Urte hasieratik kantxetatik kanpo egon da Aitor Zubieta pilotaria. Urte bukaeran, Irribarriarekin batera Binakakoa jokatzen ari zela, txapelketa utzi behar izan zuen etxarriarrak. Migel Merinok ordezkatu zuen. Atzelari etxarriarrari ilbeltzaren 5ean ebakuntza bikoitza egin zioten. Batetik, eskuin belauneko meniskoaren haustura osatzeko ebakuntza egin zioten, eta, bestetik, ezker hankako Aquiles-en tendoiko lesio kronikoa osatzeko ebakuntza. Aspe bere enpresak orduan azaldu zuenez, etxarriarrak gutxienez 6-9 hilabeteko epea beharko zuen kantxetara bueltatzeko. Baina epea laburtu da, Zubieta igandean, maiatzaren 8an itzuli baitzen frontoira.
Bergaran jokatu zuen etxarriarrak, Pablo Berasaluzerekin bikotea osatuta, Artolaren eta Rezustaren kontra. Nahiz eta galdu, irudi ona eman zuen Zubietak eta inolako arazorik gabe despeditu zuen partida. Oso lehia borrokatua izan zen, xehetasun txikiek erabaki zutena eta edozein aldeetara erori ahal zena.
Gertutik: Aitor Zubieta, pilotaria
Zer moduz zaude Aitor?
Oso kontentu nago. Berriz ere kantxetan, zuriz jantzita, martxa horretan... hori oso garrantzitsua da. Badakit oraindik asko falta zaidala lehengo mailara iristeko, partida batzuk beharko ditut gorputza ohitu, erritmora jarri eta maila hartzeko, baina oso pozik nago berriz ere jokatzen ari naizelako.
Ebakuntza bana hanka bakoitzean. A ze panorama!
Ezker oinean Aquilesa hautsi nuen eta eskuineko belaunean baneraman meniskoko arazoekin denbora nahikoa, eta bi ebakuntzak batera egiteko aprobetxatu genuen. Lehen egunetan nahiko zaila izan zen. Ez zen panorama ona, baina egunez egun hobetzen joan nintzen eta orain ongi nago.
Osatze epea azkartu duzu. 6-9 hilabete beharko zenituela aipatzen zuen enpresak.
6-9 hilabete esan zidaten izango zela gauza, baina lehen egunetik lanean hasi nintzen eta medikuek segituan esan zidaten azkar zihoala eta prozesua azkarrago joango zela. Aurretik izan ditudan ebakuntzetan ere horrela gertatu izan zait. Zortez, laugarren hilabetean atera naiz, lau hilabete egin berritan.
Errehabilitazioa gogorra izan da?
Errehabilitazio asko daramatzat, ebakuntza dezente izan ditudalako. Badakit nola diren eta hau ere oso gogorra izan da. Lan asko egin beharra dago, bereziki hasieran. Elastizitatea, mugikortasuna, ibiltzen ikasi behar duzu... gogorra egiten da, ordu asko dira eta isilpeko lan asko. Baina buruan beti izan behar duzu helburua, horrek gero ondorio bat ekarri behar duela, kantxetara itzultzea. Horrek ematen dizu indarra. Gogorra bai, baina merezi du. Gainera, berez nahiko pertsona positiboa naiz, alaia, eta horrek laguntzen du. Badakizu hilabete latzak datozela eta eguneroko lana dagoela buru-belarri egin beharra. Etxekoen laguntzaz, beraiek ere asko agoantatzen baitute, aurrera egiten duzu.
Zer moduz joan zen igandeko partida?
Entrenamenduetan hobe sentitu nintzen. Partidetan badakizu, pilota biziagoak izaten dira, erritmoa altuagoa, tentsio puntu hori... Lehen zatian ez nintzen horren eroso sentitu. Jartzea kostatu zitzaidan, pilotak biziak ziren... hala ere partida txukuna egin nuen. Bigarren zatian erosoago, kantxan ibiltzen hobeto, gorputzaren nagiak hautsita edo berotuta... hobeto. Enpresak partida zaila jarri zidan lehena izateko, goi mailakoa. Beste modu batean hastea egokiago izango zela uste dut, erritmoa hartzen joateko, baina lehen momentutik errealitatean jarri ninduen enpresak. Dena den, ia-ia irabaztekotan izan ginen. Pablok lan polita egin zuen eta nik, nahiz eta zein mugak ditudan jakin, kontentu bukatu nuen.
Hemendik aurrera zein dira helburuak?
Enpresak ongi ikusi nau eta hurrengo lauzpabost partidetan espero dut konfiantza hori hartzea, kantxan nire lekua aurkitzea eta eman behar dudan maila hori berreskuratzea. Oso argi dut non ditudan gabeziak eta horiek hobetu beharra daukat. San Fermin Torneorako tope-topera egon beharra dut, enpresaren esanetara. Bakoitza bere ogibidean dago gustukoen. Pilotari sentitzea garrantzitsua da, entrenatu bakarrik ez, kantxara irten beharra dago eta oso pozik nago.