Sakanatik hasi da harria mugitzen

Guaixe 2015ko abe. 14a, 18:41

Sakanako Sare dinamikak ilbeltzaren 9an Bilbon eta Baionan eginen diren manifestaldietara joateko deialdia egin du, ibarreko “desafioa” gainditu ondoren. Autobusez joan nahi duenak ohiko tokitan eman dezake izena.

Makina bat sakandar elkartu zituen Sarek larunbatean Etxarri Aranazko frontoian eta “harri erraldoi bat” mugitzea lortu zuten. Desafioa beteta, Sareko kideek dinamikak ilbeltzaren 9rako harriak mugi daitezen lelopean deitu dituen manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu zuen.

Saretik azaldu dutenez, “alferrikakoa da orain eztabaidatzen hastea noraino ailegatu nahi dugun bidean, harriak mugitzen ez badira, ez baitugu oso urruti iritsi behar”. Harria mugitzeko “prest gauden guztion artean ere ez dugula nahikoa indar denak mugitzeko aldi berean; eta, beraz, helburu lorgarrienetatik hasi eta larrienak kentzeari eman behar diogu lehentasuna”. Bautista Etxia plataforma horren adibide gisa jarri zuten: “hasieran susmoak sortu zituen hasieran; sektore anitzetara iritsiz oso pentsamolde ezberdineko tiratzaileen indarrak bildu zituen. Azkenean, tiraka eta tiraka, Bautista etxera ekartzea lortu genuen”.  

Gaixotasun larria duten presoen zerrenda luzatzen ari dela eta “horietako batzuk kaleratzea hil ala biziko kontua” dela gaztigatu zuten Saretik. “Espetxe politika aldatzeko eta sakabanaketa amaitzeko inflexio puntu batean aurkitzen gara. Kalean egoteko garaia da”. Horregatik, Bilbora joateko deia luzatu zuen Sarek. Tira eginez dispertsioarekin bukatzea, gaixo larri dauden presoak etxeetara ekartzea, baldintzak betetzen dituztenak kaleratzea eta zigorrak betetzeari buruzko Europako legedia aplikatzea eragozten duen salbuespeneko araudia bukatzea lortuko dela adierazi zuten.

Zama doinuz arindu
Izenburu hori du Sarek eta Etxerat-ek ilbeltzaren 10erako antolatutako elkartasun jaialdiak. Esne Beltza, Oreka TX, Maider Ansa, Ruper Ordorika, Vendetta, Naroa Gaintza, Tapia eta Leturia eta Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida (Sutagar) ariko dira, 18:00etan eta 20:00etan. Sarrerak 10 eurotan Etxarri Aranazko udaletxeko bulegoan, online bidez www.etxarriaranatz.eus eta Xapatero eta Leku Ona tabernetan daude salgai.