Auzipetuen aldeko Elkartasun Eguna

Guaixe 2016ko api. 22a, 13:20

Elkartasun Egunaren antolatzaileek Joxe Aldasoro eta Patxi Arratibelen askatasunaren alde “indar berezia” eginen dute aurtengo edizioan. Biak ere Ekin-en kontrako sarekadetan atxilotu eta auzipetu zituzten. Arratibel fiskaltzarekin akordioa lortu ondoren aske gelditu zen eta Aldasoro maiatzaren 17an epaituko dute Madrilen.

Biharko egunaren antolatzaileak epaiketa politikoen kontra azaldu dira. “Independentistak, ezkertiarrak izateagatik jazartuak, atxilotuak, torturatuak, espetxeratuak eta sarri, epaituak dira”. Sakanan auzipetuen zerrenda gogora ekarri dute: Ekaitz, Ruben, Adur eta Fran. Haiei eta senideei elkartasuna adierazi diete. Mozal Legea eta Zigor Kodearen salatu dituzte. Epaiketa politikoen kontra eta bi etxarriarren askatasuna eskatuz eginen den manifestazioak makina bat sakandarren atxikimendua jaso du, baita ELA eta LAB sindikatuena ere. Azkenik, errepresaliatu guztiei elkartasuna adierazi diete eta etxean eta aske nahi dituztela gaineratu dute.

Egitaraua
11:00etan Puzgarriak.
12:00etan Zorri azoka.
15:00etan Joxe eta Xafanen aldeko bazkaria.
18:00etan Aizkora eskolaren erakustaldia.
20:00etan Manifestazioa: Epaiketa politikorik ez! Xafan eta Joxe aske!!!
21:00etan Bide batez erromeria.