Irailaren 21ean Dorraok 18. Ergoienako Bira hartuko du, Sakanako Koparako puntuagarria den proba. Ergoienako Bira Ergoienako Udalak eta Lizarraga, Unanu eta Dorraoko Kontzejuek antolatzen dute, hainbat erakunde eta babesleren laguntzarekin. Irantzu Mozo Berastegi unanuarra da antolakuntzako kideetako bat eta korrikalariak lasterketan parte hartzera eta sakandarrak Ergoiena ezagutzera animatu ditu.
18 urte beteko ditu Ergoienako Birak. Adinez nagusi egin zaigu proba. Nola hasi zinen antolaketan?
2004an hasi zen Ergoienako Bira. 2 urtez ez zen egin, pandemiarengatik. Beraz, aurten hemezortzigarren edizioa izango da. Unanuarra naiz; hasiera batean herriko pertsona bat zen Ergoienako Bira prestatzen ibili zena eta hura laguntzearren sartu ginen orduko gazteak ginenak. Urteak pasa ahala, udalean ere egon ginen, eta hor zuzenki tokatu zitzaigulako aritu izan ginen Ergoienako Biran laguntzen, baina “marisaltsera” hutsa naizenez eta herrian gauzak egitea eta herriko gauzetan laguntzea gustatzen zaidanez, urtero aritzen naiz lasterketaren inguruan. Izan ere, herri txikietan gauzak egon daitezen, lana egin behar da. Auzolanak egiten ez badira, ez dago ezer.
Ergoienako bailara hiru herrik osatzen dute: Lizarragak, Unanuk eta Dorraok. Bailaran ekitaldiren bat antolatzearen beharra ikusi zenuten, herrian mugimendua egon, eta, aldi berean, bailara ezagutarazteko. Horrela jaio zen Ergoienako Bira.
Bai, hala da. Gure bailara txikia da; gure hiru herriak, eta Beriain eta Andia sakan batean daude kokatuta. Leku polita da. Gure mendiak mendizalez gainezka izaten ditugu, baina lasterketa honekin gure herriak ezagutarazi nahi ditugu, eta jendeari esan nahi diogu bailara txikia garela, baina hor gaudela.
"Ergoienako Birarekin gure hiru herriak ezagutarazi nahi ditugu, hor gaudela esan"
Garai hartan Joxe Mari Mercero unanuarra bezalako korrikalari bat izateak ere eragina izango zuen proba antolatzerakoan.
Izan liteke. Joxe Mari Mercero 2019an hil zen. Iruñean bizi zen, baina Ergoienako Birara eta Sakanako probetara etortzen zen. Ergoienara Beste Iruña taldeko bere taldekideak ekartzen zituen, eta bizi bitartean hor egon zen, beti proba bulkatzen.
Ergoienako Birak bailarako hiru herriei buelta ematen die. Urtero herri batek hartzen du irteera eta helmuga, txandaka. Joan zen urtean Unanun jokatu zen, aurten Dorraon izango da.
Aurten Dorraon izango da. Dorraotik aterata, Unanura helduko da lasterketa, gero dermiotik berriz Dorraora itzultzeko. Berriz ere Unanura joango da lasterketa, handik Lizarragara jotzeko. Eta handik Dorraoko helmugara helduko da. 8,5 km-ko lasterketa da.
Ez da ohiko lasterketa, proba gorabeheratsua baita, maldaz josia.
Bai, parte hartzaileek hori esaten digute, nahiz eta 8,5 km izan, oso gogorra dela. Maldan gora, maldan behera, ibilbide lauan, gero berriz gora... hori izterrendako latza omen da. Nik ez dut behin ere egin, baina hala dela diote (kar-kar).
Gogorra bai, baina aldi berean oso ederra. Korrikalariek hori nabarmentzen dute.
Bai, hori diote. Gure bailara mendiz inguratua dago, dena berdea da, inguruak nahiko zainduak ditugu eta, beraz, polita da. Puntu altuenetara iristerakoan Sakana guztia ikusten da. Korrikan daudela ez dakit korrikalariek paisaia ikusteko tarterik izango duten, baina leku polita da.
Dorraon jokatuko denez, dorrobarrei antolakuntzan aritzea gehiago tokatuko al zaie?
Gutxi gorabehera lan talde berdina aritzen gara urtero antolakuntzan: udal zinegotziak, kontzejuetako lankideak eta gero herrietako jendea, baina, jakina, proba hartzen duen herriko herritarrei lan gehiago egitea tokatzen zaie, hori bai, denon artean lagunduta.
Irailaren 21ean 10:00etan hasiko da Ergoienako Birako mugimendua.
Hala jasotzen da kartelean, baina 10:00etan izena ematea zabalduko da, 10:30ean haurren lasterketak izango dira eta 11:00etan helduen proba. Dorraoko plazan egongo da irteera eta helmuga.
Aurten, lehenengoz, aurretik izena emateko aukera eman duzue.
Proba gehiago zabaldu nahi genuen, azken edizioetan partaidetza gutxitzen joan delako. Inguruan lasterketa asko ditugu data horietan, eta gureak beste zenbait probekin bat egiten du. Horregatik, proba gehiago zabaltzea eta izena ematea aurretik zabaltzea erabaki genuen. Ea jendea animatzen den. Rockthesport webgunean eman daiteke izena.
"Gurea aspaldikoa da, baina data berean beste proba batzuk jarri dituzte. Datena borroka latza da"
Zergatik iruditzen zaizu partaidetzak behera egin duela? Agian irailean oraindik ere ekitaldi asko daudelako?
Iraila oporren bukaera da, ikastetxeetara bueltatzea, herrietako zenbait festa.. Aurten Josefina Arregiren martxa eta lasterketa ere egun horretan jarri dute, eta hurrengo egunean Uharte Arakil Beriain Km Bertikala da. Datorren edizioei begira beste data bat aurkitzea burutik pasatu zaigu; hor gabiltza, bueltaka. Izan ere, daten kontua borroka bat bezalakoa da. 18 urte daramatzagu gure lasterketa antolatzen, lehenak izan gara. Zergatik jarri dizkigute egun berean beste proba batzuk? Datena sekulako borroka da.
Ergoienako Birako txapeldunek sari berezia dute, Unanuko ihoteetako mamuxarroen katolak.
Hasieran ohiko trofeoak banatzen ziren, bertako produktuen loteekin batera, baina momentu batean polita iruditu zitzaigun txapeldunei katolak oparitzea, katola Unanuko maskara delako, bertakoa eta berezia. Altsasuar batek berak trofeo gisa prestatuko zizkigula esan zigun, eta ordutik hala egin dugu. Kanpotarrak diren korrikalariek jasotzen dituztenean: “eta hau zer da?” galdetzen digute. Eta ihoteen historia kontatu behar diezu.
Bukaeran auzate ederra eskaintzen duzue.
Gurea ere festa guztiak bukatzen diren bezala bukatu behar da, jana eta edariarekin; hau da gure kultura eta gure izaera. Guretako ere, egindako lanaren ondorengo saria da, lasaitu ederra. Izan ere, lasterketa prestatzeak badu bere lana. Ekainean hasten gara prestatzen. Hiru herrietatik pasatzen denez, bidegurutzeak ixteko jende asko lotu beharra dago. Foruzainek bi errepideak ixten dituzte, baina herriak guk itxi behar ditugu.
Azken urteetan, Ergoienako Birarekin batera Ergoienako Eguna antolatzen duzue.
Uste dut 2017an hasi ginela Ergoienako Eguna antolatzen. Batetik, lasterketa bukatuta, gero ez zegoela ezer ikusten genuen. Bestetik, ni orduan udaletxean zinegotzi nengoen, eta bailararen egunik ez genuela, eta agian zerbait egin beharko genukeela jarri zen mahaiaren gainean. Azkenean, Ergoienako Biraren egunean bertan Bailararen Eguna ospatzea erabaki genuen.
Aurten ere ospatuko duzue.
Bai, aurten Dorraon izango da. Ergoienako Bira jokatu eta gero, txaranga egongo da herrian barna. Aurten Dorraon taberna berria zabaldu dute, eta bertan pote batzuk hartzeko aukera izango dugu. 15:00etan herri bazkaria dugu frontoian, 17:00etan haurrendako jokoak, plazan, 18:00etan aizkolariak, eta ondoren txaranga. Egun polita izaten da, hiru herritako jendea elkartzen garelako. 100-120 ergoendar inguru biltzen gara.
Dorraora hurbiltzeko aitzakia polita.
Ergoienatik sakandar guztiak gonbidatzen zaituztegu Ergoienako Biran parte hartzera, edo lasterketa ikustera, korrikalariak animatzera edo gure herriak ezagutzera etortzera. Ongietorriak zarete.
Ergoienako herriak oso politak dira, oso zainduak dituzue eta urtero hobekuntza edo lanen bat egin duzuela ikus daiteke. Etxeak berritu, muralak margotu... denetatik.
Herri bakoitzean lantalde bat dago, herriak aurrera ateratzeko eta bultzada pixka bat emateko lanean dabilena. Gureak herri txikiak dira, eta, gainera, gehiago txikitzen ari dira. Ea buelta ematea eta herriak aurrera ateratzea lortzen dugun.