Frontoiko lanak despeditzeko finantziazio zain

Guaixe 2020ko ira. 23a, 10:54
Teilatuaren egitura jarri zutenekoa. Artxiboa

Ezker pareta beharrean eskuin pareta izanen du frontoiak, eta hura ere, berezia, metakrilatozkoa. 

Egiarretako Kontzejuak frontoia estaltzeko lanen aurreneko fasea egin zuen joan den urtean. Teilatua jartzeko 67.873,49 euro ordaindu zituen kontzejuak. Baina aurtengo 14.770,07 euroko aurrekontuarekin, ezinezkoa zaio lanen bigarren eta azken fasea egitea. Hala jakinarazi du Fermin Izkieta Arbillak, Egiarretako kontzeju buruak. Egiteko gelditzen dena da frontoiko eskuin pareta izanen dena metakrilatoz ixtea. Horrek aukera emanen du frontoian argitasuna sartzeko eta bertatik paisaia ikusteko ere. Izkietak jakinarazi duenez, eskatutako dirulaguntzak ez dizkiete onartu eta Arakilgo Udalarekin harremanetan daude orain. Urte akaberarako edo urte hasierarako despedituta egotea nahi luke. 

Uda lehor joan da eta basoan dagoen aziendak non edan izateko hiru baltsa egiteko asmoa zuen Egiarretako Kontzejuak. Izkietak jakinarazi digunez, lanak aurrerago eginen ditugu, dirulaguntza dagoenean. Deialdira aurkeztu ginen eta atzera bota zuten diru gutxiko inbertsioa zelako. Guretako lan garrantzitsua da, kontzejuarendako dirutza da. Baina gobernuarendako txikikeria bat”. Bestela, aurreikusi bezala, epaitzak atzeratzeko zuhaitzak markatuta dituzte dagoeneko. Bestetik, herriko lurretan barna Lekunberrirako gasbide proiektuak kezka sortu die kontzeju-kideei. 

Azkenik, Arakilgo Udalak antolatuta antzinako sagarrondo barietateen txertaketa nola egin ikasteko tailerra egin zen Egiarretan ostiralean. 30 bat pertsona elkartu ziren landareak txertatu eta gero landatzera eraman zituzten.