Hauteskunde orokorrak 2016

Irati Jimenezi on-line elkarrizketa

Guaixe 2016ko eka. 15a, 11:04
Irati Jimenezi on-line elkarrizketa

Irati Jimenez, EH Bilduko Kongresuko zerrendako 2. hautagaiak, www.guaixe.eus-en jasotako zure galderak erantzun ditu ostegunean, 18:00etan, on-line elkarrizketan.

Azken orduko ARAZO batengatik, ELKARRIZKETA 19:15 ean hasi da. Barka itzazue eragozpenak.

1. Ahal-Dugu/Podemos edo EHBildu bozkatzeko dudan dauden pertsonei zer esango zenieke?
Beñat

Ulertzen dudala aldaketa egarri direla, ziurrenik. Eta aldaketa gose hori Podemos-ek aurpegia jartzen asmatu duenez, ulergarria da, guztiz, jende kopuru handiaren ilusioa jaso izana. Esango nieke, hala ere, jakin dezatela, ziurtasun osoz ez dagoela EH Bildu baino indar aurrerakoagorik une honetan Kongresuan. Errepatu genezake programa soziala eta politikoa ez dugu aurkituko. Lan arloan, pentsioen arloan, etxebizitzarenean... Nafarroan beste leku batean gaude. Eta are urrunago egon ahalko ginateke, ez balitz bertoko erabakien kontra hartzen diren erabakiengatik. Besteak beste, nafar parlamentuaren kontra jartzen diren helegiteengatik. Esango nieke ezkerreko indarrekin geure helburuak lortzeko eta jendearen bizimodua ulertzeko behar diren aliantzak ezarrriko ditugula baina EH Bildu dela Nafarroan Nafarroari begiratzen dion ezkerreko indar bakarra.

2. Zer gertatu da Sabino Cuadrarekin?
Aritz

Hasteko, eta aitortzak merezi duelako: lan ikaragarria egin duela. Bigarrena... adina ere baduela! Lau urterako legeagintaldia betetzea ez zegoen bere planen artean. Abenduan ahalegina egin zuen eta bihotzez eskertu behar zaio. Baina bizitza osoko lan izugarri horrek atsedena ere merezi duenez... atseden hartuko du. Beste askori dagokigu egin duena egiten jarraitzea eta bere ondoan abenduan egon zenari tokatu zaio. Ziur nago Kongresuko tribunan Bakartxo ondorengo handia izango dela.

3. Zer nolako harrera ari zarete jasotzen abenduko kanpainarekin alderatuta? Jendeak oraindik erantzuten al du?
Mentxu

Ni neu ez nintzen egon abenduan baina egon ziren guzti-guztiek uste dute oso bestelako giroa dagoela. Entzuteko ariketa egin du EH Bilduk, benetakoa, sakona. Ez dira hitzak bakarrik. Eta hori nabaritu egin dugu. Estatu mailako inkestek ez dute muestreo nahikorik hori erakusteko baina konbentzituta nago aukerak ditugula Bakartxo Ruiz Kongresura eramateko. Bene-benetan diot.

4. Kaixo Irati. Bozkatu edo ez... Nori bozkatu eta zergatik? Nire bozka jokoan dago...
Zalantzati

Inoiz nafarrena ez den beste inori begiratuko dien ezkertiarrei emango diet nik bozka eta ari naiz orain ahal dudan laguntza guztia ematen. Helburu politiko gorena zuei hitza ematea dugu. Ni neu independentista naiz, ez dut Estatu honen erreforman sinesten. Oso txikia nintzen polizia gure etxean sartu zenean eta akaso horregatik. Baina ez du nire proiektuak horrenbeste inporta, zuonik baizik. Eta ez dugu etsiko zuenak izateko eskubidea izan arte. Erabaki nahi baduzu, erabakitze guztiak posible egingo dituenari emaiozu bozka. Gasteizen Marotoren arrazakeria muga jartzeko behar zen guztia egin genuen. Nafarroan eskuin muturrekoa botatzeko behar zen guztia egin dugu. Eta hori hasiera baino ez da. Herri honek gehiago merezi du oraindik eta gehiago egiteko gaude.

5. Zer da Madriden galdu zaizuena?
Amaia

Gure eskubideak zapaltzen dituen Administrazioa han dago. Nik beti pentsatzen dut "begira Andaluzia", aitxitxe hangoa zelako, diktadurak esklabo egindako preso anarkista. Andaluziak ez du ahots bat izan inoiz kongresuan eta begira zer egin dioten, nola geratu den historian atzera, lurra banatu gabe, erreforma garrantzitsu bakar bat egin gabe. Ez gaituzte inon nahi baina ahal dugun leku guztietan egon behar gara. Zergatik? Demagogia dela pentsatuko duzu baina Josu Muguruza Kongresura sartzearen bezperan hil zuten eta gauzak asko aldatu dira, egia. Baina Nafarroan saiatu garenean lege bat egiten poliziaren eta indar parapolizialen biktimak ere aitortuko zituena PP-k atzera bota du.

6. Ura: kutsadura, ibaiak zabortegiak bihurturik, arrain exotikoak, ura eramateak, dirua... Nola kudeatu zaparrada hau?
Basoa

independentista baten erantzuna emango dizut: bereak ez diren nahasteak ahaztu eta bere arazoak aurrez aurre enfrentatuko dituen errepublika laiko eta aske batean. Barkatu idealismoa, nire lehen kanpaina da!

7. Kazetaritzatik kongresurako zerrendetara, zerk bultzatuta?
Ni

Ez dut inoiz ikusi orain bezain argi abagune historiko batean gaudela. Estatua apurtzen ari da. Kiebrara eraman dute indarrez defendatzen dutenek! Ezkerreko abertzaleek "transizioari" buruz egindako analisiak bete egin dira, goitik behera. Aukera ezin dugula galdu iruditu zait. Nafarroan eman den lezio politiko ikaragarriak ere lagundu dit erabakia hartzera, bertaratutako bizkaitar bezala miresmen handiz ikusi dudalako. Eta Bakartxo Kongresuko tribunan ikusi nahi dut. Lan izugarria egingo luke.

8. Eta Madrileko beto mediatikoaz zer?
Amaia

Kazetari bezala... zer esango dizut. Kazetaritzaren mailaz ari garenean ezin diogu Madrili begiratu ze ez dago kontuari nondik heldu, gehienetan. Horregatik behar ditugu geure baliabideak. Hori funtsezkoa da, herri batek ezin duelako aurrera egin egunero ispilu desitxuratu batean begiratzen bada. Eta hori dira Espainiako komunikabideak. Valentziako idazle batek zioen Madrileko taxistak, irratia entzun eta entzun dabiltzanak, ez direla eskuinekoak, areago, pinotxetistak direla! Ba, horixe. Geure baliabideak behar ditugu, geure ispilua, geure tresnak, geure narrazioa. Narrazio desitxuratua beharrekoa baita dominaziorako. Ondo dakite hori tratu txarrak ematen dituztenak, norbere autoestimua urratzetik hasten baitira beti, deformatutako begirada batetik.

9. Zeintzuk dira aurreikusten dituzuen emaitzak?
Ander

Oso-oso traketsa naiz zenbakiekin, benetan! Baina bultzada sentitzen dugu kalean eta nik neuk... zer esango dizut, Bakartxo ikusten dut Kongresuan. Aldaketaren alde egin zuten indarrek ez dute nahi izan orain argazki bakar bat, denok batera, eta oso zail jarri dute aldaketa hori indartzea baina herritarrak ez daude logika horietan, nik uste, perspektiba zabalagoetan baino, zorionez. Nik maiz esaten du fede gehiago dudala nire herritarrengan alderdiengan baino. Eta bide egokia hartuta gaudela sinesten dudanez, konbentzituta nago benetako lehia egongo dela. Ez dut uste ekainaren 26an berriz agertuko direneik UPNekoak poz-pozik, diputatu abertzalerik ez dugulako atera.

10. Zertan aldatu da zure bizitza azken asteotan?
Urko

Lanpetuago nabil! Baina aldaketa handiena izan da EH Bilduren barruan ze lan talde dagoen ikustea. Ez dakit beste alderdi eta koalizio batzuetan nolakoa den giroa baina ni asko ikasten ari naiz. Ardura handiko egunak ere badira, erantzukizun handia sentitzen dudalako, baina jende horrek maila igo egiten du eta maila hori emateko saiakera horretan nabil. Esango dizut 27an, ea nola bukatzen dudan!

11. Zer landu behar da Madrilen ondoren Euskalherrian emaitzak jasotzeko?
Txema

Jendearen beharrei BETI erantzungo dien diskurso bat. Ez dena nahasiko txikikerietan. Beti ezkerrera begiratuko duena eta beti, beti, beti injustiziak seinalatuko dituena. Ez dena inoren logiketan galduko. Estatu honek ez du bermatzen bere hirritarren segurtasun juridikoa, argi eta garbi. Zapaldu egiten ditu milioika lagun eta hori ezin da iritzi publikotik atera, hori ezin da ahaztu, hori ezin da merketu. Erabakitzeko eskubidea errespetatzeko prest omen dagoen ezkerra dagoela Espainian? Ba goazen esatera aitortza hori guretzat ezinbestekoa dela, ez baita inork ematen digun kapritxoa, zorretan dagoen eskubidea baino.

12. Azken hauteskundetako emaitzak ikusita, bigarren txanda honetarako non jarri dituzue indarrak?
Aritz

Herrietan. Auzoetan. Kalez-kaleko lanean. Baditut bi lagun irlandar Sinn Feinneko militanteak. Batek oraintxe lortu du emaitza polita Dublineko parlamenturako. Besteak bi urte daramatza Bruselan, europarlamentari. Hamarkadak eman dituzte zokoratuta, inork begiratzen ez zituen kanpainak egiten. Eta ez diote etsi, auzoz auzoko kanpainak ez dienean funtzionatu, atez-ate joan dira, jendeari zer pasatzen zaion jakitera. Uste dut hori dugula bidea. Ez da jendea asmatzen ez duena, alderdiak dira. Gure helburu politiko gorena, lehen esan dudan moduan, jendeak zer nahi duen, hura posible egitea delako. Hori da erabakitze eskubidearen funtsa. Hortik aldentzen garenean bakarrik egiten dugu kale eta hortara bideratutako guztia arrakasta da, gure emaitza pertsonalak batzuk edo besteak izan.

13. Gazteok hemen lan eta bizi nahi dugu, posible al da?
Aitziber

"Hemen" Euskal Herrian esaten badidazu posible izan beharko litzateke. Herri honek daukan historia industrialari begiratu, adibidez. Altsasutik ordu erdira sortu zen, herri txiki baten, munduko kooperatibarik handiena. Eta ez zaigu gustatzen horrela esatea, egindakoari akatsa ateratzea duinagoa iruditzen zaigulako harrotasuna erakustea baino! Hemen dagoen giza kapitala harrigarria da. Lanerako gaitasun ikaragarria ikusten dut nik jendearengan. Ikusten ditut astebururo bisita egiten dituzten lagunak, maitasun hutsez, eta pentsatzen dut "hemen" asko dugula emateko. Nora begiratu, nik aukerak baino ez ditut ikusten. Beraz, "hemen" edozerk posible izan behar du. "Hemen" Espainian esaten badidazu... ni horretan independentistago naiz egunero! Espainia demokratizatzeko egin dezakegun onena errepublika propia iruditzen zait. Para que España sea roja tendrá que estar rota zioen batek eta arrazoi zuela uste dut. Baina gazteei argi esan nahiko nieke galdutako aukera bakoitzean haiekin zorretan geratzen garela beste guztiok eta zama hori bizkar gainean sentitzen dugula. Zuen proposamenak entzun egin behar ditugu. Ez dugu inoiz horrenbeste indar erakutsi gazteen indarra erakutsi dugunean bezala.

Agurra

Hasteko, barkatu! EH Bilduko Altsasuko lagunen errurik gabe eta Guaxeren inolakorik gabe berandutu naiz gaur eta sentitzen dut hor egon zaretenoi kale egin izana. Oraintxe hasten dugu poteoa eta gonbidatuta zaudete, bidean ezer gera bazaizue hitz egin ahal dezagun. Mila-mila esker guztiagatik!