Astekaria

"Sakanan pista beharrezkoa da; ezin gara behar bezala entrenatu"

Maider Betelu Ganboa 2025eko uztailaren 22a

Aiora Resano Larraioz oso ongi aritu zen Espainiako Zirkuitu Txapelketan. UTZITAKOA

Aiora Resano Larraioz Sakana Patin taldeko irristalari dorrobarrak Espainiako Zirkuitu Txapelketako 430 m esprintean zilarrezko domina lortu zuen. 15 urtez azpiko Liga Nazionala da hurrengo helburua

Aiora Resano Larraioz dorrobarra Sakana Patin taldeko irristalari fin eta trebea da. Aurten Nafarroako Pista Txapelketan urrezko bi domina eta zilarrezko bat lortu ditu eta berriki Antoniuttin jokatutako Espainiako Zirkuituko Txapelketan txapeldunordea izan zen.

Noiz hasi zinen irristaketan?
Orain 12 urte ditut eta kimuen mailan lehiatzen naiz. Duela hiru urte pasa hasi nintzen irristaketan, Etxarri Aranazko taldean, eta gero Altsasura joan nintzen, Sakana Patin lehiaketa taldera.

Irristaketara ongi pasatzera zoaz hala lehiatzera?
Ongi pasatzera noa, baina oso lehiakorra naiz, eta emaitza onak izatea nahiago (kar-kar).

Aurten Nafarroako Pista txapelketan 1.500 m linean eta 3.000 m puntuazioan Nafarroako Txapelduna izan zinen, eta 300 m esprintean bigarrena. Eta lan ona egin zenuen Paiportan jokatutako Espainiako Pista Txapelketan.
Bosgarren izan nintzen 1.500 m linean eta 3.000 m puntuazioan. Oso ongi. 

Ondoren zirkuitu txapelketa iritsi zen. Zer moduz joan zaizu?
Nafarroako Zirkuitu Txapelketan ez zen dominarik egon. Txapelketara ez nintzen ongi ailegatu. Gainera, Antoniuttin orain arte ez nintzen oso ongi ibiltzen. Jada zirkuituari beldurra kentzen hasi naiz, baina kosta egin zitzaidan.

Zeri zenion beldurra?
Gehienbat jaitsierari, abiadura gehiago hartzen delako. Jendearen atzean joatea, beheko bihurgune itxi hori heltzea... halakoak.

Baina Antoniutti zirkuituari tamaina hartu diozu, ekainaren 21ean eta 22an bertan jokatutako Espainiako Zirkuituko Txapelketan Espainiako txapeldunordea izan baitzinen, meritu handiz.
Bai, asko entrenatu genuen, eta bigarren izan nintzen 430 m esprintean. Oso pozik nago. Egia esan, hobeki doazkit distantzia luzeak, baina ez zitzaizkidan nik nahi bezain ongi atera. Ongi aritu nintzen luzeetan, baina hirugarren edo laugarren postua lortu nahi nuen, eta ezinezkoa izan zen. Dena den, egindakoarekin oso pozik nago.

Sakana Patin taldeko Noa Flores, Nahia Zamarron, Eneritz Fresneda eta Elaia Agirre irristalariekin batera 15 urtez azpiko estatuko Liga Nazionalean lehiatzen ari zarete. Iaz laugarren sailkatu zineten, eta aurten, momentuz, liderrak zarete. 
Bai, Madrilen eta Gijonen jokatutako bi jardunaldien ondoren lider jarri ginen eta oso pozik gaude. Liga Nazionalean taldeka jokatzen dugu, guztien lana batu egiten da. Probetara asteburu pasa joaten gara eta oso gustura egoten gara, ongi pasatzen dugu. 

Maila indibidualean lortutako emaitzak hala Liga Nazionalean taldean lortutakoak. Zeintzuk hobe?
Aurten proba indibidualetan ilusio gehiago nuen, iaz ez nintzelako sailkatu eta aurten probatu nahi nuelako. Baina 15 urtez azpiko Liga Nazionala oso ongi dago. Taldeka aritzeak grazia handia du. Eneritz, Nahia eta Elaia helduagoak direnez, banaka lehiatzen garenean ez dugu elkarrekin korritzen. Liga Nazionalean, aldiz, elkarrekin aritzen gara.

"Irristalariak nola datozen ikusi, noiz sartu, non kokatu, denbora ez galdu... gauza asko dira"

Liga Nazionaleko hirugarren eta azken proba irailaren 13an eta 14an jokatuko da A Coruñan. Udan nola prestatuko zarete?
Frontoian ezin ditugu mugimendu batzuk landu, teknika hartzeko ez baita toki ona. Abiadura hartu bezain azkar frenatu behar izaten da frontoietan, eta ezin dugu behar bezala entrenatu. Iruñeko pistak itxita daudenez, kaleko zirkuituak bilatzen ditugu, eta orain Aguraingo industrialdean entrenatzen dugu. Dugun maila ez galtzea, hori da garrantzitsuena, eta bizikleta estatikoan aritu, fondoa lantzeko. Aurrerago sendo entrenatzen hasiko gara, Galiziarako prestatzeko. Sakanan pista ez izatea pena handia da. 

Irristalarien aspaldiko eskakizuna da Sakanan pista izatea. 
Bai, guztiz beharrezkoa da. Astero Iruñera joan beharra dugu, bestela ez baitugu behar bezala entrenatzeko aukerarik. Horregatik jende askok Iruñeko taldeetara joaten bukatzen du. Sakanan pista bat izanda, ez genuke kanpora joan behar izango, eta gure taldean, Sakana Patinen, jarraitu ahalko genuke. Beste maila batean aritzeko egun taldez aldatzera ia behartuta gaude, eta horren giro polita dugu Sakana Patinen... pena handia ematen du pentsatzeak agian aurrerago mugitu behar izango dugula.

Zer da irristaketa zure bizitzan?
Niretako irristaketa, oraintxe bertan, garrantzitsuena da. Oso gustuko dut. Palan, areto futbolean eta irristaketan aritu naiz aurten, baina bukaeran irristaketari eman nion lehentasuna. Irristaketak lagun berriak egiteko aukera eman dit, ez bakarrik Sakanakoak. Lagunak, Txantrea, San Juan, Artika eta Amaia klubeko irristalariekin harreman polita dugu. Izaro nire ahizpa txikia ere irristaketan ibiltzen da. Izaro Espainiako Zirkuitu Txapelketan lehiatu zen, miniwinners mailan, baita Noa Flores kimua eta Nahia Zamarron eta Elaia Agirre haurrak ere. Oso ongi aritu ziren.  

Bi ahizpok ez duzue aitaren zaletasuna, aizkorarena, hartu.
Aizkora probatu nuen, baina utzi nuen. Aitak irristaketa entrenamenduetan asko laguntzen dit.

Non gordetzen dituzu orain arte lortutako dominak?
Apal batean ditut jarrita. Aukera aprobetxatu nahiko nuke esateko oso eskertuta nagoela nire taldekideekin eta Oscar Zamarron, Unai Villalobos eta Maddi Goya entrenatzaileekin ere bai. Asko lagundu naute. Beti prest daude animatzeko, prestaketan laguntzeko... Eskerrak eman nahi dizkiet.