Ergoienako Eguna. Zergatik?
Legegintzaldia hasi zenean gazte batzuk sartu ginen, eta hasieratik pentsaturik genuen Ergoienako Egun bat sortu behar genuela; bertako, bai jende heldua, bai jende gaztea egun bat egoteko, biltzeko, denon artean jaialdi bat egiteko Ergoienako ibarran eguna ospatuz.
Elkarren berri izateko beste modu bat eta elkarren arteko harremanak estutzeko?
Hori da. Ibar txiki bat da, bai, egia esan, hiru herrien artean banatuta gaudela eta zaila izaten dela elkartze hori. Azkenerako herrietan festak dauzkagu, baina ez dugu konpartitzen. Beraz, egun bat jarri konpartitzeko.
Aurretik elkarrekin antolatzen duzuena Ergoienako Bira, Olentzeroren eta errege magoen etorrerak dira, ez?
Bai. Ikus genuen aukera Ergoienako Eguna egiteko Ergoienako Biraren egunarekin batera. Urtero herri bakoitzean egiten denez, aprobetxatu genuen eta esan genuen: “beno, zergatik ez dugu egiten Ergoienako Eguna urte bakoitzean herri batean. Aprobetxatu egun puntualetan elkartzen garen bezala, beste egun bat urtean elkartzeko, baina denak batera.
Ergoienan herriz herri ibiliko den festa ibiltaria izanen da, beraz?
Bai. Urte bakoitzean Ergoienako Bira joaten den bezala, herriz herri, bada Ergoienako Eguna joanen da herriz herri: aurten Lizarragan, heldu den urtean Unanun eta hurrengoan Dorraon.
Ergoiena bizi bat nahi duzue. Gaur egun nolakoa da ibarra?
Ergoiena hiru herri txikiz osaturik dago. Egia esan Lizarragak eta Dorraok bertako jendearen bizia gehiago dute Unanuk baino. Azkenerako, nahi duguna da halako aktibitateekin herriak ezagutzera eman eta baita ibarreko jendeen artean ere. Denon artean, heldu den legegintzaldirako, edo oraingorako ere, ikusi zer gauza egin daitezkeen eta herritxo hauei bizi hobea eman. Eta, baita ere, Ergoienako identitate hori jendea barneratzen joan dadila. Lizarraga, Unanu eta Dorrao gara, baina Ergoiena gara.
Larunbaterako dena prest?
Bai. Ergoienako Bira Dantzaleku Sakana klubarekin batera egiten dugu. Aurten Lizarragan hasi eta bukatuko da Dorrautik eta Unanutik pasa ondoren. Urtero arratsaldez egin da, baina aurten, Ergoienako Eguna dela eta goizera pasa dugu. Eguna bera ere prest dago. Dena frontoian izanen da. Pentsatu dugu ezin garela arriskatu, euria egiten badu edo… Bestela, gure amonen eta argazki zaharrak digitalizatzea lortu dugu, eta bai polita izanen dela Lizarragako eskoletan eginen dugun proiekzioa, egun guztian egonen dena. 22:00etan bukatu egiten da. Lehendabiziko urtea izanda ez dugu festa asko luzatzea nahi izan, ikusteko jendeak zer erantzun ematen dion eta heldu den urterako joan ikusten zer egin daitekeen. Espero dugu zerbait polita izatea eta heldu den urtetarako kontsolidatzen den zerbait izatea.
Egitaraua
09:00 Ergoienako Biran izena ematea zabalduko da.
Goizean Trikitilariak eta puzgarriak.
10:00 Haurren lasterketa.
11:00 Ergoienako Bira. Ondoren sari banaketa eta auzatea.
Azoka.
Ardi tripota dastaketa, ardoaz edo sagardoaz lagunduta (euro 1).
13:00 Meza.
15:00 Herri bazkaria.
18:00-22:00 Dantzaldia Fidelekin.
20:30 Auzatea.
22:00 Festaren akabera.
*Egun guztian argazki zaharren erakusketa egonen da eskolen eraikinean.