Pilota txapelketa luzeenaren finala hartzeko guztia prest dago Bilboko Miribillako Bizkaia pilotalekuan. Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak, batetik, eta Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk, bestetik, dena emango dute jokoan dagoen 2021eko Binakako Txapelketako txapela preziatuak janzteko.
Pandemia dela eta, aurten ere publikorik gabe jokatuko da finala, eta oraindik ere arraro egiten da festa handia beharko lukeen egunean Bizkaia hutsik ikustea. Pilotariak kantxako harmailetan takoak jartzen, pasilloetan beroketak egiten, eta kazetariak euren tokiak hartzen, finalak emango duenaren berri emateko. Zaleek pilotariak etxetik animatu beharko dituzte; Sakanan gehiengoa Zabaletaren alde egongo da gehiengoa, baina Albisuren ama lakuntzarra izaki, ataundarrak makina bat jarraitzaile ditu ere gurean.
Elezkanok bere bigarren txapela lortu nahi du, 2019an Rezustarekin lortutakoaren atzetik; Zabaletak bere hirugarrena litzatekeena, 2013an Irujorekin eta 2018an Ezkurdiarekin lortutakoen ondorengoa; eta Peña II.ak eta Albisuk euren palmaresa mustu nahi dute, orain arte ez baitute maila gorenean txapelik lortu.
Zabaleta: "Halako txapelketa batean nik ez dut faboritorik ikusten"
Katedrak Elezkano eta Zabaleta faborito jotzen ditu, eta dirua euren alde aterako da. Txapelketa ikusgarria egin dute eta Zabaletarik onenaren eta Elezkanorik lehiakorrenaren aurrean gaudela diote pilota zaleek. Baina Peña II.a eta Albisu bikote handia dira. "Nik ez diot faboritoen etiketari kasurik egiten. Binakakoa txapelketa luzea eta gogorra da; finalera iristea oso zaila izaten da, eta finala irabaztea are zailagoa, partida batetan erabakitzen baita dena eta edozer gerta daiteke. Beraz, halako txapelketa batean nik ez dut faboritorik ikusten. Ez badugu %100ean jokatzen, ez dugu irabaziko" azaldu du Zabaletak.
Uneko atzelari eta jotzaile handienen arteko lehia espero da Miribillan, Zabaletaren eta Albisuren artekoa. Eta, horrekin batera, aurreko koadroetan Peñak eta Elezkanok ez dute aukerarik galduko. Ikusmina handia da.