Emaplaza izena hartu du Etxarri Aranazko Udalak maiatzerako egindako eskaintza. Udaleko Kultura Sailak eta Parekide Batzordeak bat egin dute hura prestatzerakoan. Kitz Mendiola zinegotziak azaldu duenez, “bi behar uztartu eta lotu ditugu. Alde batetik, Kultura Sailak urtero maiatzean antolatzen duen Musika plazan zikloa. Eta, bestetik, batzordean aspaldi Emarock proiektua erakusteko asmoa”.
Azken proiektu hori Euskal Herrian musikan ari diren emakumeei protagonismoa eta espazio bat ematea du helburu. Emarocken asmo horrekin bat eginik, Musika plazan zikloko hiru emanaldietako protagonistak emakumeek osatutako taldeak izanen dira. Mendiolak zikloaren aurkezpenean esan zuenez, “jendartean, musikan pausuak eman badira ere, emakumeen presentzia eskasa da kontzertu eta musika ekitaldietan, baita Etxarrin ere”.
Emakume musikariei espazioa eta protagonismoa emateko antolatu du Etxarri Aranazko Udalak Emaplaza. Baina ez soilik plazako kioskoan. Emarock proiektuko argazki erakusketa maiatzean herriko tabernetan ikusteko aukera izanen da. Ibilbide eta estilo ezberdinak jorratzen dituzten emakume musikariak ikusteko aukera emanen du. Besteak beste, Maider Ansa eta Amets Larraza etxarriarrak eta Hesianeko Zuriñe Hidalgo ageri dira. Bestalde, larunbatean, 19:00etan, Saioa Cabañasek euskal emakume musikarien inguruan egindako dokumentala emanen da kultur etxean. Ondoren zuzendariarekin solasaldia izanen da.
Egitaraua
Emarock erakusketa
Maiatzaren 16tik 31ra arte, tabernetan.
Emarock. Iragana, oraina eta geroa
Maiatzaren 16an, larunbatean, 19:00etan kultur etxean. Dokumenatala.
Ansa ahizpak
Maiatzaren 17an, igandean, 19:00etan, plazan.
Hiru ahizpak kantuan, gitarra eta pianoz lagunduta. Euskal kantutegiaren errepasoa eginen dute.
Las guindillas
Maiatzaren 25ean, 19:00etan, plazan.
Zazpikotea igoko da kioskora. Aragoiko taldeak bizitasun, indar eta erritmoa ekarriko ditu.
Uluka
Maiatzaren 31n, 19:00etan, plazan.
Arabar laukoteak herri kantak, bertsio modernoak eta kantu propioak eskainiko ditu.