Iñigo Gonzalez, Patxi Arratibel (Xafan), Gorka Mayo, Iker Moreno eta Gorka Zabala Guardia Civilak 2011ko urtarrilaren 18an Ekinen aurkako sarekada batean atxilotu zituen. Grande Marlasca epailearen aginduz izan ziren auziperatuak. Lau eta bost egun artean inkomunikaturik egon ondoren atxilo hartutako guztiek torturak publikoki salatu zituzten. Arratibelek adierazpen ofiziala sinatzeko erabili zuen “Aztnugal” hitza, hau da, laguntza alderantziz, torturaren salaketaren sinbolo bihurtu dute.
2015 urteko maiatzean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiar estatua zigortu zuen Arratibelek egindako tortura salaketa ez ikertzeagatik. Bost auziperatuak urte eta erdi kartzelan egon ziren atxilotuak izan ondoren. Ostegunean epaiketa izanen dute Madrilen. Fiskalatzak zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen du. Epaiketa hasteko egun gutxi falta direnean, Patxi Arratibelekin egoteko aukera izan du Guaixek.
Nola gogoratzen duzu Ekinen aurkako sarekada?
Gure atxiloketa hobe ulertzeko atzera joan behar dugu, 2010. urtera hain zuzen ere. Oso urte oparoa izan zen politikoki, urte hartako otsailean, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria sinatu zuen, irailean Gernikako akordioa sinatu zen, eta 2011ko ilbeltzean ETA-k adierazi zuen su eten iraunkor orokor eta egiaztagarri bat. Su etenaren ondoren gure atxiloketa gertatu zen.
Zenbat atxilotu izan zineten sarekadan?
Sei atxilotu izan ginen guztira, horietatik bat aske geratu zen Auzitegi Nazionalean eta gainontzeko bostak espetxeratuak izan ginen. Sarekada hau baino lehenago, Ekinen aurkako beste operazio bat izan zen, eta bertan Joxe Aldasoro sakandarra atxilotu zuten. Ekinen aurkako bigarren sarekada izan zen gurea. Madrilgo hainbat kartzelatan sakabanatu gintuzten, eta urte eta erdi espetxean egon ginen.
Zer irakurketa egiten duzue zuen epaiketaren inguruan?
Alde batetik gure lan politikoa kriminalizatu nahi dutelako atxilotzen gaituzte. Guk egiten dugun gauza bakarra Euskal Herriaren asakatasunaren aldeko lan politikoa da. Besteak beste, bilerak, hitzaldiak, kontzertuak antolatu, hori da kriminalizatu nahi dutena. Eta gurea, beste batzuk bezala epaiketa politiko bat izanen da.
Bestalde, guretako torturaren aldagaia aipatzea garrantzitsua da. Esan beharra dugu epaiketa hau torturapean oinarrituta dagoela. Gu denak torturatuak izan ginen eta horren bidez inkulpazio eta autoinkulpazioak lortu zituzten. Gatazkaren konponbidea bilatzen ari garen honetan ez du ez buru ez hankarik epaiketa honek. Lortu dituzten froga gehienak torturaren bidez lortu baitituzte.
Trtura horiek ikertu al dira?
Salatu genituen tortura guztiak Nafarroako Auzitegiak itxi egin zituen. Nire kasuan, Estrasburgora eraman genuen salaketa, eta hor zorte gehiago izan genuen Espainia zigortu egin zutelako nire tortura kasua behar bezala ez ikertzeagatik.
Askapena, edota Segura Operazioko epaiketetan akordio batera iritsi dira, zuen epaiketarekin antzeko zeozer gerta litekeela uste duzue?
Oraindik ez dakigu ezer. Hau nik pertsonalki pentsatzen dudana izanen litzateke. Gaur egun Madrilen, Euskal Herritarren aurkako epaiketek ez dute lehen bezain beste saltzen, badirudi garrantzi eza horrek akordio batzuk ahalbidetzeko bidea erraztu duela. Dena den, gure kasuan ez dakit zer gertatuko den. Beste kasuekin gertatutakoak ez dakit zehazki garai berri bat irekitzen duen ala ez.
Jardunaldi, hitzaldi, kontzertuak, ekitaldi ugari antolatu dituzue hilabete hauetan, ezta?
Bai, bi bide eraman nahi izan ditugu antolatutako gauza guztietan. Batetik tortura salatzea, eta bestetik epaiketa politikoen zentzugabekeria. Lan politikoa egiteagatik inor ez litzateke epaitua izan beharko. Kondestable jauregian torturaren inguruko hitzaldi bat egin genuen hainbat adituren laguntzarekin eta arrakasta handia izan zuen. Horren bidez jakin genuen gizartean torturaren inguruko sentsibilizazio handia dagoela.
Nafarroako Parlamentuan ere izan zarete ezta?
Bai, lan-saio batean parte hartu dugu. EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren babesarekin Parlamentuan egoteko aukera izan dugu. Gure kasua aurkeztu dugu bertan, baita lehen aipatu dizudan Ekinen beste aurkako sarekadarena ere. Torturari dagokionez, gure testigantzen zatiak irakurri ditugu eta hainbat dokumentu aurkeztu ditugu egiaztatzeko asmoarekin. Horrekin batera, epaiketa politikoen zentzugabekeria nabarmendu nahi izan dugu.