Etxarriko Osasungintza Euskaraz lantaldeak bulkatuta Mediku euskalduna nahi dut kanpaina egin da apirila erdialdetik hona. Eskaera hori egiten duten 592 sakandarren sinadurei Sakanako ikastetxe publikoetako orientatzaile guztiak eta ibarreko bi ikastolak batu zaizkie. Etxarritik kanpo kanpaina zabaldu izanaren arrazoiak bi dira. Batetik, Etxarriko Oinarrizko Osasun Eskualdeak Urdiain eta Lakuntza arteko herritarrak artatzen dituela, eta Emakumeari Laguntzeko Zentroak Sakanatik Leitza alderaino iristen da.
Etxarriko alkate Eneka Maizek Etxarriko Osasun Etxeko zuzendaritza euskararen erabilera bultzatzeko lankidetzarako prestutasuna nabarmendu zuen; “baina haien esku ezer gutxi dago. Egungo egoeraren ardura Nafarroako Gobernuari dagokio”. Hari zuzendutako eskaeretan plantilla organikoan euskara eskakizuna zehaztea eskatu dute, lehenik. Bigarrenik, dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea. Eta, azkenik, idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila (hizkuntza paisaia, agiriak, zitazioak, txostenak, aholku-zerrendak…). Maizek berak aurkeztuko ditu eskaerak heldu den astean.
Jasotako sinaduren aurkezpenean Etxarriko EHEko Maider Ansak gogora ekarri du Nafarroako Euskararen Legearen 10.1 artikuluak osasun zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea aitortzen duela. “Nafarroako Gobernuak, ordea, behin eta berriz entzungor egin dio bere eginbeharrari. Etxarriko plantilla organikoa ikustea besterik ez dago: 4 mediku lanpostutatik 1ek eta 4 erizain lanpostutik 2k dute hizkuntza eskakizuna” adierazi zuen Ansak, gaineratuz “egoera are larriagoa da Emakumeen Laguntzarako Zentroan lanpostu bakar batek ere ez baitu hizkuntza eskakizunik”.
Ikastetxeen kexa
Emakumeari Laguntza Zentroko Osasun hezitzaile lanpostuak. Sakana-Larraun-Leitza Eskola Barrutietako ikastetxeetako orientatzaileek salatu dutenez, “Orientazio Psikopedagogikoaren alorrean (…) Etxarriko Emakumeen Arretarako Zentroan diharduen sexualitaterako hezitzaileak funtsezko paper bat betetzen du”. Patxi Satrustegi: Aralarko Mikel Donea institutuko orientatzaileak gaineratu zuenez, “bere zereginen artean daude: aholkularitza lanak (bilerak, aholkuak, materialak…) orientatzaileekin, irakasleekin eta guraso elkarteekin; eta saio zuzenak ikasleekin ikasgeletan eta Arreta Zentroaren erakustaldietan”.
Orientatzaileen ordezkariak salatu zuenez, “Sexualitatearen Heziketa euskaraz eskaintzeak eskubidea izateaz gain oinarrizko behar bat da eskola komunitatearentzat. Kalitatezko Hezkuntzaren garapenak eta bermeak hizkuntzaren, Euskararen, betekizuna bere baitan behar du, berezkoa du”. Ikastetxeetatik, beraz, “Etxarri Aranatzen aritzen diren Emakumeen Arretarako Zentroko langileak euskaldunak izatea, eta bereziki Sexualitatearen hezkuntzan Sakana-Larraun-Leitza Eskola Barrutietako ikastetxeetan aritzen den profesionala”. Ikastolek eta zenbait irakaslek ere bere egin dituzte kanpainako eskaerak.
Kanpainaren datuak
Mediku euskalduna nahi dut kanpainaren sustatzaileak Kontseilua, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, EHE, Euskaltzaleen Topagunea, Behatokia eta UEMA izan dira. Sakanan egin aurretik sinadura bilketak egin dira Baztanen (60 sinadura), Leitzan (171) eta Bortzirietan (518).
Sakanan Etxarriko Osasungintza euskaraz lan-taldeak eraman du aurrera kanpaina. Lantaldea osatzen dute: Etxarri Aranazko Udala, EHE, Parekidetasun Batzordea, UEMA eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua. Hari laguntza eman diote: Etxarriko Osasun zentroa, Etxarriko liburutegia, Etxarriko eta Sakanako ikastetxeak eta AEK.
Sinatzaileen jatorriari dagokionez gehienak Etxarri Aranazkoak dira; asko Aranazkoak (Arbizu, Lakuntza, Ergoiena…); zenbait Burunda eta Arakilgoak (Bakaiku, Urdiain, Uharte Arakil, Altsasu, Olazti…); bakar batzuk Sakanaz kanpotik.
Etxarri Aranazko Osasun eskualdeko plantilla organikoa
Lanpostua Kopurua Euskara ezagutza eskaera
Zuzendaria 1 Ez
Erizaintza arduraduna 1 Ez
Familia medikua 4 1 bai, 3 ez
Pediatra 1 Bai
OLT-EUD 4 2 bai, 2 ez
Jagolea 1 Ez
1 admin. laguntzailea 1 Bai
Etxarriko Emakumeari Laguntzeko zentroa
Lanpostua Kopurua Euskara ezagutza eskaera
Ginekologoa 1 Ez
Emagina 1 Ez
Osasun hezitzailea 1 Ez
Administraria 1 Ez