1. Zergatik monozikloa?
Duela hiru urteko sanferminetan Bosquecillon jartzen dituzten postuetan ikusi nuen bat eta arreta eman zidan. Ikasi nezakeela pentsatu nuen eta urtebetetzerako gutxi gelditzen zenez opari aurreratu bezala hartu nuen. Hasierakoak nahiko merkeak izaten dira eta probatzeak merezi du. Orain arte. Hasieran ez nekien horrenbeste gustatuko litzaidakeenik.
2. Erabiltzen nola ikasi zenuen?
Hasierako gomendio bezala esan zidaten poste bati bueltak ematen hasteko. Gero pixka bat solte ibiltzen hasten zara eta ongi sentitzen zarenean saiatzen zara pausu batzuk bakarrik egiten. Burugogor jarri behar zara eta, azkenean, lortzen duzu. Ez zara askotan erortzen. Hasieran agian baina aurreraka erortzen zarenez zutik bukatzen duzu, beraz, minik gabe. Bataz besteko hamabost ordu behar dira monozikloan gustura sentitzeko. Pertsonaren arabera ere bada.
3. Aurretik monozikloaren inguruan informazioa zeneukan?
Ez nuen inor ezagutzen, ezta zer egin zitekeen ere. Niretako ibiltzeko tresna bat zen.
4. Zure kabuz ikasten hasi zinen. Nolako entrenamenduak egiten dituzu orain?
Talde bat ezagutu nuen eta Gasteizen urtero topaketak egiten dira. Hasieran hurbildu nintzen eta jendea gaian sartuagoa zegoen. Gero mendian ibiltzeko aukera zegoela jakin nuen eta mendirako monozikloa erosi nuen. Gero saltoak egiteko monozikloa. Trukoak egiten hasi nintzen, mendia jaisten...
5. Beraz, monoziklo mota desberdinak daude?
Bai. Adibidez distantzia luzeetarako direnak gurpil oso handiak dituzte, hogeita hamasei hazbetekoak edo, gero mendian ibiltzekoak daude ere, gogorragoak dira. Gero kalean ibiltzeko direnak eta trukoak edo saltoak egiteko. Artistikoak ere badira, irristaketa artistikoan bezala baina monozikloarekin koreografiak egiten dira. Nik hiru monoziklo ditut. Bat utzita daukat eta beste bat saldu nahian. Motaren arabera prezio desberdinak dituzte, baina gutxi gora behera 60 euro kostatzen dute. Garestienak 300 edo 400 euro.
6. Eta monozikloarekin denetarik egiten duzu?
Bai. Orain adibidez hockeyan jokatu behar gara. Azken aldian mendian ibiltzen naiz gehien bat eta trukoak egiten ditut ere. Elurretan ere ibili gara. Sakana bi aldiz zeharkatu dut Sakanako bizikleta egunean. Lehenengo aldia zaila izan zen, bigarrena askoz hobe.
7. Ikastaroak egin dituzu?
Gehienok bakarrik ikasi dugu. Baina gero elkartzen gara eta bakoitzak bere estiloa dauka... Nik zerbait ikasi badut saiatzen naiz beste bati irakasten. Gauza berriak frogatzen ditugu. Lagun batek ikastaroak ematen ditu eta ikastaroan daudenek askoz azkarrago ikasiko dituzte gauzak egiten. Gerta liteke zuk gauza bat ikastea eta modu zailenean ikasi izana.
8. Non entrenatzen duzu?
Beasainen. Han ibiltzen gara. Elkartzeko gune bezala da. Lagun talde bat gara. Bertan lagun bat, Aritz Zeberio, elkarte bat sortzen ari da eta toki gehiago dago. Gauzak egiteko aukera gehiago. Formalizatzen saiatzen ari gara.
9. Eta zenbat denbora entrenatzen duzu?
Nire gogoen arabera ateratzen naiz. Azken aldian gaixo egon naiz eta gutxiago atera naiz baina ia egunero entrenatzen dut. Entrenamendu gogorrak egin ditzazket baina egun batean ez badut gogorik zerbait egiteko ez dut egiten. Ez daukat entrenatzailerik.
10. Txapelketetan parte hartu duzu?
Bai. Lagun horrek, Aritzek, Munduko txapelketa antolatu behar du Donostian agorrilerako. Orekan bizi naiz taldea sortu du ere eta haiekin ikustaldiak eta ikastaroak ematen ditu. Txapelketetan parte hartzea librea bezala da. Aurtengo udan Italian Europako txapelketan egon ginen bi astez. Hirurogeita hamar hoberenen artean gelditu nintzen, azken fasera iritsi nintzen. Orain dela bi urte Montrealen izan zen Munduko txapelketa eta aurten Donostian. Hain gertu izanda aukera ezin hobea da.
11. Zer lantzen da monozikloan?
Esaten dutenez dena lantzen da. Oreka argi dago. Baina dena lantzen da: hankak ibiltzeko, eskuak oreka mantentzeko, salto egiteko gorputza, bizkarra mugitzeko...