Astekaria

Herri berritze plana martxan da

Guaixe 2021ko abe. 28a, 09:44

Erguendarrak elkarrekin bazkaltzen Ergoienako Egunean. ARTXIBOA

Ergoienako Udalaren eta hiru kontzejuen arteko harremanak dinamizatzeko eta ibarreko azpiegiturak, zerbitzuak eta bizikidetza hobetzeko proiektuak garatu eta gauzatuko dira planaren bidez. Udaleko eta kontzejuetako ordezkariz osatutako lantalde batek eginen du haren jarraipena.

Udalak eta kontzejuek adostu duten Herri Berritze planarekin zuzendu nahi den egoera hurrengoa da. Alde batetik, Dorrao, Unanu eta Lizarragako kontzejuek arazoak dituzte beraien herrietan azpiegiturak hobetu edo egiteko inbertsioak egiteko. Ez dute ez baliabide teknikorik ezta ekonomikorik ere. Bestetik, Ergoienako Udalak baliabide tekniko eta ekonomikoak ditu ibarrean proiektuak garatzeko, baina udalak ez du herrietako ekipamendu edo azpiegituretan eskumenik, geroz, udalak zuzenean ezin du inbertsiorik egin Lizarragan, Dorraon eta Unanun. Horren guztiaren ondorioz, hiru kontzejuek diru gutxi dute eta ezin dute inbertsiorik egin. Eta, bitartean, Ergoienako Udalaren aurrezki kontua gizentzen joan da. 

Udaleko eta kontzejuetako ordezkarien hausnarketen ondorioz, ezinbesteko jo dute lau erakundeen arteko lotura handiagoa izatea, ibarra modu eraginkorragoan kudeatzeko. Horregatik, Ergoiena osatzen duten lau toki erakundeen partaidetzarekin lan eremu bat sortu dute, eta lantalde horrek Herri Berritze planaren bidez haien arteko harremanak dinamizatu eta ibarreko azpiegiturak, zerbitzuak eta bizikidetza hobetzeko proiektuak garatu eta gauzatuko dituzte. 

Helburuak 
Lehenik eta behin, lau erakundeen artean zuzeneko komunikazio bideak sortu dituzte. Horrela hiru kontzejuetako kideek beste kontzejuetan zer ari diren egiten edo lantzen jakinen dute. Horrela, esperientziak partekatu eta ideiak batzeko aukera izanen dute. Horrela, kontzeju batean sortzen den esperientzia edo hartzen duen eskarmentu guztia beste biekin partekatzeko aukera izanen da, eta, beraz, kontzeju batean egindako lanak gainerakoei eraginen lieke. Egiteko hori orain arte udaleko idazkariaren esku egon da. Bestetik, kontzejuen egitasmoen jakitun izanik, udalak bere urteko aurrekontuaren partida bat erabil lezake Herri Berritze planean jasotako inbertsioak egiten laguntzeko. Ekonomia laguntzaz aparte, Ergoienako Udalak laguntza teknikoa eskainiko die hiru kontzejuei. 

Egitasmoa indarrean jarri dute dagoeneko. Horretarako, Lizarraga, Unanu eta Dorraoko kontzejuek herrian eta dermioan dituzten beharren diagnosia egin dute herritarrekin batera. Kontzeju bakoitzak bere beharren zerrenda Ergoienako Udalari aurkeztu dio, jarduketen zerrenda lehentasunaren arabera handienetik txikienera identifikatuz. Udalak 2022ko aurrekontuetan plana gauzatzeko 180.000 euro aurreikusi ditu, 60.000 euro kontzeju bakoitzerako. Kopuru horrekin Lizarragan, Unanun eta Dorraon zein lan egin daitezkeen zehaztu da. eta Kontzejuek horiek kudeatzeko mandatua egin diote Ergoienako Udalari. Agindu hori onartuta, udala izanen da herrietan kontzejuek eskatutako inbertsioak eginen dituenak. Lau erakundetako kide banak osatutako lantaldeak, udaleko langileen laguntzarekin, prozesu guztia gainbegiratzen ari da. Sare lan hori egiteko aldian behin elkartzen dira.