Ibarreko haur eta helduak elkartu eta elkar ezagutzeko helburuz sortu zuten Ergoiena Bizirik taldea hainbat erguendarrek. Lehenik, haurrei begirako egitaraua sortu dute, baina helduekin ere lan egin nahi du talde sortu berriak. Ergoiena Bizirik-eko kideek Dorraoko gizarte aretoan hitzordua jarri zuten garagarrilaren 3rako, larunbata.
Han, ibarreko hiru herrietako txikiak robotikaren ingurukoak ezagutu eta sormen tailerrean parte hartu zuten. Lego jolaseko piezekin egin zuten tailerra eta haur dorrobarrak “oso gustura” egon ziren, hainbeste “ez zutela mahaitik jaso nahi”, gaztigatu du antolatzaileetako batek. Noizbait altxatu ziren eta Dorraoko Ittur aldea frontoian haur eta helduendako merendu ederra izan zen. Hurrengo hitzorduan, irailaren 30ean, Hutsun txalapartariekin saioa izanen dute Lizarragako frontoian.