Herrian dauden baliabideak egoki erabiltzea ezinbesteko jo zuten dorrobarrek. Horregatik, ur biltegian soberan zegoen ura, ubeldean bukatu beharrean, aprobetxatu eta baratzeak ureztatzeko erabiltzea eskatu zioten Dorraoko Kontzejuari. Handia edo txikia, guztiek baitute baratzea herrian. Jakina, batzuek baratzeari bestek baino denbora gehiago eskaintzeko aukera dute. Toki erakundeak bere egin zuen herritarren eskaera. Garai hartan, duela zortzi urte, kontzejuan zegoen Pedro Diez de Ulzurrun Munarriz. Berak azaldu digu zertan datzan Dorraoko baratzeak urez hornitzen duen sistema.
Ur biltegirako bidean, Korosobide kalearen ertzean, ur emariak behera egiten du. Diez de Ulzurrunek azaldu duenez, "ur biltegian soberan dagoen ura da. Urte guztian soberan dago, sekula ez da urik falta izan. Soberan dagoena ibaira doa. Hori galtzea pena zen". Joan zen urtean soberako emaria "eskasagoa" izan zela, "baina, hala ere, bazegoen" nabarmendu du.
Diez de Ulzurrunek azaldu duenez, Dorraon etxeetan ur kontagailuak baldin badituzte ere, ez dituzte erabiltzen. "Herritar bakoitzari urtero kanona kobratzen zaio, berdin da zenbat gastatzen duen. Sakanako Mankomunitatearen Ur Zerbitzuak mantentzeagatik eta ura kloratzeagatik kobratzen du". Garai batean dorrobar "gehienek etxeko iturritik ureztatzen zituzten baratzeak. Ikusita ur hura galdu egiten zela, etxeko iturriko ur kontsumoa murriztuz gero dirua aurreztu zitekeela ikusi genuen. Erabaki bakarrarekin bi helburu bete ziren: soberako ura ureztatzeko erabiltzea, gainera, ureztatzeko kloroduna baino hobea da; eta kloratutako ura aurreztea". Aitortu du ere dirua aurreztearen kontua ez dutela egin.
Sistema
Ura iturburutik ur biltegira kanalizatuta eramaten dute. "Biltegia beteta dagoenean, soberan dagoen ura aldamenean dagoen karga ontzira pasatzen da. Horrek ur kopuru handi bat izatea ahalbidetzen digu, hemen guztiek, gutxi gorabehera, ordu berean ureztatzen baitugu". Karga ontzi horren beheko partean hodi beltza lotuta du, hain zuzen ere, baratzeetara ura eramaten duena. "Aspaldi egindako gauza on bat dugu herrian: euri urak jasotzeko galeria bat dago herriko kaleen azpian. Iturrien eta teilatuetako ura jasotzen zuen, kaleetatik kenduz. Kuxkurtuta bada ere, galeria barruan ibil daiteke. Beraz, hodia ur biltegitik behera luzatu eta galeria horretara iristean, ahal zen baratze guztietara eraman genuen", azaldu du Diez de Ulzurrunek.
Ur biltegitik galeriara arteko tartea lur azaletik egiten du hodiak, 75 bat metro. Tarte horretan hodian jarritako ur hartuneren bat ikusgai dago. "Aldamenekoak mahuka sartu giltza zabaldu eta ureztatzeko ura aterako zaio. Batzuei hartunea baratzetik gertuago gelditzen zaie; besteei, urrutiago. Ahal zena egin genuen. Hartunetik baratzera arte ura mahukarekin eramatea norberaren ardura da", argitu du dorrobarrak. Karga ontzia herriaren goiko partean dagoenez, ura bazter guztietara iristeko nahikoa presio du.
Herriko baratze guztietara ura eramateko hodi nagusiak hainbat adar ditu batera eta bestera. Hartuneak han-hemenka jarri zituzten, kasuren batean estolda barruan ikusten da. Bakoitzari bana uztea zaila zenez, "ur hartune batzuk partekatuak dira, ez baita posible etxe guztietara iristea". Diez de Ulzurrunek azaldu duenez, "ura bideratzeko ez genuen inbertsio handirik egin. Auzolanean egin genuen lana; guztion ondasuna zenez, denok egon ginen lanean. Eta materiala polietilenoko hodia da". Neguan izotzarekin arazorik ez izateko sistema karga ontzia eta hoditeria hustu egiten dituzte. Maiatzean edo garagarrilean hasten dira ureztatzen, "joan zen urtean lehenago hasi ginen. Kale egin zuen urak, baina ordura arte, sekula. Baina izan genuen". Emaitzarekin, dorrobarrak pozik daude.