Triku Trail Kirol Taldeak hainbat babesleren laguntzarekin batera –Etxarri Aranazko Udala, Xalok kirol nutrizioa, Sakana Kooperatiba eta makina bat establezimendu eta komertzio– II. Triku Trail mendi lasterketa antolatu du igandean, garagarrilaren 28an. Proba Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuko da, 9:30ean. Korrikalariek 21 km eta 1.400 metroko desnibel positiboa duen lasterketari egingo diote aurre. Probak 350 parte-hartzaileren muga dauka –aurreko urtean 300eko muga zegoen eta bete egin zenez, aurten beste 50 pertsona gehiagorendako tokia prestatu dute–, baina dagoeneko ez da dortsalik geratzen. Argi dago Triku Trailak arrakasta eta tiroia duela. Gainera, eguraldi bikaina aurreikusten da eta horrek are ederrago bilakatuko da lasterketa, ibilbidean bilduko diren ikusleendako, bereziki. “Oso pozik gaude erantzunarekin. Ez dugu ere proba gehiegi masifikatu nahi eta horregatik 350 kopurutik ez gara pasako, bestela kalitatean galduko delako. 350 korrikalari horiek zaindu nahi ditugu, zerbitzuekin eta lasterketarekin gustura geratu daitezen” adierazi dute Triku Trail taldeko Asier Beltzak, Mikel Sasiainek eta Aritz Munarrizek.
Harizti, pagadi eta trikuharrietatik barna
Etxarri Aranazko Trikuharrien ibilbidea oinarri hartuta, ibilbide hori luzatu dute antolatzaileek, mendi lasterketetan ibiltzen diren Etxarri Aranazko korrikalariek. Proba zorrotza izango da, baina ezberdina. Izan ere, mendi lasterketa gehienetan mendiak igotzera jotzen da, baina Trikutraila gehienbat basoan garatuko da, paraje zoragarrietan. Kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik hariztien eta pagadien artean ia estalita ibiliko dira korrikalariak. “Gure lasterketan halako mendi altuak ez izatearen konplexurik ez dugu izan behar. Sekulako basoa dugu, kilometro pila sartzea ahalbideratzen duena, kalitatezko proba antolatzeko. Korrika egiteko espeziala da. Gorabeheratsua da, malda gogorrak ditu, suabeagoak… ibilbide zirraragarria da, gogortasun asko ematen dio probari eta jendeari gustatu zitzaion. Horregatik erabaki genuen ibilbidea mantenduko dugula” adierazi du Trikutrail taldeko Mikel Sasiainek. “Jendea harrituta geratzen da, ez dutelako imajinatzen halako basoa dagoenik” gaineratu du antolakuntzako Aritz Munarrizek.
Horrela, kanpinetik aterata Maitzegurretik pasatuko dira korrikalariak, eta segidan Auntzetxetik. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira helduko dira. Ondoren Txaradigorri trikuharrira joko dute. Horixe izango da eremurik gogorrena, desnibel handiena baitu. Hortik Hirumugeta igoko dute, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbide zoragarritik jaitsiko dira, eta Etxarriko kanpineko helmugan despedituko da proba.
Aurreko urtean, lehen edizioan, 265 korrikalari iritsi ziren helmugara, tartean 30 sakandar. Ismail Razga (1:44:25) eta Uxoa Irigoien (2:06:31) izan ziren azkarrenak. Sakandarren artean, aldiz, Joxeja Maiza etxarriarra (1:57:32, 14. postua) eta Izaskun Beunza olaztiarra (2:32:19) izan ziren lehenak.
Sariak, opariak eta auzatea
Antolatzaileek 1.200 euro banatuko dituzte sarietan. Lehendabiziko gizonak eta emakumezkoak txapela, trofeoa eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek 200 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Lehen beteranoendako, lehen sakandarrendako eta etxarriarrendako ere trofeoak izanen dira eta Etxarriko campinean dagoen lehen kanpistak txapela jantziko du. Horretaz gain, korrikalari guztiek kamiseta teknikoak eta opariak jasoko dituzte eta proba ondoren auzate ederra egonen da proba jarraitzera hurbiltzen diren guztiondako. Gainera, sorpresak iragarri dituzte.
Proba antolatzeko makina bat lagun ariko dira lanean, 130 boluntario baino gehiago. “Proba honen atzean lan asko dago. Abendutik astero biltzen gara, lasterketa guztietan triptikoak banatu ditugu, bideoak eta beste egin ditugu, medioak zaindu ditugu… Bestetik, diru asko behar da antolatzeko. Horregatik oso eskertuta gaude babesle guztiei, bakoitzak bere aletxoa jarri duelako. Eta baita bolondres guztiei ere. Proba honen atzean herria dago eta herritar guztiak daude prest laguntzeko. Oso eskertuta gaude” azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek.
Txikienendako Trikutxikia
Aurtengo berrikuntza haurrendako Trikutxiki lasterketa izanen da, 9:45ean Etxarriko Etxarriko kanpingean izanen dena. “Proba hau ez lehiakorra da, neska-mutikoek ongi pasatzeko. Ibilbidetxo bat prestatu dugu haurrei korrika egiteko aukera emateko. Inork ez du irabaziko ez galduko, guztiok jasoko dutelako saria. Izena igandean bertan eman beharko da, eta dohainik izango da. Igandea txikienendako ere jai eguna izatea nahi dugu. Horregatik parte hartzera animatzen ditugu neska-mutikoak” diote Triku Traileko antolatzaileek.
trikutrail.wordpress.com
Probako informazio guztia, ibilbideen tracka barne. Facebookean ere (Trikutrail).