Aldazen eskutik Mark Tompkinsen ikastaroa

Guaixe 2015ko ira. 3a, 19:03
Mark Tompkins.

Dantza garaikideko prestakuntza saioa hilaren 21etik 25era izanen da, 10:00etatik 14:00etara, Atarrabiako kultur etxean.

Laida Aldaz Arrieta dantzari etxarriarraren ekimena da Sormen Trastelekua eta bere abiapuntua da: “nik izan ez nuen aukera eskaini nahi diet etorkizunean Nafarroako dantzariei”. Aldazek sortu eta finantzatutako proiektu horren bidez, beraz, Nafarroan dantza garaikidearen hezkuntza zabaldu eta indartu nahi du; “gorputz eta pentsamendukoaz aparte, kultur trukea ere sortu nahi dut”. Horretarako, arte eszenikoetako profesionalei gaur egun dantza garaikidean erreferentziazko diren izen handiko irakasleen eta artisten ondoan entrenatzeko aukera eskaintzen die etxarriarraren proiektuak.

Aldazek Aste Santuan David Zambranoren ikastaroa antolatu zuen. Euskal Herriko, estatuko, London eta Singapurreko 40 parte-hartzaile izan ziren. Oraingoan ere aurrekoaren egitura bera izanen dute prestakuntza saioek: astegunez, goizez, ikasleak Mark Tompkinsekin trebatzen ariko dira. Azken saioa, 25ekoa, irekia izanen da, publikoak ikus dezan. Gainera, irakasleak 23an, asteazkenean, 19:00etan Iruñeko Gaiarre antzokian bakarkako dantza saioa (Witness, Harry Sheppardi omenaldia, 1992) eta hitzaldia eskainiko ditu. Hura ikusteko 6 euro ordaindu beharko dira.

Irakasleaz
Mark Tompkins dantzaria, koreografoa, antzerki zuzendaria eta irakaslea da. Amerikarra sortzez Tompkins inprobisazioaren eta kontakt-inprobisazioaren erreferenteetako bat da Europan. 1983an I.D.A. konpainia sortu zuen. Identifikatu gabeko objektu performatiboak sortzeko duen modua bere sor-marka bihurtu da. Bakarkakoak, talderako piezak, kontzertuak eta dantza, musika, kantua, testua eta bideoa uztartzen dituzten ikuskizunak. Horiekin 70eko hamarkadan hasi zen eta 1988az geroztik Jean Louis Badet eszenografo eta diseinatzailearen konplizitatearekin segitu du.

Inprobisaziorako eta unean bertan konposatzeko Marken pasioak itzal handiko artistekin lan eginarazi dio. Europan mugimendu artistiko askoren sustatzaile izan da: kontakt, inprobisazioa, site-specific. Berrikuntza beti gogoan, dantza hainbat adierazpiderekin lotu ditu.

eltrasterocreativo@gmail.com
Izen ematea egin eta informazioa jaso e-posta horren bidez egin daitezke. Matrikulak 155 euro balio ditu eta 24 parte-hartzailerendako tokia dago.