek aurkezpen ekitaldian ere izan zen, eta bildutako guztiei hiru kantu eskaini zizkieten. Bizipoza elkartea martxoaren 4ra arte astero, astearte eta ostiraletan, bideoklip bat argitaratzen ari da bere web orrian, www.bizipoza.eus. Motxila 21 taldearena hilaren bataz geroztik dago ikusgai. 

Bizipozaz
Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten 36 elkartek osatzen dute Bizipoza, haietako hainbat eskubideak bete gabe eta behar bereziak dituzten haur eta familiek osatutakoak dira. Bizipozaren bidez elkarteak lantzen dituzten gaiak azalarazten dituzte, ume eta heldu euskararen bidez sentsibilizatuz. Horrekin batera, errealitate horiek lantzen dituzten elkarteei laguntza afektiboa emateaz aparte, eguneroko lanerako dituzten premiei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza eskaintzen dute. Eta, azkenik, gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra eskaintzen die Bizipozak, boluntario sare bat osatuaz. Bizipozari buruzko informazioa www.bizipoza.eus webgunean eta sare sozialena opa daiteke.