11 hilabete frontoitik kanpo egon ondoren, astelehenean kantxara itzuli zen Jose Javier Zabaleta pilotaria. Atzelari etxarrendarrak kalbario latza pasa du, eskuin hankako txorkatilako hezur bat hautsia konpontzeko ebakuntzagatik, lehenik, eta garatxo batek eskuan sortutako arazoengatik, bigarrenik. Astelehenean, Tolosako Beotibarren, Elordirekin batera aritu zen, eta 15 eta 22 galdu zuten Mendizabalen eta Tolosaren kontra.
“Astelehenean frontoietan berragertu nintzen eta alde horretatik ongi sentitzen naiz, lanean jarraitzeko gogoz. Hobetzen segitzeko entrenatzen ari naiz, prestatzen. Izan ere, oraindik flojo xamar ikusten naiz, entrenamendu fuerte gutxi egin ditut. Asteleheneko partida lehenengoa izan zen eta jakitun naiz partida asko kostatuko zaizkidala lehengo Zabaleta izateko. Min guztiak joan dira eta alde horretatik pozik nago, eta astero-astero entrenatzen arituko nahiz denbora gutxian ongi-ongi jartzeko” azaldu dio Guaixeri Etxarrengo pilotariak.
Azken hilabeteak zailak izan dira. “Aurreko urteko Binakakoan Ezkurdiarekin nengoela hasi ziren oinazeak. Eskuin hankako txorkatilean hezur txiki bat txikitatik deforme neukala esan zidaten. Pasa den urtera arte ez ninduen inoiz molestatu, baina bat-batean hezur hori tendoia ukitzen hasi zen. Tendoian nabaritzen nuen mina, baina hautsitako hezur horrengatik zen guztia. Kirofanotik pasa nintzen, dena ongi atera zen eta hiruzpalau hilabete inguruko gauza izango zela esan zidaten. Baina hura sendatu nuenean eskuan sortu zitzaidan arazoa” aipatu digu Zabaletak. Izan ere, eskuan berruga edo garatxo bat atera zitzaion. “Tratatzen hasi eta handitzen hasi zen. Oso handia egin zen, jokatzerakoan mina ematen zidan, eta nahiz eta takoekin eta beste babestu, ezinezkoa nuen pilotakan jokatzea, oso handia zelako. Hilabeteak bueltaka ibili naiz, medikuekin, dermatologoekin… eta azkenean naturista batek belar batzuekin egindako ukendu batekin erabat desagertu zait garatxoa. Joan da eta ez da deus nabaritzen. Ikaragarri pozik nago” aitortu digu etxarrendarrak.
Helburua, gutxinaka indarra hartu eta ongi prestatzea da. “Oraindik berde nago partida handiak jokatzeko. Denborarekin onera egin eta esaten badidate buruz burukorako prestatzeko, hala eginen dut. Bestela, udako torneoetarako prestatuko naiz, gogo handiz. Uda polita izaten da, eskuetatik hobeto egoten gara normalean, eta herrietako festetan jokatzea polita izango da” azaldu du Zabaletak.
Binakakoaz galdetuta, gauzak estu daudela adierazi digu Etxarrengo atzelariak. “Hiru biko daude bi postutarako, eta ea Ezkurdia eta Barriola sartzen diren. Gure enpresakoak dira, lagunak, eta ea zorte pixka batekin igandean Altsasun irabazi, Artolak eta Albisuk 21 tanto baino gutxiago egiten dituzten, eta gureak finalerdietara sartzen diren”. Guk gauza bera opa dugu.