Zabaleta: "Ea momentu polit hau luzatzerik dugun”

Maider Betelu Ganboa 2019ko uzt. 19a, 11:55

Aste honetan kirol ataleko titular gehien bildu dituztenen artean dago Jose Javier Zabaleta. Etxarrengo atzelariak maila itzela eman du sanferminetan eta berari buruz esan direnak ez dira gutxi: ikusgarria, maisua, zikloia, zapalgailua, onena… zerrenda amaigabea da.

Sekulako loreak entzun behar izan dituzu…
Oso polita da entzuten ari naizen hitzak entzutea. Zer esan dezaket?

Ohitu egiten al da horretara?
Ez… pilotariak ongi jokatzen saiatzen gara. Ea momentu polit hau luzatzen dugun, eta askotan ongi hitz egiten duten.

Sanferminetako torneo ikaragarria egin duzu. Ezkurdiarekin batera irabazteaz gain, torneoko pilotari onenaren saria eman dizute, eta datuak ikusgarriak dira. Zuri dagokizunez, ikusgarri ibili zara: atzeko koadroetan nagusi izan zara, aurrean ere lanean ikusi zaitugu, kantxa guztia estali duzu, izugarri jo duzu, dejadak ere egiten ikusi zaitugu, hiru partidetan soilik 4 akats egin dituzu… Zer gertatu da?
Binakako Txapelketaren ondoren aste batzuk geldi egon nintzen, eta uda hasiera oso ongi prestatu dut. Ongi sentitzen naiz; gorputzez, eskutatik… eta fisikoki oso ongi nago, eta txapelketa ederra atera zaigu Ezkurdiari eta bioi. Bikote bezala asko gehitu dugu, eta horrek lagundu dit aipatutako emaitza horiek lortzen. Tanto pila bat egin ditut Josebak pilota onak utzi dizkidalako. Berak aurrean asko asmatu du, eta hori izan da; bikote bezala ongi ulertu dugu elkar, gehitu dugu, eta horregatik atera dira gauzak horren ongi. Azkenean, batengatik ez dira bakarrik gauzak ongi ateratzen.

Ezkurdiak aipatu zuen beste batzuetan ere ikusi zaituela horren ongi jokatzen, baina orain ʺerregularragoa” zaudela. Eta Bengoetxeak zugatik esan zuen: ʺez dakit atzelari batek horrenbeste jokatu duen inoiz”. Hitz potoloak dira horiek.
Aurrekoan Bengoetxeak nitaz hori esan zuela aipatu zidatenean, harritu egin nintzen. Hitz potoloak dira, politak, baina nik orain pentsatzen dudana da lanean segitzea, Jokinekin ahalik eta hobekien entrenatzea eta Josebak ere esan zuen bezala ea partida onak egiten segitzen dugun. Ea denbora luzean egoten garen horrela; polita litzateke.

Sanferminetako Torneoa berezia da, txapelketen ondoren politena?
Hori esaten dute. Sanferminetakoa eta Logroñokoa torneo luzeenak dira, hiru partida jokatu behar dira. Eta nafarra izanda, gainera, sanfermin torneoa irabazteko ilusio berezia nuen. Aurretik lauzpabost aukera izan nituen, eta kostata, Ezkurdiaren laguntzarekin lortu dut. Oso pozik nago, udako torneo oso garrantzitsuena delako.

Aurki etorriko dira udako torneo guztiak: Bizkaia, Gasteiz, Donostia, Zarautz, Logroño… Gehienak badituzu, baina Logroñokoa ez, eta akaso hori da zure hurrengo erronka…
Udako bi torneo handienak Iruñekoa eta Logroñokoa dira. Iruñekoa lortu dut, eta Logroñokoa falta zait. Ea udan lan ona egiten dugun eta irailean San Mateo torneoan jokatzeko aukera dudan, torneoa irabazten saiatzeko. Baina udan torneo gehiago daude. Gasteizko pilotalekua bereziki gustuko dut, Donostiakoa ere bai, eta torneo horietan ere saiatuko gara. Ogetak lur azkarra dauka, frontis eta pareta ona, eta niri gehien gustatzen zaidan frontoia da Gasteizkoa. Hiru aldiz lortu dut Gasteizen garaipena, eta ea aurten jokatzeko aukera dagoen.

Merezitako atsedena hartuko duzu orain.
Asteartean Amorebietan jokatu nuen, eta aste bat egongo naiz partidarik jokatu gabe. Uztailaren 23an Errenterian hasiko naiz eta hilabete bukaera arte beste 4 partida izango ditut. Beraz, hilabete bukaera gogorra izango da eta aste hau atseden hartu eta pilak kargatzeko probestuko dut.

Erlazionatuak