Orientazio ibilbidea hilabetez erabilgarri

Guaixe 2023ko eka. 12a, 09:01
Orientazio proban parte hartu zuten dorrobar batzuk. UTZITAKOA

Dorrobarrek Gaztelu Egunean egin zuten orientazio probako balizak ez dituzte kendu, nahi duenak ibilbidea osa dezan. 

Gazteluko borda berritu ondoren, dorrobarren arteko harremanak sustatu nahi duen dinamikak bordaren inguruan eguna antolatu zuen maiatzaren 27rako, larunbata. Horretan kontzejuaren laguntza izan zuen. Goizean orientazio proba izan zen haur eta gazteendako. Parte hartzaileek markatutako ibilbideko hainbat puntutatik pasa behar zuten ahalik eta azkarren. Ekimenak "arrakasta" izan zuela azaldu dute antolatzaileek. "Haurrek puntu bakoitzean fitxak jaso zituzten eta haiekin herriko argazki zahar eta berriak osatu zituzten. Argazki horiek bordan jarri genituen gero". Jakina, gazteen ibilbidea zailagoa zen. Guztira,  hirurogei bat pertsona elkartu ziren proban. 

Aurrera eta atzera ibili eta gero, majo bazkaldu zuten bordan bertan. Eta lana egina zegoenez, orientazio probako balizak beste hilabetez jarrita uztea erabaki zuten, "nahi duenak ibilbidea presiorik gabe egiteko".