Astekaria

"K-pop dantzak oso dibertigarriak dira; kultura oso handia dago atzean"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko uztailaren 8a

Elisa Vicente K-pop dantzaria eta TikToklaria.

K-pop koreografiak erakusteko 'TikTok' kontua zabaldu du Elisa Vicente etxarrendarrak. 

Haren ametsak Hego Korea bisitatzea, eta talde bateko dantzaria izatea dira.

1. Noiz hasi zinen dantzan? 
Txikia nintzenetik dantzatzen dut. Hamasei urterekin dantza akademia batean sartu nintzen. Herrian Txoripanak taldearekin dantzatzen nuen, koreografiak sortzen nituen. Urte asko dira. 

2. Orain arte zein dantza estilo egin dituzu? 
Gehienbat Hip hop egiten nuen, street style deitzen dena. Hip hop-aren barruan beste adar batzuk daude, eta hori libreagoa da, nolabait esateko. Gero K-pop-aren munduan sartu nintzen. 

3. Zer da K-pop-a?
Pop estiloa da, baina Hego Koreako taldeak egiten duten musikari eta dantzari deitzen zaio. Gehienbat ezagunak dira haien dantzagatik; abestiak ere ezagunak dira, baina dantzak daude goren-gorenean. 

4. Zergatik dira bereziak? 
Kakotxen artean kopiatzeko errazak dira eta mundu guztiak dantza ditzake. Nik orain bakarrik dantzatzen dut, baina taldean egiteko dantzak dira. Orduan, dantza taldetan pertsonaia baten papera hartzen dute eta kopiatzeko errazak dira koreografiak eta posizioak eginak daudelako. 

5. Zertan desberdintzen dira Hip hop eta K-pop estiloak? 
Azken finean, nahiko antzekoak dira. Agian K-pop-a dibertigarriagoa da; oso dibertigarria da. Taldeen artean ere desberdintasunak daude; agian talde batzuk infantilagoak dira, publiko gazteagoari bideratuta daude, eta beste batzuk Hip hop-a antza gehiago dute. 

6. Nola iritsi zen K-pop-a zure bizitzara?
Duela urte batzuk lagunekin Youtuben bideoak ikusten geunden eta miniatura batean ikusi nuen: Blackpink. Atentzioa deitu zidan, bideoa ikusi genuen eta wow. Izugarria zen. Bideoklip oso polita zen, ongi egina, abestia ona zen... Dena. 

7. Zein talde dira ezagunak? Zeintzuk jarraitzen dituzu?
Asko daude: BTS, hori oso ospetsua da; Stray Kids, Itzy, Cotis... Asko daude. 

8. Kultura oso handia da, dantza ez ezik, zerbait gehiago egiten duzu? 
Kultura oso handia dago K-pop-aren inguruan. Ez naiz zaleen talde bateko kide ofiziala, nolabait esateko, baina taldeak oso gustukoak ditut eta jarraitzen ditut. Diskoak erosten ditut, merchandising ere erosten dut (poltsan eramaten dituen abeslarien photocard-ak erakutsi ditu) eta irailean Bartzelonako K-pop festibalera joango naiz. Janzteko moduan agian ere eragina dauka... Diskoak lortzea oso zaila da Hego Koreatik datozelako; orain eskatu eta irailean edo iristen dira. Madrilen eta hiri handietan K-pop dantza taldeak daude eta ikusten ditudanean esaten dut: nik hor egon nahi dut. Koreografien bideoak egiten dituzte. Bartzelonan lagunak egitea espero dut. 

9. Zerbait berezia behar da K-pop dantzatzeko? 
Erritmoa. Nire ustez, erraza da. Dantzaren arabera ere. Batzuk ez dakit infantila den hitza, baina pausuak errepikatzen dira eta errazagoak dira, eta gaztetxoek ere ikas ditzakete. Beste batzuk helduagoendako dira, maila gehiago behar da. 

10. Zergatik erabaki zenuen 'Elithiirlwall' TikTok kontua egitea? 
Txoripan taldea utzi genuenean nik dantzatzen jarraitu nahi nuen, baina ez nekien nola. Gainera, orain lana egiten dut eta ez dut denbora gehiagorik. Horregatik pentsatu nuen, agian sare sozialetara bideoak igotzen baditut? Horrela ere jende garrantzitsuak nire dantzak ikusteko aukera gehiago dago. Lehen K-pop-a ez zen hain ezaguna; aspaldi jarraitzen nuen baina nolabait ezkutuan eramaten nuen. Orain askoz ezagunagoa da. Ohikoa bihurtu da.  

11. Etorkizunean zer espero duzu? 
Nire ametsa K-pop dancer izatea da, hau da, talde bateko dantzaria izatea, beraz, TikTok ametsarekin jarraitzeko modu bat da. Bestela, herrian aukera gutxi daude. Ametsa hori lortzeko dirua behar da, eta horretarako lan egiten dut, eta orduan dantza egiteko denbora gutxiago daukat. Dena dela, dantza egiteko denbora ateratzen dut, beti. Baina lehen baino askoz gutxiago dantza egiten dut. Txoripanekin zortzi ordu egon gintezkeen dantzan. Koreara joan nahi dut ere, noski. Hori ere ametsa da. Lehenengo Madrilera eta gero Koreara. Momentuz, bidaian; bertan lan aurkituko banu... Ez dut pentsatzen ere; momentuz, bidaian. 

Erlazionatuak