Bi hilabetetan bi txapela lortu dituzu. Azaroaren 7an Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa irabazi zenuen Irurtzunen, eta abenduaren 31n Binakako Urrezko Harri Jasotzaileen Txapelketa, Urdax Magunazelaiarekin. Zorionak!
Eskerrik asko! Finalean zenbaki politak atera ziren eta urteari amaiera ona emateko oso polita izan zen Urdaxekin batera Binakakoa irabaztea. Gainera, final oso estua eta polita izan zen, azken harri jasotzaileak bere lana bukatu arte ez baitzen jakin nork irabazi zuen. Emozio handiko finala izan zen, guk irabazi genuen eta oso pozik nago. Urtea indartsu amaitzea garrantzitsua da.
Finalean lau harrirekin aritu zineten. Zuk 100 kiloko zilindroa eta 100 kiloko bola aukeratu zenituen eta Urdaxek 175eko laukizuzena eta 138 kiloko kuboa. Hobeto moldatzen al zara pisu txikiagoekin?
Bai. Harri handiak jasotzen ditut, baina asko sufritzen dut. Nahiago dut harri txikiekin aritzea.
“Harri bat gaizki botatzen baduzu edo arnasa gaizki hartzen baduzu dena pikutara joan daiteke”
100 kiloko zilindroari 31 jasoaldi egin zenizkion 3 minututan eta 100 kiloko bolari 24 jasoaldi denbora berean. Zenbaki potoloak dira, baina kontentu zaude egindako lanarekin? Zenbaki horiek espero zenituen?
Zilindroarekin nahiko gaizki ikusi nuen nire burua, baina bolarekin lan ona egin nuen. Zilindroarekin akaso jasoaldi bat gehiago egin ahal izango nuela uste nuen, ez nuen espero horrenbeste sufrituko nuenik, aitortuko dizut. Baina pozik nago egindakoarekin.
Guztira 9.946 kilo jaso zituzten 84 jasoalditan, eta alde txikia atera zenieten Eizmendiri eta Etxeberriari, 125 kiloko aldea.
Bai, harri batera edo bi harri txikietara geratu ziren. Oso final polita izan zen, pena publikorik gabe jokatu izana. Gero lagunekin pote batzuk hartu nituen eta familiarekin ospatu nuen etxean, lasai.
Sakanako Harri Jasotze Eskolan entrenatzaile duzun Mikel Lasartek esan zuen finalean “lan aipagarria” egin zenuela eta merezimenduz irabazi zenutela txapela.
Binakako txapelketa bat biren arteko lana da, baina oso zenbaki politak atera nituen eta pozik nago. Ea igandean ere horrela ibiltzen naizen. Gogotsu nago Banakakoarekin hasteko.
Hain zuzen ere, martxan dago jada Banakako Urrezko Harri Jasotzaileen Txapelketa-Zortzi Arroako Hiru Harri Txapelketa. Zergatik izen hori?
Harriak arroaka edo arrobaka sailkatzen dira. Arroa edo arroba bakoitza 12 kilo eta erdi izanen dira. Hortaz, ortzitako arroa 100 kilo inguru izanen dira. Txapelketa honetan 100 kiloko harriekin lehiatuko garenez, izen hori du. Ildo honetan, harri jasotzaile gehienek arrobetan hitz egiten dute: zortzi arroako harria, bederatzikoa, hamarrekoa, hamaseikoa...
Zortzi Arroako txapelketa honetan hiru harrirekin lehiatuko zarete: 100 kiloko bola, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko kopa. Harri bakoitzarekin bi minutuko saioa egin beharko duzue. Txapelketa ongi datorkizu, ez? Harri txikiekin hobeki ibiltzen zarenez…
Bai, alde horretatik bai. Betiko entrenamenduak egiten ari naiz. Guztira 10 harri jasotzaile lehiatuko gara, eta tartean harri jasotzaile oso onak daude, izen handia dute askok. Nire marka hobetzea, hori da dudan helburua. Horrekin pozik nengoke.
“Harri jasotzearendako ere modalitate ezberdinak asmatzea, ona da gure kirolarendako”
Orain arte txapelketako 2 jardunaldi jokatuko dira eta zu igandean sartu zinen lehian, 3. jardunaldian, Aizarnan. Mikel Lopetegi “Urra” eta Jagoba Otaegi aurkari zenituela. Nola sentitzen zara?
Ongi sentitzen naiz, sasoian, Sakanako Harri Jasotze Eskolan Mikel Lasarterekin lan egiten. Aste hauetan suabeago, txapelketari begira, baina eskolan beti izerditzen dugu.
Zure burua Banakako finalean ikusten duzu?
Hori ezin da jakin. Akaso oso ongi eta sasoitsu ikusten zara, baina plazan harri bat gaizki botatzen baduzu edo arnasa gaizki hartzen baduzu dena pikutara joan daiteke. Hortaz, lana bukatu arte ezin da jakin.
10 harri jasotzaile lehiatzen ari zarete Banakakoan, kopuru polita. Harri jasotzea momentu onean dago?
Bai, hala esan daiteke. 10 harri jasotzaile elkartu gara txapelketa honetan, baina hor nonbait gehiago egongo dira, eta gure kirolak hor jarraitzea eta osasun ona izateak poztasuna ematen du. Ohiko txapelketez gain txapelketa berezi hauek antolatzea, hau da, harri jasotzearendako ere modalitate ezberdinak asmatzea, ona da gure kirolarendako.
Pandemia dela eta, aurtengo Nafarroako eta Euskal Herriko Harri Jasotze Txapelketa ofizialak noiz jokatuko diren badakizue?
Nafarroakoa Sanferminetan izaten da, eta Euskal Herrikoa udan, baina aurten zer eginen duten ez dut ezer entzun. Datak ematen dituztenean, prestatu eta ahalik eta lan hoberena egiten saiatuko gara. Bitartean, urte luzea dugu aurretik, eta gainontzeko proba eta txapelketetan murgilduko gara.