Satrustegi, ur faltarik gabeko baratzeak

Guaixe 2023ko uzt. 27a, 13:29

Martin Martinez Aznarez satrustegiarra kontzejuak egindako ureztatze egutegia eskutan duela.

Satrustegiko baratzeetan ez da sekula urik falta. Kontzejuak ureztatze sistema bat egina du aspaldi. Haren bidez baratze bakoitzera ura eramaten dute. Horrek, jakina, baratzea jartzea errazten die herritarrei.

Nekazaritzarako ezinbesteko elementua da ura, are gehiago klima aldaketaren testuinguruan. Satrustegiko baratzeak urez ongi hornituta daude, kontzejuak horretarako beharrezko neurriak hartu baitzituen aspaldi. Andia mendilerrotik Galtzadako erreka jaisten da Satrustegira. Herritik hegoaldera 160 bat metro ibiliz gero, erreka porlanezko kanal batera heldu dela ikusten da. Puntu horretan, ekialdera egiten du kanalak. 

Baina Satrustegiko baratzeak ureztatzeko sistema azaldu aurretik, efemeride bat. El Pensamiento Navarro egunkariak 1966ko azaroaren 10eko zenbakiko azken orrialdean azaldu zuenez, "denboralea gogor jotzen ari da Europa (...) larunbataz geroztik gogoz ari da euria egiten". Hainbat herriren egoeraren berri eman zuen, tartean "kalte handiak" zeuden Satrustegiren berri. "Ibaiak kalte handiak eragin zituen Satrustegin igandean (1966-11-06). Herriko kale nagusiak itxura kaotikoa eskaintzen zuen. Espaloiak aterea ziren, eta ur hodiak biluzik gelditu, agerian gelditu ziren. 400 bat metro luzeko kale Nagusia urak ekarritako zuhaitz eta zuhaixkez beteta gelditu zen. Sakan bihurtuta gelditu zen. Urak etxe batzuetan sartu dira, eta nekazaritzan kalteak eragin ditu". 

Uholde haren ondoren, herria erditik zeharkatzen zuen erreka kanalizatu zuten, eta herritik 160 metro hegoaldera erreka ekialderantz desbideratu zuten. Baina herriko kaleen azpian errekaren ibilgua mantentzen da, eta han jasotzen dira euri urak. Lurpeko ur pasabide hori beti garbi egoteko, errekatik ur emaria txiki bat hartzen da urte guztian.


Menditik jaisten erreka kanalizatuta Martinezen atzeko aldean.

Ureztatze sistema
Martin Martinez Aznarez Satrustegiko Kontzejuko presidentea izan zen 2007-2011 urteen artean, eta berak eman digu herriko baratzeen ureztatze sistemaren berri. Azaldu duenez, Satrustegiko iturburua eta ur biltegia herriaren hegoaldean daude. Handik soberan gelditzen zen ura baratzeak ureztatzeko baliatzen zuten garai batean. Gaur egun, ordea, Satrustegi Urdalurko uberkako urez hornitzen da. Horregatik, orain lehen baino ur gehiago erabil dezakete ureztatzeko.

Herritik hegoaldera 160 metro egin, eta han kanalizatutako erreka ikusten da. Ekialdera hartzen duen tokian porlanak zulo bat du eta handik errekaren ur zati bat desbideratzen da. Martinezek azaldu duenez, "tranpa honetatik interesatzen zaigun ura hartzen dugu; gainontzekoak errekan segitzen du. Baina negurako itxi egiten dugu, eta ur guztia errekatik doa". Bi tokitan bukatuko du desbideratutako ur horrek: zati batek, herria lur azpiko kanalizaziotik zeharkatuko du;besteak baratzetan bukatuko du. 


Martinez baratze batera ura eramateko erregistro kutxatilaren ondoan.

16 cm-ko diametroa duen PVCko hodiak azekiatik herri sarreraraino lurpean egiten ditu 160 metroak. Bi puntuen artean badira baratzeak eta horiek urez hornitzeko erregistro kutxatilak daude. Ura behar dutenetan, baratzeetako jabeek hura zabaldu; eta ura haienera desbideratzen dute, eta gero itxi. Gainontzeko baratze jabeek urari baratzerako pasa itxi edo zabaltzeko uhate giltzak dituzte. Horiek herriko kaleko zoruan daude.  


Ureztatze sistemara eta lurpeko errekara ura desbideratzen duen erregistro kutxatila.

Herriaren hegoaldeko sarreran PVCko hodiko uraren zati bat atera egiten da eta kaleko lurpeko kanalizaziora sartzen da. Emaria handia bada, ur gehiago bideratzen dute errekara. Euri ura ere han sartzen da. Gainontzeko urak lurpean aurrera segitzen du. Han bertan ura lurpeko putzu batean sartzen da. "Putzuak bi bat metroko sakonera izanen ditu. Ura bertara erortzen da. Harea eta zikinkeria ekartzen baditu behean gelditzen dira. Putzuaren hondotik metro eta erdira iragazki bat dago, eta handik pasatzen den ura ureztatzeko da. Porlanezko kaleetan 11 cm-ko diametroa duen polietilenozko hodi bat jarri genuen, eta, haren bidez, herrian barna zabaltzen da ureztatzeko ura". Eliza parean bi adarretan banatzen da hodia: mendebaldera eta iparraldera. 


Erreka lurpean sartzen den tokia.

1966ko uholde haren ondoren kaleak egin zituztenean, ureztatze sistema ere egin zuten. Oraingo polietilenozko hodiaren ordez, porlanezko kanaletak egin zituzten. "Dena porlanean eginda, lan handia izan zen hura. 20x20 cm-ko kanal bat zen. Herri guztian, goitik behera, porlanezko tapa batzuk zeuden. Ez dakit noiz egin zuten; beharbada, uholdearen ondoren baliatu zuten egiteko". Satrustegiko sareak eta kaleetako zoru berria 2017ko irailaren 23an mustu zituzten. 

Zorua berritu ez zen tokietan garai bateko kanaletaren bidez iristen da ura baratzeetara. Bestetik, apaizetxetik beherako sarea duela 30 bat urte pasatxo egin zuten. Baratzeetan barna doa. 

Egutegia
Ura norberaren baratzera bideratzeko, hodi nagusia uhate giltza batekin ixten dute eta, hori eginda, baratzerako uhate giltza zabaltzen dute. Ordua iristean, bata itxi eta bestea zabaldu egiten dute. "Horrela, hurrengoak ureztatzeko ura jasotzen du". Gainera, herrian, 50 bat metroro garbiketa putzu bat egina dute. Martinezek azaldu duenez, "noizbait hodia buxatuz gero, garbiketa enpresa etorri eta putzu horien bidez hodiak libratzeko aukera izanen luke. Egina dagoen moduan, putzu batetik besterako tarteak garbitu daitezke, zatika. Baina eraiki genuenetik ez du arazorik eman, eta ez dugu garbitu behar izan". 


Uhate giltzetarako sarbidea zoruan.

Inor urik gabe ez gelditzeko, Satrustegiko Kontzejuak ureztatzaile bakoitzak ura zein garaitan har dezakeen zehazteko egutegia egina du. Horren arabera, zehaztuta daude ura zein egun eta ordutan hartu dezaketen. Baratzetara bideratzen den ur hori biltegiratu egiten dute. Horretarako, baratzeetan ura jasotzeko porlanezko putzuak eraiki zituzten. "Aurretik ureztatzen zutenenak dira putzuak. Baratze handiagoa dute. Nik txikia dut, eta ur gutxirekin nahikoa dut. Bestetik, baratzeari eskaini diezaiokezun denbora dago, jubilatuta zauden edo ez". "Putzua duenak denbora gehiagoan hartzen du ura, ureztatzen dutenek, dagokien orduan egin behar dute". 


Martinez ureztatzeko ura jasotzeko putzua duen baratzean.

Bestela, plastikozko ontzi handiak erabiltzen dituzte ureztatzeko. Martinezek jakinarazi duenez, "nik ez du putzurik. Bi mila litroko bi bidoi dauzkat. Dagokidanean bete egiten dut, eta, ondoren, ureztatzen dut. Putzua dutenek, beharbada, gau osoa baliatzen du putzua betetzeko. Gainontzekook egunez egiten dugu, bakoitzari dagokionean". Behin putzua edo bidoiak beteta, duten ur hori ureztatzeko kudeatu beharra dute, "hurrengo txandara arte. Batzuetan ez duzu behar eta besteren bati uzten diozu, edo eskatzen dizute", azaldu du Martinezek. Gerta liteke putzu batekin bi baratze ureztatzea. Dena dela, ureztatzeko ura baliatzen duen satrustegiar bakoitzak kontzejuari 20 euro ordaintzen dizkio urtean. 


Martinez ura biltzeko bidoia duen baratze batean.

Joan den urteko lehorteaz galdetuta, Martinezek azaldu duenez, "juxtu-juxtu ibili ginen. Batzuk ongi ibili ziren. Etxeko ura ureztatzeko debekatu ez zutenez, nik etxekoa erabili behar izan nuen". Satrustegiarrak nabarmendu duenez, "baratzean etxeko ura botatzea nabaritzen da. Landarea ureztatzen baduzu eta eguzkiak berehala jotzen badio, kloroagatik landarea erre egiten da. Ureztatze sistemako ura naturala da". Normalean, maiatza edo garagarrilean jartzen dute ureztatze sistema martxan. Aurten gutxi erabili dutela aitortu du Martinezek. 

Goitik beherako bidea egiten du urak eta, beraz, putzuak eta bidoiak betetzeko haren presioa nahikoa da. Ez dute ez punparik ez bestelakorik behar. Inork uhate giltzarik itxiko ez balu, ura ureztatze sisteman barnako bidea egin ondoren; eta, handik, ibaira joanen litzateke. 

Kontzeju etxearen eta elizaren ondoan iturria eta aska dituzte. Askako ura ureztatze sarekoa da, iturrikoa, berriz, Urdalurko sarekoa. Azken horrek kontagailua ere badu.