Zoritxar batek bultzatu nau proiektu polit bat aurrera eramatera

Guaixe 2015ko mai. 15a, 12:05

Kalean da Jose Luis Asensioren Ixa, asap! liburua. Iruñeko Udalaren literatur lehiaketa irabazi eta argitaratu gabe gelditu ondoren auto-ediziora jo du idazle etxarriarrak.

Liburua kalean bizpahiru egun dituela, “oso pozik” dagoela aitortu digu Jose Luis Asensiok. Esan digunez, “jende pilaren laguntza teknikoarekin eta ekonomikoarekin argitaratu dut liburua; tartean, mikro mezenazgo proiektu bat izan da”. Asensiok argitu digu, argitaletxe baten laguntzarik gabe aritzean “lan handia” egin behar izan duela: “hor aritu naiz lege kontu guztiak aztertzen liburua kalean izateko”.

Liburuaren izenburuaz galdetuta etxarrriarak azaldu digunez, lehen zatia Isabel izenaren laburdura dela. Bestea ere laburdura bat da, ingelesezko as soon as posible esapidearena. “Gauzak ahalik eta azkarren egin behar direnean asap esaten da. Liburuak gauza tekniko eta informatikoekin zerikusia duenez, liburuaren testuinguruan esanahi garrantzitsua du”.

Lau narrazio laburrek
Horiexek jasotzen dira liburuak dituen ehundik gora orritan. Aurrenekoak. Ixa, asap!, umorez emakume gazte batek Iruñean bere informatika denda eta bizia aurrera eramateko pasatu beharreko abenturak deskribatzen ditu. Istorio ilunagoa da bigarrena, Damutzea ez da nahikoa, “ezinegona sortzen duena”. Globalizazioa lantzen du Asensiok, gure ekintzek, edozer gauza erostean beste herrialde batean eragin handia izan dezakete”.

Urbasan kokatzen da hirugarren narrazioa, Aitorren pena. Etxarritik maiatzara goiz pasa joan diren bi lagun dira protagonista. Elkarrizketan hirugarren bat agertzen da. Haien arteko garai bateko arazo eta gertaerak azaleratuko dira mendi-bueltan. Ohizko prozedura narrazioan buruan ditugunak benetakoak edo asmatutakoak diren islatzen du Asensiok. Protagonista etxekoandre bat da. Depresio eta autoestimu ezak jota, etxeko andrearen goizak, ez dira ez beti errazak izaten. Senarraren samurtasunak laguntzen dio, ustez. Azken bi horiek saria jaso ondoren idatziak dira.

Irudiaren aldarrikapena
Idazle eta argitaratzaileak esan digunez, “irudiz hornitutako ipuinak eta kontakizunak asko gustatzen zaizkit. Oso komiki zalea naiz. Irudiak izateagatik ez du zertan haurrendako izan beharrik. Horregatik, haur estetika duen liburu bat helduendako izateak badu aldarrikapenetik. Helduendako gauza batek irudiak izan ditzakeela esateko modua da”. Irurtzungo Iñigo Izalek egin ditu ilustrazioak eta haren irudiekin Marina Lopezek azala prestatu du.


Aurkezpenak eta
Ostegunean Iruñeko Karrikiri elkartean aurkeztu zuen. Maiatzaren 20an Iruñeko Yamaguchi liburutegian aurkeztuko du eta Iruñeko liburu azokan ere aurkezpena eginen du. Liburua eskutan hartu dutenek “oso polita, oso profesionala” gelditu dela esan diote eskutan izan dutenek. Mamiaz aurrerago espero ditu iritziakAsensiok. Editore lana gustatu zaiola aitortu digu. “Baina lan asko eskatzen du detaile guztiak lotzeko. Mundu interesgarria iruditzen zait. Eskarmentu pixka bat banuen elkarte batean Funzeen aldizkarian editore lantxoak egiten ditut eta Guaixen zutabe bat idazten dudalako”.

Liburua Iruñeko Karrikiri, Katakrak, Chundarata, Auzolan, Xalem, Xalbador eta Abarzuza liburu-dendetan salgai dago. Elkar banatzailearen bidez gainontzeko liburu-dendetara iritsiko da. Hala ere, Etxarri Aranatzera eramanen duela azaldu digu Asensiok.

Bultzada
Jose Luis Asensiok Iruñeko Udalaren egile-berriendako narrazio laburren saria irabazi zuen 2013an. Udalak ipuina argitaratuko ez zuela ikusita, baimena eskatu eta argitaratzeko ametsa gauzatu egin du. Hasierako bultzada emateko 600 euro eskatu zituen crondfunding kanpaina abiarazi zuen Asensiok eta “oso arrakastatsua” izan zen: 1.202 eskuratu zituen, zergak eta bestelakoen mila eurotik gora jaso zituen.

Haietako birekin osteguneko aurkezpenean egoteko aukera izan zuen. Bat ezagutzen zuen, bestea ez. “pozgarria izan zen jakitea atzean ezagutzen ez dudan jendea ere badagoela”. Tartea duenean idazten segitzen du Asensiok. Eleberria idaztea du erronka eta horretan ari da, pixkanaka.