Aitor Zubietak eta Pablo Berasaluzek Binakako finala galdu zuten, 22-7, Bengoetxearen eta Untoriaren kontra. Etxarriko atzelariarekin egon gara finalaz aritzeko.
Egun batzuk pasa dira finaletik.
Finala hor dago, ez genuen irabazteko zorterik izan. Bengoetxeak eta Untoriak partida beteagoa egin zuten, guri nola min egin jakin zuten eta beraiendako izan da txapela. Baina hori alde batera utzita, kontentu nago. Uste dut txapelketa ona egin dugula Pablok eta biok, finalera iritsi gara eta alde horretatik oso pozik.
Nola bizi zenuen eguna? Pablori urduri sumatzen zitzaion…
Ni partidaren barruan nengoen. Ez nintzen urduri sentitu ez aurretik ez partidan. Saiatu nintzen gurea egiten baina beraien jokoa hobea izan zen. Oinatzek oso ongi jakin izan zuen partida bere eremura eramaten, aurrean sartzen eta bera izan zen garaile. Pablo partida hasieran urduri sentitu zen eta partidan barna igual pixka bat ere. Galdu genuen baino frontoian egon zen giroaz eta guztiaz konziente izan nintzen eta alde horretatik pozik.
Zale gehienak zuen alde, aldeko pankartak, frontoia lehertzear sekulako giroarekin… kantxara ateratzean txiki-txikia sentituko da bat. Edo handitu egiten du horrek?
Niri behintzat handitu egiten nau. Frontoia hala ikustea… oso ongi sentitu nintzen, oso pozik eta oso harro jendearen erantzunaz. Kristoren festa antolatu zuten. Pentsatzen dut egun ona pasa zutela. Pena izan zen zaleei garaipena ezin ematea baina jendearekin oso pozik nago. Erakutsi ninduten asko jarraitu nautela eta horrek izugarri betetzen nau. Txapelak gauza bat dira, baina jendeak ematen dizun berotasuna beste bat, eta hori betiko geratzen da. Gainera, partida galduta Etxarrin egin zidaten harrera, karpan zegoen giro bikaina –afarian ehundik pasa egon ginen– eta geroko festan egon zen giroa, zer gehiago eskatu? Horrelako harrerarekin galdu egin nuela kasi-kasi ez zen igartzen.
Bizkaiako prentsa aretoan esan zenuen moduan, “hau ez da funeral bat”. Nahiz eta finala galdu, jarrera bikaina izan zenuen, irribartsu eta animoso zeunden.
Horrelako egun handi batean jokatzeko aukera izan dut berriz ere. Partidan ahal den guztia egin nuen baina besteak gehiago izan ziren. Horrela gertatu zen eta horregatik ez dut eguna pikutara botako. Hor zegoen giroagatik eta guztiagatik jendeari eskerrak zor nizkion jendeari, gutxienez jarrera ona eskaini. Finalera iristeak badu berea; beste bikote guztiak bidean geratu dira eta ea finala ez irabazteagatik hori poz bat izan beharrean atsekabe bihurtzen dugun. Finala ez genuen irabazi, baina finalera iritsi ginen, eta lasai geratu nintzen, ahal nuen guztia egiten saiatu nintzelako. Eta behin galduta, jakina, beraiei zoriondu. Beraiek merezi izan zuten txapela.
Errekuperatu gabe buruz burukoan murgilduko zara, final zortzirenetan.
Bai. Enpresak, Aspek, finalerdietan aipatu zidan jokatzeko aukera, eta eskutatik ongi banago ez zait inporta jokatzea. Egun atzelariendako oso eremu zaila da buruz burukoa, baina beno, ondo egonez gero, enpresak eskatzen badit ez dut inolako arazorik jokatzeko. Aste bat gehiago eman nahi izan didate eskuengatik, finalera justu iritsi nintzelako. Ea partida on bat egiteko gauza naizen eta galdu edo irabazi gustura geratu. Gertatu izan zait nirea eman gabe etxera joatea. Atzelariek igual denbora gehiago beharko genuke prestatzeko, buruz buruko joko hortara egiteko, baina pilota horrela da eta jokoan zauden bitartean eta arazo fisikorik ez baduzu ondo hartzen da dena, datorren bezala.