Frontoia ixteko azken lanak emanen ditu kontzejuak

Guaixe 2021ko mar. 31a, 10:58
Egiarretako frontoia estali eta eskuin pareta ixteko proiektuaren irudikapena.

Zeharreko itxitura egin eta haren azpian dauden aulkiak harriz estaliko dira besteak beste.

Frontoiari teilatua 2019an jarri zion Egiarretako Kontzejuak. Lanen lehen fase hartara 67.873,49 euro bideratu zituen kontzejuak. Lanen bigarren fasea aurten eginen da eta, horrela, Egiarretako frontoia guztiz estalita geldituko da. Kontzejuak aurtengo aurreikusi dituen lanen artean dago frontoiko eskuin paretan itxitura egitea, haizeaz eta euriaz babesteko. Horretarako bi itxitura desberdin izanen ditu: behealdean, segurtasun gardeneko beirak, ia 5 metrora arte, eta, horrela, Satrustegi mendilerroaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izanen da, eta handik teilaturaino polikarbonato zelularreko plaka gardena. Horrekin batera, eskuin pareta horren azpian dagoen porlanezko habea harriz forratuko da, banku luze bat sortzeko. Azkenik, frontisa eskuin alderantz handituko da, han dagoen egurrezko zutabea bildu eta babesteko.

Lanek 39.675,52 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Haiek egiten interesa duten enpresek beraien eskaintzak apirilaren 15eko 10:00ak arte aurkez ditzakete. Egiarretako Kontzejuak kalitatea eta prezioa hobekien uztartzen dituen eskaintzari emanen dizkio lanak. Enpresa hartzaileak lanak despeditzeko 8 aste izanen ditu.