“Nekez aurki daiteke herri kirolak baino kirol garbi eta osasuntsuagorik”

Jesus eta Mikel Senar, Andra Mariko herri kirol entrenatzaileak.

 

1.- Jesus, noiz eta nolaz hasi zinen Andra Mariko haurrei herri kirol entrenamenduak eskaintzen?
J: 1990 inguruan hasi nintzen. Orduan tutore gisa nenbilen Andra Marin. Irakasle bat entrenamenduak egiten hasi zen, eta galdetu zidan ea prest egongo nintzatekeen ni ere horretan aritzeko. Animatu, eta geroztik hor nabil. Urte hauetan guztietan izugarri gozatu dut haurrak entrenatzen. Eta orain ere oso gustura dihardut.

2.- Hasi zinenetik gaur egunera gauzak asko aldatu dira?
J: Aldaketa handiena ikasleen izaeran somatzen dut. Hasierako urtetakoek erantzukizun gehiago zuten. Gurasoen jarrera ere desberdina zen. Gainean zeuden. Orduan seriotasun gehiago arnasten zen. Horrek ez du esan nahi gaur egungoak gaizki ari direnek, ezta gutxiago ere. Haurrak entrenamenduetara oso gustura etortzen dira, eta gauzak behar bezala egiten dituzte. Alabaina, lehen konpromiso aldetik maila bat gorago zeudela esan daiteke.

3.- Hori ikasleen partetik. Eta irakasleenetik?
J: Irakasleen aldetik ez da aldaketa esanguratsurik eman. Aldaketa handia izan duena arautegia izan da. Horrek ekarri duena da entrenamenduak kategoria guztietan parekatzea. Orain proba konbinatua astean bi edo hiru aldiz entrenatzen dugu, eta arpan saioak ikastolako atsedenaldietan egiten ditugu, astean hiruzpalau aldiz, haur eta kadeteekin. Sokatirari dagokionez, astean saioaldi bakarra egiten dugu.

4.- Orain zuk, Mikel, aitaren urratsak jarraitzea erabaki duzu.
M: Bai. Duela urte batzuk magisteritza ikasketak egin nituen Gasteizen, eta horren ostean Iñigo Aritzan umeekin lan egiteari ekin nion. Gero, aukera sortu zitzaidan Salamancan gorputz heziketako espezialitatea egiteko. Titulua urtebetean atera nuen. Gauzak horrela, denbora baten ostean Andra Marin soinketa irakasle postua lortu nuen. Kasualitatea, plaza aitak utzi zuen libre, jubilazioagatik. Andra Mariko gorputz hezkuntza irakasleak bere eginbeharretako bat bezala dauka herri kirolen antolakuntzaz arduratzea. Horrela iritsi naiz herri kirol taldera. Dena den, nik ez dut obligazio bat bezala ikusten, baizik eta hobby legez. Herri kirolak betidanik gustatu izan zaizkit. Etxean bizi izan dudana da. Txikia nintzenean aita ikustera joaten nintzen, eta horrek zaletasuna ernarazi zidan.

5.- Entrenamendutan batera aritzen zarete?
J: Joan zen urtean bai, baina aurten, lehen hezkuntzakoak eta DBHkoak eraikin desberdinetan daudenez, bakoitza bere aldetik ari gara. Ni haur eta kadeteekin nabil.
M: Nik kimuak, Lehen Hezkuntzakoak entrenatzen ditut. Hasieran kategoria guztiak elkartzeko asmoa genuen, baina ikusi genuen denbora gehiegi galtzen genuela. Hortaz, bi zatitan egitea erabaki genuen. Kimuek eraikin berrian entrenatzen dute, eta gainontzekoek eraikin zaharrean.
J: Dena den, banatuta aritzeak desabantailak ere baditu. Esaterako, kimuendako ona izaten da zaharragoekin entrenatzea, erreferentziak hartzen baitituzte. Dena den, alde horretatik ez dago arazo handirik, asteburuko probetan denek denen saioak ikusten baitituzte. Hori oso aberasgarria izaten da.

6.- Denera zenbat haur entrenatzen dituzue?
M: Aurten 104. Guztira bederatzi talde ditugu: lau kimutan, hiru haur kategorian, eta bi kadetetan.

7.- Erraza al da denak gobernatzea?
J: Bai, nahiko erraza da. Txikiak direla dinamika ezagutzen joaten dira, eta berehala ohitzen dira. Horrela, DBHn daudenean jada badakite nola egin behar duten lan. Herri kirolak asko gustazten zaizkie, beraz, diziplina aldetik ez da arazorik izaten.
M: Hor dago koxka. Ikasleek gogoz egiten duten jarduera bat izateak gure lana asko errazten du. Ez doaz behartuta, borondatez baizik. Horrela, entrenatzerakoan badakite zer egin behar duten, eta nolako portaera izan behar duten. Alde horretatik ikasleek asko laguntzen digute.
J: Bai. Portaera aldetik fin aritzen dira. Jarrera aktiboa izaten dute, parte hartzea asko gustatzen zaie. Gainera, beti daude ondokoari laguntzeko pronto, aholkuak nahiz animoak emanez.
M: Horrez gain, hasieratik garbi dute taldea dela irabazi edo galtzen duena. Gu beti saiatzen gara talde osoaren garrantzia azpimarratzen. Finalera iristen bagara, haurrei transmititzen diegu bertara talde bezala funtzionatzeagatik iritsi garela.

8.- Zergatik dago horrenbesteko zaletasuna Andra Marin?
J: Urte asko daramatzagu herri kirol entrenamenduak eskaintzen. Gainera, guk herri kirolak curriculumean sartuta ditugu. Soinketa irakasgaian unitate didaktiko bat eskaintzen diegu. Sei urte dituztenetik herri kirolak barneratzen joaten dira. Horrela, haurrengan zaletasun hori pizten dugu. Beti izaten dira bostgarren mailara iristeko irrikitan, orduan hasten baitira probetan-eta parte hartzen.

9.- Zeri ematen diozue garrantzi gehiago, irabazteari edota ondo pasatzeari?
J: Guk beti esaten dugu: irabazi edo galdu, berdin zaigu. Helburua da jolastuz gozatu eta harreman onak egitea. Eta hori oso aberasgarria da. Haurrek taldekide zein gainontzeko taldeetako jendearekin harreman oso onak egiten dituzte.
M: Bakoitza pixkanaka hobetzen joatea ere gure helburuetako bat da. Ez txapelketa irabazi nahi dugulako, baizik eta bakoitzak bere bertsiorik onena eman ahal izatea nahi dugulako. Emaitzek ez digute axola. Bai, ordea, ikasleen garapenak. Hobetzeko egindako esfortzua asko nabaritzen da denboraldi amaieran.

10.- Entrenamendutara jende gehiena joaten al da?
J: Esan bezala, ikasleen jarrera oso ona da, baino noski, herri kirolez gain eskolaz kanpoko beste hainbat ekintza izaten dituzte, dela ingelera, dela musika, edo dela beste kirol bat. Horregatik astean hiru egun jartzen ditugu, haurrek aukera izan dezaten gutxienez egun batean entrenatzeko. Badakigu hiru entrenamendutara joatea ezinezkoa dela, baina astean gutxienez behin entrenatzea beharrezkoa da.
M: Herri kiroletan taldearen koordinazioa da elementurik garrantzitsuena, eta entrenatu gabe zaila da talde bezala txukun aritzea.  Entrenatzeak berebiziko garrantzia dauka kirol honetan.

11.- Deskribatu zuen entrenamendu bat.
J: Asteburuko probetako ariketa berdinak egiten ditugu, baina gure artean. Kategoria bakoitzean talde bat baino gehiago dugu, beraz, proben simulazioa egiteko aprobetxatzen dugu.
M: Adibidez kimutan lau talde ditugu. Horrela, bakoitzak bere txokoan jarri eta bere saioa egiten du. Kimutan hasieran hiru talde egin genituen, baina ikusita jende asko genuela, talde bat gehiago osatzea erabaki genuen. Horrela, ume bakoitzak egun gehiagotan parte har dezake. Finean, kategoria honetan bilatzen duzuna da umeek parte hartzea eta berengan zaletasuna piztea.

12.- Laguntzarik izaten duzue?
M: Bai. Proba konbinatuko entrenamendutan Josu Murgiondoren eta Adrian Joaoren laguntza izaten dugu. Azkenean ikasle kopuru handiarekin gabiltza, beraz, laguntza behar beharrezkoa dugu. Aipaturiko biak ikasle ohiak dira, beti herri kiroletan ibili izan direnak. Gainera haurrak ezagutzen dituzte, beraz, giro paregabea izaten da entrenamenduetan. Bestalde, Josu Artzak ematen digun laguntza ere aipatzeko modukoa da. Hau trontzen mantenuaz arduratzen da. Eta sokatirako entrenamenduei dagokienez, gurekin aritzen dira Nerea Lizarraga eta bere ahizpa Belen.
J: Eta gero Etxarriko Udalaren laguntza ere hor dago. Materialarekin laguntzen digu, garbiketarekin… Eskertzekoa da. Entrenatzeko egurrak behar dira, eta eskatuz gero erantzuna beti primerakoa izaten da. Abantaila handia da guretzat.   

 13.- Umeek zer dute nahiago, proba konbinatua ala sokatira?
J: Haur eta kadete adinean normalean nahiago izaten dute sokatiran aritu. Sokatiran talde guztia dabil batera, ez zaude hain agerian, baina bestean erreleboko lana da, eta momentu batean zu bakarrik zabiltza, alegia, jende guztiak zuri begiratzen zaitu. Eta frontoiak jendez mukuru beteta egoten dira.
M: Guri berdin zaigu haurrak sokatiran aritzea, baina baldintza bezala jartzen dugu egunen batean proba konbinaturako norbait behar izan ezkero, honetan ere arituko direla.

14.- Aurten fin zabiltzate. Andra Mariko hainbat talde sailkatu dira asteburu honetan Berriozarren jokatuko den finalerako.  
M: Oso pozik gaude. Beti saiatzen gara kategoria bakoitzean gure taldeak finalean sartzen. Aurten kategoria bakoitzean talde bat sartu dugu finalean. Gauza honaino iristea da. Ondoren finalean edozer gauza gerta daiteke. Egun txarra izan dezakezu, edo aurkariren batek egun oso ona. Finalak galtzeak ez gaitu kezkatzen. Kezkatzekoa umeak gogorik gabe aritzea litzateke. Eta finalera iristen ez bagara ere ez da ezer gertatzen. Arestian esan bezala, badugu helburu garrantzitsuagorik.

15.- Beste kirolekiko zer berezitasun dute herri kirolek?
M: Gureak, hemengoak dira. Hori da beren lehen berezitasuna, eta garrantzizkoena. Euskal Herriko kirol herrikoi bat da, ez da beste nonbaitetik etorritakoa. Ikastetxean lantzen dugunean gure historiarekin lotu ohi dugu. Gure aiton-amonen lanei esker dugu orain kirol honetaz gozatzeko aukera, eta hori azpimarratu beharrekoa da.
Bestalde, nekez aurki daiteke herri kirolak baino kirol garbiago eta osasuntsuagorik. Biolentzia eta oldarkortasun arrastorik ere ez da izaten. Azken batean, lehiakideen artean ez dago kontakturik, eta horrek ika-mikarik ez izatea dakar. Bakoitza bere onena ematen saiatzen da, talde lanean, eta kito. Horrela, taldeen arteko harremana guztiz baketsua izaten da. Are gehiago, taldeak elkarri animatuz aritzen dira. Hori zaila da beste inon ikustea.
J: Horretaz guztiaz gain, kontuan hartu behar da kirol gutxitu bat dela. Esaterako, Nafarroan Sakanatik behera oso presentzia eskasa dauka. Nafarroa iparraldean osasuntsu dago, baina bestela ez da apenas praktikatzen. Hori dela eta, zaindu beharreko altxor bat dela uste dugu.

16.- Esku pilota ere gertu-gertutik ezagutzen duzue. Entrenatzerako garaian, bietatik zein duzue nahiago?
J: Talde-lanari erreparatuta, ni herri kirolekin gelditzen naiz. Bietan haurrekin ibilitakoa naiz, eta biak zoragarriak iruditzen zaizkit. Oso atseginak dira. Eta noski, hemengoak.  
M: Nik, galdera orain egiten ari zarenez, pilota aukeratuko dut, orain arte esperientzia gehiago baitut kirol horretan. Baina hemendik hamar urtera elkarrizketa hau berriz ere egiten badiguzu, agian beste erantzun bat emango dizut!