Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrekin (AVT eta Dignidad y Justicia) akordioa lortuta, 3/2013 sumarioko bederatzi auzipetuak epaiaren zain gelditu dira. Ekinekoak izatea egotzita Joxe Aldasoro Jauregi eta beste zortzi euskal herritar epaitzekoak ziren hurrengo hiru asteetan. 9 eta 15urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen zituzten haiendako. Dignidad y Justiciak esana zuen ez zuela akordiorik nahi, baina jarrera aldatu eta akordioa lortu zuten atzo.
Segurako auzikoek eta Ekineko aurreko epaiketan adostutako testuan jasotakoa da bederatziek onartu dutena. Hala, egotzitako gertakariak aitortu dituzte (bilerak egitea eta dokumentazio politikoa izatea) eta onartu dute jardun hori legez kanpokoa zela. Gainera, uko egin diote indarkeriaren erabilerari, eta beren nahia agertu dute horrekin “terrorismoaren biktimen erreparazioari ekarpena egin diezaion, eragin zaien min eta sufrimenduagatik”. Akordioaren arabera Aldasorok bi urteko espetxe zigorra eta epe berean kargu publikoa izateko inhabilitazioa jaso du. Etxarriarrak ez du kartzelan sartu beharko,(inkomunikazio aldian torturak salatu zituen eta behin behinean 22 hilabete eman zituen) eta inhabilitazioagatik Etxarri Aranazko Udalean zinegotzi kargua utzi beharko du.
Adierazpenak
Bederatzi auzipetuak sentipen “gazi-gozoekin” bueltatu ziren Euskal Herrira. Haietako bati jarritako zigorragatik espetxera bueltatzeko aukera dago, “baldintzapean askatasunean zuzenean jartzeko aukera dago”, azaldu digu Aldasorok, “baina oraindik ez da argitu”. Bederatzien sentipen “gazi-gozoa” ere azaldu digu: “akordioa sinatu dugu, baina ez da justiziarik egin. Lan politikoa egiteagatik zigortu gaituzte”.