Jose Javier Zabaleta

"Zabaletak funtzionatzen baldin badu, Daneli esker ere bada"

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 9a, 10:11

Zabaleta 2018ko Binakako finalean, Ezkurdiarekin batera txapela irabazi zutenekoan.

Elezkano eta Zabaleta dira igandeko Binakako Txapelketako faboritoak, baina Zabaletak ez dio etiketa horri kasurik egiten eta %100ean jokatzen ez badute ez dutela irabaziko uste du

Egun handia iritsi da. Txapelketa hasi eta lau hilabete luzeren ondoren, igandean jakingo da zein bikotek jantziko dituen 2021eko Binakako Txapelketako txapelak. Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta batetik, eta Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu bestetik, Bilboko Miribillako Bizkaia pilotalekuan final handia espero da, tentsio handikoa. 

Binakako Txapelketa luze honek erresistentzia saritzen du. 
Binakakoa txapelketa gogorra da. Aste asko, partida asko, entrenamendu asko… batzuetan buruarendako gogorra izaten da. Ea azken aste honetan finala ahalik eta hobekien prestatzen dugun.

Zer moduz zauden galdetzen dizugunean, alde fisikoaz gain, beti alde psikologikoa aipatzen duzu. Txapelketa honetan buruz ongi egon beharra dagoela nabarmentzen duzu beti. Uste baino garrantzi gehiago du alde psikologikoak.
Bai. Txapelketa luze batean beti izaten dira gogorragoak diren aste batzuk, adibidez partidak galtzen dituzun aste horiek. Une horietan ez zaude horren motibatuta, entrenatzeko eta lan egiteko horren gogotsu, eta buruari gogor egin behar zaio. 

Fisikoki ongi zaudela agerikoa da. Sekulako txapelketa egin duzue, lezioa bata bestearen atzetik, eta zuen jokoaz aritzeko ia adjektiborik gabe utzi diguzue. Oso perfekzionista zara, beti diozu hau edo beste hobetu beharra duzula, baina zuk ere aitortu beharra duzu oso ongi aritu zaretela, nahiz eta igandeko partida, Ezkurdiaren eta Tolosaren kontrakoa, galdu eta txapelketako zuen kaxkarrenetakoa izan. 
Beno, txapelketa ona egin dugu, bai. Larunbateko partida ez zen gure onena izan, baina ezta horren txarra ere. Joseba aurkari handia da, pilotari handia, eta Tolosak oso ongi lagundu zion. Beraiek oso partida txukuna egin zuten eta gainetik pasa zitzaizkigun. Ez zen gure eguna, eta pixka bat sufritu genuen, baina fisikoki eta eskuetatik oso ongi nago. Finaleko astean sartu gara eta ongi sentitzen naiz, finalerako inolako kexurik ezta arazorik gabe, eta ahalik eta hobekien prestatu eta ea final hori topera jokatzen dugun. Gure maila ematen badugu, aukerak izango ditugu; bestela ez. 

Hasieratik txapelketa irabazteko faboritoak zineten. Horrek markatzen du?
Ez, nik gauza horiei ez diet kasurik egiten. Egia da txapelketan ongi ibili garela, baina oso zaila izaten da finalera iristea. Eta finala irabaztea are zailagoa. Halako txapelketa batean nik ez dut faboritorik ikusten. Beste urte batzuetan ere ikusi izan dugu bikote batek txapelketa oso ona egitea, baina gero ez dela txapelduna izan. Faboritoaren kontu horri ez diogu kasurik egin behar; gu topera jokatzen eta gure %100 ematen saiatu behar gara. 

“Nire Binakako ibilbidean Danel beti izan dut parean. Hor ikusten da bere maila”

Binakako bi txapela dituzu, 2013an Juan Irujorekin lortutakoa eta 2018an Joseba Ezkurdiarekin irabazitakoa, hain zuzen ere Elezkanori eta Rezustari gailendu eta gero. 2019ko finala jokatu zenuen, Irribarria bikote zenuela, eta Elezkanoren eta Rezustaren kontra galdu zenuten. Beste hainbat txapelketetan finalerdietan erori zara, Jakarekin, Ezkurdiarekin eta Elezkanorekin bikotea osatuta. Palmaresa errepasatzean arreta deitzen du zure Binakako ibilbide honetan Elezkano gertu izan duzula, beti parean. 
Bai, beti parean. Hor ikusten da Elezkanoren maila. Elezkano beti hor ibili da, maila handiko pilotaria da eta aurten berarekin aritzea tokatu zait berriz. 2017an elkarrekin aritu ginenean finalerdietako partidetan zorte txarra izan genuen; lesionatu egin zen, azkeneko partidetan ez genuen gurea eman eta ez ginen finalera iritsi. Aurten bai, bikote on batekin jokatu behar dut igandeko finala eta, egia esan, oso pozik nago berarekin ariko naizelako. 

Zutaz gehiegi hitz egin denaren sentsazioa duzu? Egia da ikusgarri zabiltzala, baina iruditzen zaizu Elezkanori buruz gehiago hitz egin beharko litzatekeela, meritu gehiago eman?
Hau Binakako Txapelketa da, eta Zabaletak funtzionatzen baldin badu Daneli esker ere bada, azkenean berak egiten duen lana nirea bezalakoa delako. Biak lan ona egiten ari gara, eta horregatik ateratzen ari dira gauzak. Binakako Txapelketa da, eta funtzionatzeko biok egin behar dugu ongi; bakarrak ez ditu partidak irabazten. 

Zure unerik onenean zaudela aipatzen da. Zuk hala sentitzen duzu?
Bueno, iaz ere Jakarekin txapelketa oso ona egin genuen; partida asko irabazi genituen eta bikote gisa asko gehitu genuen, baina pandemia iritsi zen eta ondoren ez genuen gurea eman, pena. Azkeneko urteetan batez ere ongi sentitzen ari naiz, asteburuko partidak astean barna ongi prestatzen saiatzen naiz. Nirea eman nahi dut, pilota bukatzen denean nire buruarekin gustura gelditzeko. 

Bi Jon Ander dituzue aurkari finalean, Peña II.a eta Albisu. Txapelketa oso ona egin dute. Zuen borreroak izan ziren hasierako ligaxkan, bi partidak irabazi zizkizueten, baina duela bi aste jokatutako finalerdietan makina zapaltzailea atera eta euren gainetik pasa zineten, 8 tantotan utzi baitzenituzten. Txapelketa honetako sorpresetako bat izan dira. Nola ikusten dituzu?
Ez dakit sorpresa izan diren. Hasieratik bikote handia zela bagenekien, eta bikote oso indartsua direla erakusten ari dira. Partida dominatzen hasten badira oso zaila izango dugu; biak asko ematen diote, jokoari abiadura asko jartzen diote eta biei konfiantzarekin daudela ikusten zaie. Peña oso ausart dabil aurrean, eta Albisuk azkenaldian oso ongi dabil eta sekulako partidak egiten ari da. Beraz, final oso zaila dugu aurretik. Duela bi aste bezala jokatzen saiatuko gara; gure maila ematen badugu aukerak izango ditugu, eta bestela, ez. 

“Txapa bota, aurrera begiratu eta harmailak hutsik ikusteak sekulako pena ematen dit”

Zein izango da finalerako zuen hasierako planteamendua?
Duela bi asteko partida bezalakoa: hasieratik topera hasi eta partida dominatzen saiatu. Hori lortzen badugu aukerak izango ditugu. Badakigu hamarreko partida bat jokatu beharko dugula, zazpiko edo zortziko partida jokatzen badugu ez dugulako irabaziko. 

Atzeko koadroetan zure eta Albisuren arteko borroka gogorra espero da, eta aurreko koadroetan Peña eta Elezkano erasokor aritzea. Ikusmina handia da. Zure ustez finala xehetasunek erabakiko dute edo alde handiak izango dira?
Igandean ikusiko da, ez dakigu. Partida guztiak desberdinak dira: ez dakizu nola hasiko den, duela bi asteko jokoak balioko ote dizun... momentuan ikusiko da hori. Guk gure %100 ematen saiatu beharra dugu; ez dakigu nondik aterako den partida, nola hasiko den, beraiek zer nolako eguna izango duten, duela bi astekoa baino hobea edo ez... Hortaz, guk gurea eman beharra dugu, eta horrela aukerak izango ditugu. 

Publikorik gabe jokatzera ohitu zara? 
Partida bakoitzean txapa botatzen dugunean eta harmailetara begiratzen dugunean horrela ikustea, hutsik, sekulako pena ematen dit. Pilotariok publikoak disfrutatzen duela ikustea asko eskertzen dugu. Hori nahi dugu, jendeak gurekin disfrutatzea. Eta alde horretatik zalerik ez egotea pena handia da. Ea behingoz datozen hilabeteetan hau pasatzen den, pilota zaleak frontoietan hasten diren eta guztiok pilotarekin gozatzen dugun. 

Final aurreko astea nerbioei eusteko zaila izaten da. Zoramena izaten da finalistendako: komunikabideekin elkarrizketak egiteko eguna, osteguneko pilota aukeraketa, tartean entrenamenduak… Erlaxatzeko zer egiten duzu? Badaukazu ohitura bereziren bat?
Oraingoz aste hasieran gaude (elkarrizketa asteartean egin zen), nahiko lasai nago, entrenamenduak prestatzeko gogotsu, astean zehar ongi egoteko. Partida bezperan aitona-amonaren herrira joatea gustatzen zait, eguna beraiekin pasatzera. Normalean partida aurretik hori egiten dut eta aste honetan ere berdin egingo dut. Egia esan, aste guztietan bezala, berdin-berdin prestatuko dut igandeko finala.

Gauden egoeran ezinezkoak dira txapel batek dakartzan ospakizun festak egitea. Hirugarren txapela lortuz gero, etxekoekin ospatuko duzu?
Momentu honetan ezin da festarik ez ospakizunik egin. Ezkurdiarekin txapela irabazi nuenean orduan bezala ospatzea litzateke politena, kasu honetan Danelekin, familiarekin, lagunekin… baina ezin da, eta etxean beharko. Dena den, lehenengo txapela lortu behar da, eta gero ikusiko dugu. Hau guztia pasatzen denean ea zerbait ospatzerik dugun. 

Danel eta zuk irabaziz gero, 2020ko txapeldun Ezkurdiarekin eta Martijarekin elkartu eta guztiek ospatzea ez legoke gaizki…
Ideia ona izan daiteke! (kar, kar…). Ezkurdia eta Martija lagunak ditut, iaz sekulako txapelketa egin zuten, 2020ko txapeldun handiak izan ziren, baina ez zuten txapela ospatzeko aukerarik izan. Pentsatzekoa da...

Ea igandean guztia ongi atera, partida ona egin eta txapela buruan ikusten zaituztegun.  
Eskerrik asko!

 

“Nirea eman nahi dut, pilota bukatzen denean nire buruarekin gustura egoteko”