Elkarrizketak on-line

Jakoba Errekondo On-line elkarrizketa

Guaixe 2015ko mai. 21a, 18:30

Jakoba Errekondo On-line elkarrizketa

Bizi baratzea, garaian garaikoa garaiz (2015, Argia) liburua argitaratu berri du. Bertan, 37 barazkiri buruz jakin beharreko guztia erakusten du Jakobak.

Guaixeko erredakzioan izan da, on-line, zuen galderak erantzuten.

1. Nola antolatu hasieratik baratza bat, sekula ez baduzu halakorik egin?
Eneida

Baga: mundu berri baterako bidea hartzera zoazela jabetu. Gozatzeko prestatu.
Biga: lekua ondo aukeratu: ahal izanez gero egutera begia. Lurra ahal den lehorrena eta harroena izatea komeni da.
Higa: hazteko baratze ttiki batekin hasi, ito gabe ibili ahal izateko, hobe da pixkanaka handituz joatea. Adibidez, 3-4 laguneko sendi baterako 30-40 metro kuadro.
Laga: kaier edo koaderno bat prestatu. Handia izan dadila: egiten duzun guztia idatzi eta jaso, guzti guztia: zein lan egiten dituzun baratzearen taulen bakoitzean, noiz, ereintza eta landaketa nola burutu dituzun, zein ilargitan lan egin duzun, zein landare aldaera jarrri, emaitzak... Urte pare batean zeure baratzeko entziklopedia izango duzu. Laguntzaile onena.
Boga: inguruko baratzeetara begiratu. Baratzezainei galdetu eta ikasi. Badakizu, batzuei tamainan sinetsi behar zaie diotena...

2. Iturriko ura zuzenean baratza ureztatzeko ona izaten da?
Eneida

Bai, ez da txarra. Baina Euritakoa askoz ere hobea da. Ahal izanez gero euritakoa bildu.
Baratzean gutxi, ahal den gutxiena ureztatu behar da. Hemen ur eskasi handirik ez da maiz izaten. Aldiz, gehiegizko urak arazoak besterik ez du sortzen, batez ere gaitzak(gorrina, herdoila, zurina, usteldurak...) Gutxi ureztatu, ahal duzun gutxiena.

3. Zonalde honetan , Sakanan, lur bat urte askotan baratze bezala ibili es bada, eta datorren datorren urtera begira: abono berdea landatzea komeni da? Noiz, nola eta zein espeziekin. Milesker!!
pello

Abono berdearen teknika oso ona da. Tturkoa edo Raygrass deitzen den belarra ona da, baita edozein leguminosa (Vicia, Lathyrus...) ere. Hauek berdearen lanaz gain lurra nitrogenoz aberastuko du. Zolda-belarra ere oso ona da, ongarri berde horretaz gain magnesioa eta potasioa ematen dizkio lurrari.

4. Gure baratzean arrosa-landare ederra dugu, aspaldikoa. Usain goxoko larrosa asko ematen ditu eta gustatuko litzaidake baratzaren beste txoko batean horren kima bat landatzea. Landaketa hori noiz egin beharko dugu? Nola?
Amaia

Ummmm honaino iristen da usaina! Udaberria da lan honetarako sasoi egokiena. Martxoan, kimaketa egiten denean, moztutako kimuak aldaxka edo eskeje bezala aldatu eta erraz itsasten dira. Maiatzean oraindik garaiz zabiltza, eta pixka bat zainduta udara osoan ere egind ezakezu, lurra lehortu gabe eutsiz...
Ureztatzeko dilista-ura prestatu: hartu eskukada dilista eta paperean edo oihal batean bilduta bustian eduki. Hozitu edo ernatzen direnean, zanpa-zanpa egin eta uretan sartu, litro batean edo. Ureztatzeko urari nahasi ur hau. Alde ederrean itsatsiko zaizkizu!

5. Arrosa-landarea asko hazi da eta zalantza izaten dugu: zenbat, noiz eta nola kimatu. Argibideren bat ematerik bazenu asko eskertuko genuke.
Amaia

Ia denak udaberrian kimatu behar dira, izerdi berria datorrenean. Zenbat moztu jakiteko zein arrosa aldaera edo klase den jakin behar da. Zuhaixka tipokoak, lurretik 30-40 zentimetrotara. Igokaria bada zuztar nagusiak utzi eta honek emandako adarrak motzean moztu, 10-15 cm.
Oinarrizko gauza bat izan kontutan beti: arrosa landarea etengabe berritu egin behar da, beraz beti adar zharrak kendu eta gazteak utzi. Erraz ezagutuko dituzu, gu bezalakoak dira: zaharrek azal zakarra izaten dute eta gazteek leuna.

6. Ze eragina izaten ari da klima aldaketa baratzetan? Eskerrik asko.
Basoa

Ez dakit inon ikertu den gai hau. Nik behintzat ez dut ezagutzen. Bizitza luzeko landareetan (sagarrondo, mahatsondo...) duen eragina jasotzen ari dira, Urtean barruko ziklo motzeko landareetan zailagoa da eragin hauek neurtzea. Ea inor animatzen den...

7. Tomateak fruitu gehiago eman ditzan zer da hobe, kimatzea ala ez kimatzea?
ima

Fruitu gehiago emango ditu kimatzen ez denak, baina txikiak. Kimatutakoak ale gutxiago baina handiagoak.

8. Baratzik ez dugunontzako, zeintzu dira lorontzitan lantzeko barazkirik egokienak? Udaran eguzkia kupidarik gabe eta negu partean hotza eta izotza... Milesker!!
Goizeder

Landare handi handiak kenduta (orburua, gardua, kuia...) beste edozein jarri dezakezu. Okurritzen zaizun edozein. Eguzkia oso ona da, suertean dira zure landareak. Izotza ere bai, baina neguko landareak ongi aukeratu: porru, azenario, eskarola, errefaua, perrexila...

9. Gaur egun baratzagintzaren inguruko jakintzaren transmisioan haustura bat ematen ari dela iruditzen zaizu ?Kultura hori ez galtzeko herri baratzak ekimen bat izan daitezke.Zein da zure iritzia honen inguruan?
Arantxa

Bai, baina baratzezain bakoitza galtzen dugunean jakintza hori galtzen da. Hau milaka urtetan berdintsu gertatu izan da. Oraindik ere jakintsu asko dugu inguruan, galdetu galdetu emakumeei! Jakintza hori jaso eta zabaldu behar dugu. Honetarako ekimen asko egin daitezke eta tartean herri-baratzeena oso egokia da. Belaunaldien arteko trukea, kultura desberdinetako jendearen arteko trukea... truke asko gertatzeko aukerak asortzen ditu.

Agurra

Ea bada solasaldi honek baratzeren bat osatu eta sustatzeko balio izan duen. Badakizue: "BIZI BARATZEA"
Hurrengora arte, ongi izan
Jakoba Errekondo