Udalak Basterretxearen Enneco obra jaso du

Guaixe 2016ko mar. 17a, 11:20

Enneco, haritzaren memoria parke laguntzeagatik, udalak eskultoreak egin zuen eskulturaren errepika jaso du.

Nafarroa Bizirik fundazioko presidente Patxi Abasolok Nestor Basterretxearen Enneco obra eman die Etxarri Aranatzeko alkate Eneka Maiz, kultura zinegotzi Lur Larraza eta kultura teknikari Amaia Ijurrari. Abasolok eta fundazioak horrela udalak Enneco proiektuaren finantzazioan lagundu izana eskertu dute. Aitortza bera jaso dute, besteak beste, Bergarako, Uharte Arakilgo, Arruazuko edota Arbizuko udalek.

Basterretxea  Enneco proiektuaren sustatzaileetako bat izan zen. Han jarriko den eskultura bat egin zuen. Basterretxeak zioenez, “obrak estatuaren gogortasuna eta mendeetan zehar Nafarroak jasan duen errepresioa adierazten ditu, baina baita herritarrek beraien kultura eta hizkuntza mantentzeko bilatu dituzten moduak ere”. 2013ko garilaren 2an Nestorrek Enneco proiektua hartuko zuen basoa ezagutu eta Etxarriko udal ordezkariekin bildu zen. Urte bat geroago hil zen sortzailea.

Obra
Enneco corten altzairuan egindako artelana da, eta honako neurriak ditu: 45x30x27 cm. Nestor Basterretxearen sinadura darama. Patxi Abasolok artelanaren benetakotasun agiria ere entregatu du, egiaztatzen duena 13/100 erreprodukzioa dela Etxarriko Udalaren esku utzitakoa.