Inbertsioetarako Herri Berritze plana indarrean da

Guaixe 2024ko urt. 25a, 11:00
Unanuko plaza Herri Berritze planaren bidez berritu zen. ARTXIBOA

Udalak kontzeju bakoitzari inbertitzeko 60.000 euro emanen dizkio.

Ergoienako Udalaren aurtengo aurrekontuan 593.910 euroko sarrerak (2023an baino 80.300 euro gehiago) eta 592.650 euroko gastuak jaso dira (80.950 euro gehiago). Aurrekontuaren hazkunde horren atzean egitea aurreikusi diren inbertsioak daude. Kapitulu horretan udalak 191.500 euro ditu.    Udalak dirua du, baina kontzejuak dira eskumenak dituztenak, beraz, kontzejuetan eginen diren inbertsioak kudeatzeaz arduratuko da Ergoienako Udala. 

Horretarako Herri Berritze plana sortu zuten 2021. urtean. Lizarragan, Dorraon eta Unanun zer inbertsio egin daitezkeen kontzeju bakoitzak erabakitzen du. Orduan bezala, aurten ere Ergoienako Udalak kontzeju bakoitzarendako 60.000 euro izanen ditu. Bestetik, Unanuko Kontzejuak Beriainera joaten diren mendizaleendako aparkalekua egiteko dirulaguntza eskatu eta jaso du. Lanek 50.000 euroko aurrekontua dute, laguntza 35.000 eurokoa da eta gainontzekoa kontzejuak jarri beharko du. Inbertsio hori ere udalak kudeatuko du, eta, horrela itxiko da inbertsioen atala. 

Bestetik, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien legeari jarraituz, Ergoienako Udalak zerbitzu anitzeko langilea kontratatzeko deialdia eginen du aurten. Prozedura hori egin ahal izateko, lehenik, ergoiena.com webgunean egoitza elektronikoa ezarria izan beharko du. Udalak hori horrela izateko hartu beharreko erabakia hartua du dagoeneko. 

Erlazionatuak