Pilota

Ongi etorria lau txapelen klubera

Maider Betelu Ganboa 2023ko api. 2a, 20:47

Elordik eta Zabaletak irabazi dute Binakako finala, Lasori eta Imazi nagusitasunez gailenduz (13 eta 22). Ilusioa bete zuten: finalerdietan lesionatutako Tolosari Binakako txapelaren zati handi bat eskaintzea. 

"Ez dakit partida ona edo txarra izan den, baina pixka bat sufritu dugu. Aitorrek lan ikaragarria egin du eta asko lagundu nau. Oso ongi sakatu du, oso ongi errematatu du eta oso ongi utzi dizkit pilota asko, gero nik astintzeko. Batzutan aprobetxatu egin ditut, eta beste batzutan ez. Gauzak ongi atera zaizkigu: une jakin batzuetan Lasok eta Imazek asko estutu gaituzte, baina ongi eutsi diogu eta aurrera egiteko bultzada lortu dugu. 22ra iritsi garen tanto horrekin geratzen naiz" horrela laburbildu zuen Jose Javier Zabaletak igandean Elordirekin batera Lasoren eta Imazen kontra Nafarroa Arenan jokatutako Binakako Txapelketako finala. 

Nafarroa Arena ikusgarria beteta zegoen. Lasoren eta Imazen aldeko zale asko zeuden, baina baita Zabaletaren eta Elordiren aldekoak ere, giro aparta sortu zutenak. Arakildarrek eta irurtzundarrek Zabaletaren aldeko pankarta zabaldu zuten, eta Lasoren Ziordiko lagunek ere Biskarretekoa animatu zuten. Ez zen final zirraragarri, ikusgarri eta emozioz betetako horietako bat izan, bereziki bigarren zatian gorriek behera egin zutelako. Urdinak ongi hasi ziren. Elordik beteranoa zirudien, hasieratik protagonismoa hartuz, –esan daiteke finalerdietan Lasoren eta Imazen kontra izan zuen beheraldia ongi etorri zitzaiola, berehala buelta eman baitzion eta final handian lasai aritu baitzen–, eta Zabaleta ere ongi ibili zen. Lehen txanpan Laso eta Imaz ongi aritu ziren eta zortzina berdintzea lortu zuten. Une erabakigarri horretan, urdinek ongi eutsi zuten. "Bikote hau oso gogorra da, eta euren kontra beti lan asko egin behar da. Nahiz eta beraiek harrapatu, lanean segitu dugu. Tanto batzuetan ez gara oso eroso ibili, baina eutsi diogu, eta partida erdian euren pilotekin jarraitzearekin ere asmatu dugu" azaldu zuen Zabaletak. 

Ez genuen Zabaleta jotzaileena ikusi, eta nahiz eta Imazek Etxarrengoaren pilotakadei ongi erantzun, ezin izan zion inoiz bizkarra erakutsi. Lasok tanto zoragarriak akats potoloekin tartekatu zituen. Baikoko bikotea euren maila onenetik urruti aritu zen, eta bigarren zatian nabarmen behera egin zuen. Elordik eta Zabaletak, txapelketa guztian izandako erregulartasunari eutsita, tartea ateratzen hasi ziren eta 13 eta 22 gailendu ziren. Agian final distiratsua egin gabe, baina merezitako txapela lortu zuten, Binakako guztian egindako lan bikainaren ordaina. Justizia poetikoa omen.   

Gaurkotasunean
Etxarrengo atzelariak Binakako lau txapel lortu ditu, lau aurrelari ezberdinekin: Irujo, Ezkurdia, Elezkano eta Elordi. Titin, Errandonea eta Fernando Goñirekin binakako lau txapel dituzten pilotari handien klubean sartu da, eta historiako inoizko atzelaririk onenetakoa denez –Binakako Txapelketako pilotari onenaren saria jaso zuen, merezimendu osoz–, Irujorekin, Retegirekin eta Maizekin binakako bosgarren txapelaren Olinpoan sartuko denik ezin da alboratu. Zabaleta nahiko deseroso sentitzen da halako baieztapenen aurrean, eta berehala buelta ematen die. "Txapel honekin oso pozik nago, eta Elordiri eskertu nahi diot bereziki, sekulako lana egin duelako. Nire ustez finaleko pilotaria izan da. Gaurkotasunari bakarrik begiratzen diot, eta lortutakoarekin ikaragarri pozik nago, bereziki nire jendea hemen egon delako eta frontoian disfrutatzen ikusi nautelako. Beraiei ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiet" erantzun zuen. 

Elordiren alaitasuna
Etxarrengoak Mallabikoaren umore ona goraipatu zuen."Alaitasun handia eman dit. Lau hilabete hauetan egunero animatuta zegoen, beti irribarrez. Uste dut azkenean hori pixka bat itsasten zaizula, eta on egin dit, niretako txapelketa hau orain arteko gogorrena izan delako, arazo fisiko batzuk izan baititut, partidak nahi bezala prestatzea ekidin dutenak. Eta Aitorrek izugarri lagundu nau, bere alaitasun horrekin. Oso pozik nago, bereziki berarekin egin dudan adiskidetasunarengatik. Txapelaz gain, lagun handia lortu dut, eta hori da garrantzitsuena; gustura jokatuko nuke berriro berarekin".

Pilotaren gurpil zoroak ez du etenik eta Buruz Burukoa hastear da (asteartean aurkeztu zuten). "Txapela irabazteak hurrengoari ekiteko konfiantza ematen du beti, lasaitasuna. Gaur ongi bukatu dut, eta erronka berri bat dut aurrean. Denbora gutxi dut, baina Buruz Burukoa ahalik eta hobekien prestatuko dut. Lehendabiziko partidan maila ematen eta ongi jokatzen saiatuko naiz" azaldu zuen Zabaletak. 

Tolosarendako
Txapeldunek "txapelaren zati handi handi bat" Tolosari eskaini zioten. "Bere ibilbideko partidarik garrantzitsuenean ezbehar handia izan zuen. Bera horrela ikusita guztioi bihotza apurtu zitzaigun. Txapela zati bat berea da. Hemendik denbora batera pilotak halako aukera handiren bat bueltatuko dio, eta ziur nago etorkizunean finalen bat jokatzeko aukera izango duela" opa zion Elordik. 

Txanponaren beste aldean zeuden Laso eta Imaz. Laso ez zegoen batere gustura finalean egindakoarekin, eta bere maila eman ez izanagatik zuen amorru gehien. "Hasieratik deseroso ibili naiz. Halako finaletan ezin da horrenbeste akats egin" zioen, burumakur. Imaz, malkoei ezin eutsi zegoen. "Ez dut uste beste behin bikote gisa elkarrekin jarriko gaituztenik. Eta elkarrekin txapela lortzeko aukera ez aprobetxatzeagatik pena handia dut" aitortu zuen. 

Etxarrenen, oso kontentu
Etxarrendarrek, kuadrillako lagunek eta senitartekoek ongi etorri ederra egin zioten Zabaletari, pankarta bana eskuan. Suziriak, su artifizialak eta bengalak ez ziren falta izan, ezta aurreskua eta lore sorta ere. Denok eman zioten muxu txapeldunari. "2021eko txapela ezin izan genuen ospatu, pandemiagatik, eta hau ospatzeko oso gogotsu gaude. Hunkituta gaude, egia esan" zioen Irurtzungo Saldisetarren amak, areto futbol jokalariak eta Zabaletaren lagun minak. Iratzar jatetxean ordu txikietaraino luzatu zen afarian bildu ziren denak.