Zubietak bigarren txapela nahi du

Guaixe 2015ko api. 24a, 09:48

2010ean Xalarekin batera Binakako txapela jantzi ondoren, igandean Berasaluzerekin batera bere bigarren txapela litzatekeena irabazi nahi du. Horretarako, Bengoetxea-Untoria menpean hartu behar dituzte

Igandean jokatuko da Binakako final handia. Bilboko Bizkaia pilotalekua prest dago aurreikusten den lehia ikusgarri eta borrokatua hartzeko. Pablo Berasaluze eta Aitor Zubieta etxarriarra batetik, txapelketa honetarako propio sortutako bikoa, Aspek Asegarceri Binakakorako utzi baitzion. Eta Oinatz Bengoetxea eta Andoni Aretxabaleta ordezkatu zuen Alvaro Untoria bestetik, txapelketan behetik gora egin zuen bikotea. Aspaldiko partez Juan Martinez de Irujo eta Aimar Olaizola ez ditugu finalean ikusiko, eta horrek ikuskizunari, akaso, beste emozio bat emango dio, inoiz baino irekiago baitago finala. Asegarceren bi bikok borrokatuko dute jokoan dauden bi txapelengatik eta, jakina, guk gure ordezkari sakandarrari, Aitor Zubietari, opa diogu onena. Ea txapela Etxarri Aranatzera etortzen den.

Materialarekin kontentu
Lau pilotariek atzo egin zuten pilota aukeraketa, Bizkaia pilotalekuan. Bi bikoteak gustura geratu ziren eta biko bakoitzak nahi zuena aurkitu zuen. Azkar egin zuten aukeraketa. Bengoetxea VI.ak eta Untoriak bote gutxiagokoak eta frontisetik gutxi irteten direnak, eta Berasaluze II.ak eta Zubietak, aldiz, bote handiagokoak. Apustuei dagokienez, parean irtengo direla adierazi zuen Juan Luis Arrarte Asegarceko artekariak.

Partidaren gakoetako bat Zubietaren jardunean egongo da. Bere eskuen egoera izan zen material aukeraketaren interesgune nagusietako bat. “Finalerdietako azken partidan baino hobeto daude, uste dut tako finagoak jarri ahal izango ditudala. Eroso nago” azaldu zuen etxarriarrak.

Berasaluzek eta Zubietak atzean dominatu beharko dute Berasaluzek errematerako aukerak izan ditzan. “Oinatz saihesten saiatuko gara baina ez da erraza. Ezin gara horrekin itsitu, guk gure jokoa egin behar dugu” adierazi zuen etxarriarrak. “Zubietak kolpe izugarria du. Ni defendatzen saiatuko naiz, eta aukera dudanean, agintzen” gaineratu zuen Untoriak. Pablo Berasaluzek, berriz, presioa “beti hor dagoela” nabarmendu zuen. “Final batek berez sortzen du presioa, eta hori laurok sumatuko dugu igandean”. Bengoetxeak azaldu zuenez “Gu bikote borrokalaria gara, eta horri esker sailkatu gara. Erritmo bizia eta bataila egon dadin lortu behar dugu”.

Aitor Zubieta: “Partida gogorra izango da, opari gutxirekin”
Final bezperan Aitor Zubieta lasai topatu dugu. “Aurreko astea mugitua izan zen. Prentsa, sarrerak… errutinan murgiltzeko gogoekin nengoen, eta aste honetan normaltasunera itzuli naiz. Entrenatu, basora buelta ematera joan, lagunekin eta beste deskonektatu… 24 orduak partidarekin ez egoten saiatu naiz. Onena errutina da” dio Etxarriko atzelariak.

Ongi dago, gustura, eta bere ezker eskua mimatzen aritu da. Pedro Garcia masajistarekin lanean ibili da Zubieta, eskuak ahalik eta hobekien jartzeko. “Finalerdien ondoren aste bateko atsedena hartu nuen eta larunbatean suabe-suabe ikutu nuen pilota. Asteartean Berasaluzerekin entrenatu nuen. Takoak jarrita eta kontuz ibiliz nahiko ongi sentitu nintzen, ezkerrarekin nahiko itxuran. Ea partidan berdin nagoen.  Beste behin, takoak ongi jartzea ezinbestekoa izango da. Errekuperatzeko egun batzuk izan ditut eta eskua hobeto dago. 100% errekuperatuta ez, baina bai aurreko partidan baino tako kopuru gutxiago jartzeko moduan.” nabarmendu du.

Zubietak aitortu duenez, lasai dago, baina larunbatean edo igandean akaso urdurituko da “baina ez gehiegi”. Etxarriarra sentsazio onekin iritsi da finalera, oso pozik. Berasaluzerekin biko ederra osatu dute, baina txapelketa ikusgarria egitetik datozen Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria dituzte arerio. Oinatz txapelketako pilotari onena izan da, eta Alvaro Untoriak sekulako maila eman du. Horregatik final gogorra aurreikusten da. “Kontrarioak oso gogorrak dira, ikusgarri daude, baina final batean ez da gutxiagorik espero. Oraindik hitz egin beharra dugu, baina uste dut gure taktika izango dela biok partida ona egiten saiatzea, partida gogorra izatea, eta guk ahal dugun maila onena ematen saiatzea, orain arte saiatu garen bezala. Gu gure jokoarekin gustura gelditzen bagara, hori lortzen badugu, txapela gertuago izango dugu. Guk gure maila lortzea, egindakoarekin gustura geratzea, hori izango da gakoa” azaldu digu etxarriarrak. Partida gogorra izango dela nabarmendu du, “opari gutxirekin”.

Bizkaia pilotalekuan herriko zaleen babesa izanen du etxarriarrak, Zubietari emandako 200 sarrerak berehala agortu baitziren. “Kantxan zaleen babesa nabaritzen da, animoak beti laguntzen du. Bizkaian Pabloren aldeko jarrera dago eta horrek lagundu ahal badigu ba hobe” dio etxarriarrak. Bere herriarendako hitz ederrak ditu Aitor Zubietak. “Giro oso ona dago Etxarrin. Jendeak jarraitu nau, gogo askorekin dago eta hori niretako kristorena da. Herrian eta herri inguruan ilusio hori ikusteak niri eta familiari ikaragarri betetzen gaitu. 2010eko giroa ikusten dut: jendea partidara joateko edo ikusteko gogoz, sarreren bilan, igandeko ospakizunetarako prestatzen… Horrek izugarri betetzen nau. Irabazi edo galdu, jendearen kariñoa geratzen zaizu eta hori izugarri eskertzekoa da.

Ospakizuna Etxarriko karpan
Zubietak badaki zer den Binakako txapela janztea. 2010ean lortu zuen, Xalarekin, eta orduan Etxarri Aranatzen egin zioten ongi-etorria ikusgarria izan zen. Aitor Zubietak irabazi ala galdu, etxarriarrek gogoz ospatuko dute herriko pilotaria finalera iritsi izana. Aurreko astean garagardo festa ospatu zen Etxarri Aranatzen eta karpa hori mantendu dute, igandeko ospakizunetarako. Afarirako txartelak salgai egon dira ohiko tokietan. Txartela eskuratu duten zaleak Aitor Zubietarekin batera afaltzera bilduko dira bertan eta parranda luzatuko dela aurreikusten da. Finala zuzenean ikusteko aukera izanen da ere karpan.
Txapela ekartzea “ez zen txarra izango” Zubietaren ustez. “Ahaleginak egingo ditugu, ea ongi ateratzen den. Partidarekin gustura gelditzea, hori da inportantea. Partida on bat egiten badugu eta gainera txapela ekartzen badugu… hobeto ezinezkoa” dio atzelariak. Ea horrela den.

Porra
Guaixen Binakako finalerako porra egin dugu. Nork irabaziko du eta zein emaitzarekin?
Egin ezazu zure apustua eta bidali erantzuna gure sare sozialetara: Facebookera (Guaixe Sakanako Astekaria) eta Twiterrera (Guaixe), igandea 16:00ak baino lehen. Emaitza asmatzen duzuenen artean sari bikaina zozketatuko dugu. Aitor Zubietak gure porra irabazten duenari kamiseta, pilota eta txartela sinatuko dizkio.